Oier Gorosabel

Erabiltzen ez den hezurrak karea faltan

Eskua igeltsuan sartuta izan dut orain dela gutxi. Hori dela eta, traumatologia eta ortopedia arloetan sakontzeko aukera izan dut, nire burua ahal denik eta ongien sendatze aldera. Izan ere, askotan frogatu dudanez, ez dago osasun arazoa norberak izatea baino hoberik horretan espezialista bihurtzeko!

Niretzat detaile pare bat izan dira interesgarrienak, unibertsitateko sasoian ikasi ez nituenak (fisioterapiarekin zuzen-zuzenean lotutako traumatologia eta ortopedia gaiak ikasten genituen bakarrik, nire promozioan behintzat). Kontua da oraintxe ikasi dudala fraktura izan eta lehenengo aste bietan gorputzak ez duela hezurra soldatzeko ahalegin txikirik ere egiten. Fase horretako helburua fraktura ingurua garbitzea izaten da: horrela, bertatik pasatzen den odol jarioa asko handitzen da eta horrekin batera odol arrastoak, hezur partikula txikiak eta traba egin dezaketen gai guztiak erretiratzen dira bertatik. Denbora horretan, hezur zati nagusiak solte egoten dira, eta, beraz, ezinbestekoa izaten da immobilizazio egokia. Hirugarrengo astetik aurrera (ez lehenago) hasