Joxean Agirre
Elkarrizketa
Pantxike Elortza
Sakabi trikitilariaren bidelaguna

«Senarrak ez zekien soinua jo gabe bizitzen»

Trikitiaren historiak mende eta erdi ditu ozta-ozta. Pantxike Elortzak, Sakabiren alargunak, 100 urte egin berri ditu eta historia horren zati nagusiena ezagutu du, pasarte asko bere etxeko sukaldean.

Ezagutzen diren trikitilari zaharrenak 1862az gero jaiotakoak dira. Faustino Azpiazu, Sakabi 1916an jaio zen Lasturren, Deban, eta 1995ean hil zen. Joxe Mari Urkola, Egañazpi zestoarrarekin batera gerra ondorengo trikiti bikote famatua osatu zuen. Sakabi eta Egañazpik trikitiaren historiako pasarte asko idatzi zituzten eta Pantxike Elortzak, Sakabiren alargunak, gertutik bizitu zuen historia hori, Gipuzkoan gerra ondorengo loraldiarena bereziki. Azpeitiko bere etxeko sukaldean askotan ikusi izan ditu Elgeta, Maltzeta, Auntxa, Iturbidetarrak...

Azpeitiko Baigera zaharren elkartean arratsaldero mahai bat hartzen du emakume talde batek karta jokoan egiteko. Mahai buruan Pantxike Elortza esertzen da. «Bakoitzak zentimo bana jartzen dugu seiko urrean jokatzeko, eta, hala ere, batzuetan haserretu egiten gara», dio. Abuztuaren 3an 100 urte egin zituen. Ez du inolako osasun arazorik, ez bada zangoetan indar falta. Bastoi batekin dabil. Adin horretara iristearen arazo larriena lagun berriak egin beharra omen da, lehengoak hiltzen doazelako.

Noiz eta nola ezagutu zenuen Sakabi?

Ene, Jesus eta Maria! Artean gerra bukatu gabe egongo zen, Faustino soldadu baitzegoen. Zestoako bainuetxera ekarri zituzten eta handik etortzen ziren etxera. Nik hogeita pare bat urte izango nituen, 1914an jaioa bainaiz. Abenduko Ama Birjin egun batean izugarri eguraldi hotza egin zuen. Elizatik atera eta behe-barru batean sartu ginen kuadrillan eta han ezagutu genuen elkar. Ondoren Madariagako erromeriara joaten ginen.

Madariagako erromeriara joaten zinela esan duzu. Ezagutu al zenuen Jose Manuel Aranbarri, «Madariaga Txikia» trikitilaria?

Ezagutuko ez nuen bada. Auzo horretakoa zen. Gurea [Faustino] harekin hasi zen ikasten artean mutikoa zela. Igande goizetan zazpietan mezatara joan eta Madariaga Txikiak bere etxera eramaten zuen soinua jotzera. Bere maisua izan zen, beraz. Handik urte askotara gureari Aittola Berrin omenaldia egin ziotenean Madariaga Txikia agertu zen bertan eta hala esan zion: «Lehen nik erakusten nian eta orain, alderantziz, hik erakusten didak niri». Oso umore onekoa zen.

Iñigo Aranberriren liburuan kontatzen denez, Faustino umea zela, Mendekoste egunez Izarraitzen egiten zen erromeriara eraman zuen aitak. Han soinu txikia jotzen entzutean txundituta geratu eta bere osaba Anton Baltzolarekin hasi omen zen ikasten.

Anton Baltzolarekin hasi zen ikasten Zestoan, baina ez zen bere osaba, aitaren lehengusua baizik. Gero hasi zen Madariaga Txikiarekin eta maila batera iristean honek Elgetarengana joateko gomendatu zion aitari. Eta 16 urte zituela hasi zen Elgetarengana joaten. Elgeta Eibarren bizi zen eta sekulako bidea egin behar izaten zuen harengana iristeko: etxetik Azkarate gainera ordubeteko bidea zuen. Han Elgoibarrera zihoan goizeko autobusa hartzen zuen, eta, Elgoibarren, trena Eibarreraino. Bazkal aurretik saio bat egiten zuten soinuarekin eta bazkal ondoren beste bat; ostean, seietako trena hartzen zuen alderantzizko bidea egiteko. Elgoibarren, ordea, ez zuen autobusik eta oinez igotzen zen Azkarate gaineraino eta handik jarraitzen zuen etxera. Ordu batzuetako bidea da hori. Gero gerra etorri zen, baina gerra ondoren ere Elgetarekin jarraitu zuen ikasten, auzoko baserri batean, Laxaronean, egon baitzen Elgeta bolada batez. Oso lagunak ziren gurea eta Elgeta. Oso etxekoa genuen. Askotan egoten zen gurean.

Trikitilarien artean kontatzen da baserriz baserri trikitia erakusteari utzi eta etxerik gabe geratu zenean zuek zuen etxea eskaini zeniotela.

Ez dakit bizitzen gurean gelditzeko eskaintzarik egin genionik, baina denboraldiak egiten zituen gurean. Gauean bere zigarroak egiten uzten genuen sukaldean eta gu ohera joanda ere berak esna jarraitzen zuen, berandu oheratzea eta berandu jaikitzea gustatzen baitzitzaion.

Itzul gaitezen Sakabi baserrira. Faustinoren aita, Sebastian Azpiazu, petrikilo famatua izan zen. Ezagutu al zenuen?

Juxtu-juxtu ezagutu nuen, baina haren berri mundu guztiak zekien garai hartan. Bere amarengandik zetorkion nonbait gaixoak sendatzeko dohain hori. Azkoitiko familia ezagun bateko semeari, esate baterako, erabateko etsipena eman zion herriko medikuak, Arzuaga izeneko batek. Sasi-medikuen oso kontrarioa zen. Familia horrek gauez ekarri omen zuen Faustinoren aita etxera eta semea bizirik atera zuen. Ez dakit egia izango den, baina kontatzen da baita Arzuaga sendagile horrek berak ere seme bat gaixotu eta deitu ote zion. Baina Faustinok esaten zuen ez zekiela hori egia ala gezurra zen.

Zerekin sendatzen zituen gaixotasunak?

Belarrekin. Egosi-eta egiten zituen belarrak. Nahi gabe ere gaixotasunak diagnostikatu egiten omen zituen. Baserri batera joan, eztul pare bat entzun eta horrelako edo halako gaitza dauka horrek esaten omen zuen.

Gipuzkoa osoko erromerietara iristen zen Sakabi. Nola egiten zituen joan-etorriak?

Leku askotara oinez joaten ziren eta bidearen zati batzuk trenez edo autobusez eginda beste askotara. Oso gerora erosi zuen Egañazpik Lambretta bat, eta biak motoan ibiltzen ziren dotore asko. Iturrioztik, esate baterako, soinua bizkarrean zuela oinez itzultzen zen etxera. Hiru eguneko egonaldiak egiten zituzten. Egun batean Iturriotzen joko zuten, hurrengoan Aiako San Pedron eta segidan beste lekuren batean. Bi, hiru eta lau erromeria egiten zituzten igual.

Hiru edo lau egun segidan soinua jotzen etxetik kanpo ibili ahal izateko, zer lanbide zuen?

Gerran bi aldiz oso larri zaurituta egon zen. Bala bat zuen barruan eta gaizki egindako ebakuntza bat. Faja batekin ibiltzen zen eta sendagileek ez zuten ulertzen nola ibil zitekeen ibiltzen zen bezala. Gerrako elbarrien pentsioa jasotzen zuen. Legez ezin zuen lanik egin eta abarkak konpontzen ibili zen garai batean. Arrabalean etxape batean zuen konponketarako tailerra eta bere lagun guztiak han izaten zituen inguruan. Ondoren Fernando Olaizola mueble fabrikarako tailak egiten ibili zen. Bolada batean fabrikan bertan ere ibili zen lanean. Ez zuen arazorik izaten deitzen zioten erromeria, despedida eta ezkontza guztietara joateko. Urteko asteburu gehienetan bazuen zerbait. Dena den, 60 urterekin erretiratu behar izan zuen, erreumak jota; berak askotan esaten zuen zauriek izan zezaketela zerikusirik gaitzarekin.

Asteburuak hartuta zituela esan duzu. Ez al ziren etxera zeharo nekatuta itzultzen?

Ez. Soinua jotzeko zaletasun izugarria zuen eta uste dut ez zela aspertzen. [Itziar alabak laguntzen dio: ehun pieza ezberdin jotzen zituztela esaten zuen. Orduak egiten zituzten jotzen, baina ez zen nekatzen gaixotu zen arte, noski]. Hori bai, dena blai eginda ibiltzen ziren, hiru eta lau orduko erromeriak izaten zituztelako. Eta goizean hasi eta biharamunean goiz aldera bukatutako egun asko izaten zituzten.

Etxean jotzen, beraz, gutxitan entzungo zenioten?

Etxean ere etengabe jotzen jarduten zuen. Soinurik jo gabe ezin zen bizi. Joxe Mari Altuna, herriko bandako zuzendaria, etxean askotan izaten zen, eta, hura ez bazen, txistularien bandako zuzendaria. Beti zuen ondoan musikariren bat. Horietako bat hanka-motza zen eta gogoan dut nola gure Jabier zenak [alaba eta bi seme izan zituen eta Jabier hil egin zen], mutikoa zela, hanka falta zitzaiola oharturik, galdetu zion: «Ene! Non duzu beste hanka?». Eta ez zekiela zein lekutan gordeta utzi zuen edo horrelako zerbait erantzun zion. Joxe Mari Altunarekin solfeoa ikasten ibili zen gurea. [Alabak laguntzen dio: oso belarri fina zuen. Irratian kanta berriren bat entzuten bazuen, niri deitzen zidan, zaharrena nintzelako-edo, kanta hori gogoan har nezan eta gero kantatzeko agintzen zidan. Horrela ateratzen zituen kantak. Altunak zuzentzen zizkion nota batzuk eta aurrera. Sekulako grina zuen musikarako. Ez zuen besterik buruan. Beethovenen bizitzari buruzko pelikula bat ikusten hasi eta negar piloa egin nuen nik aitarekin gogoratzen nintzelako, genero oso ezberdinak izanik ere, pasio berdintsua baitzuen]. Gureak egunero jotzen zuen eta, hala ere, sekula ez zen kexatu ingurukorik. Erretiratu eta gero ere ikasleak etortzen hasi ziren, tarteka neska gazteak ere bai, hasita baitzeuden ordurako, eta ateratzen zuten zarata entzunda ea zer pentsatzen zuten galdetzen nien, baserri batean zeudela? Baina berdin-berdin jarraitzen zuten.

Faustinoren argazki eta soinurik gordetzen al duzue?

Gu lehenbizi Eliz kalean bizi izan ginen eta Erdi kalera pasatu ginen gero. 2007ko apirilean suak erre zuen etxea eta ni oso larri atera ninduten suhiltzaileek. Bere bi soinuak, grabazioak, argazkiak eta beste hainbat oroigarri suak hondatu zituen. Oso gauza gutxi salbatu zen.

Trikitilari batzuek kontatzen dute askotan joaten zirela zuen etxera eta batzuetan goizeko ordu txikietan gainera.

Ni ohean nengoela etortzen ziren, goizeko lauetan igual, eta ezin izaten nuen lorik egin haiek sukaldean builaka zirela. Beren ibilerak gure etxean bukatzea gustatzen zitzaien. Hirurogei urte zituela utzi behar izan zuen soinua gureak, besoetan mina jartzen zitzaiolako, baina erakusten jarraitu zuen eta Erdi kaleko etxe horretan hartzen zituen ikasleak. Eta, esan dudan bezala, auzokoak ez ziren kexatzen. [Alabak: oso gizon ona zen eta uste dut horregatik ez zirela kexatuko. Ni saiatu naiz aitaren inguruan zerbait txarra entzuten, baina ez dut ezer entzuterik lortu]. Ezer txarrik ez, baina gauza xelebre asko bai. Behin Arroara joan zen jotzera eta gauean ohean sartu zenean zerbait mugitzen zela iruditzen omen zitzaion. Esan omen zion goizean etxeko andreari eta triku bat aurkitu zuten ohe barrenean. Etxeko mutil kozkorrek jarri zioten nonbait. Horrelako kontu asko ekartzen zuen.

Zu tarteka joaten al zinen senarrarekin batera edo bestera?

Gizonak bakarrik ibiltzen ziren. Oso gutxitan joaten nintzen berarekin eta joaten nintzenean garaiz alde egin nahi zuelako izaten zen. Gogoratzen naiz behin ea Urtetara lagunduko al nion galdetu zidala eta ea zergatik lagundu behar nion esan nionean garaiz itzuli nahi zuelako zela erantzun zidan. Beheko suan prestatutako bazkaria jan genuen etxe batean eta erromeria bukatu zenean autobusa hartzera jaitsi ginen.

1970ean Trinitate plazan txapela irabazi zuenean han izango zinen, ezta?

Bai, bai. Sekulako jendetza joan zen txapelketa ikustera eta gu ere tartean ginen. Jende asko geratu zen kanpoan, plazan lekurik ez zegoelako. Gero adin batetik aurrera omenaldiak egiten hasi zitzaion jendea eta omenaldietara bai, joaten nintzen. Lehena bera jaio zen auzoan egin zioten. Aittola Berriko jatetxean bildu ginen. Eta erromerietara urte askoan joandako lekuetan hasi ziren gero. Usurbilen, Aginagan, Aiako San Pedron eta beste hainbat lekutan.

Zein ziren bere lagun-lagunak?

Bere lagun denak soinarekin loturaren bat zutenak ziren. Auntxa oso laguna zuen, Iturbidetarrak, Egañazpi ere bere bikotea izan zen urte askoan. Egun batean soinua jotzen ari zela ondoan jarri eta panderoa jotzen hasi omen zitzaion, eta hogeita hamar bat urte eman zituzten elkarrekin.

Faustinoren estiloa oso teknikoa eta landua zela esaten dutenean zer ulertu behar da? Zuk bere pieza bat irratian entzun eta ba al dakizu Faustinorena dela?

Bai, bai. Uste dut baietz. [Alabak: oso estilo garbia eta dotorea zuen. Soltura izugarria zuen soinuarekin. Nik beste trikitilari batzuk erabat lotuta ikusten ditut eta aita berriz erabat solte ari zela iruditzen zitzaidan. Bere estiloa teknikoa zela diotenean sartzen zituen orduengatik zela esango nuke. Ordu asko sartzen zituen. Pasioa jartzen zuen horretan. Jotzeko gauza ez zela geratu zenean, etsita ibili zen eta ikasleei erakusten hasi zenean berpiztu zen berriro. Ikasleekin gozatzen ikasi zuen]. Bat-batean etorri zitzaion gaitza, bestela jarraituko zuen soinua jotzen beste urte mordoxka batean.

Ehun urte egin zenituenean omenaldi txiki bat egin zizuten udaletxean.

Familia osoa bildu ginen udaletxean, ilobak eta bilobak ere bai. Neure jaiotetxea erakusten duen taila bat eman zidaten. Orain berrituta dago baserria, baina lehen zegoen bezala agertzen da tailan.

Zergatik esaten diote baserriari «Dukekua»?

Gure aita oso gizon dotorea zelako jarri zioten Dukekua. Izatez, Arrandolatza da baserriaren izena, baina Azkoitian denek behar zuten ezizena eta ezizenik ez zuenari “sin mote” esaten zioten; eta gure aita kapelarekin ibiltzen zelako-edo, Dukea esaten hasiko ziren.

Zein da 100 urte betetzera iristeko sekretua?

Gogoa dagoenean asko jan, eta, ez dagoenean, gutxi. Gutxi janda urte batzuk pasatutakoa naiz. Babarrunari eta azari esker hazitakoak gara eta igandetan garbantzuak izaten genituen. Haragi zatiren batekin egosten ziren eta tomatearekin jartzen zuten gero haragi egosia. Bederatzi senide ginen, eta, gurasoekin, hamaika.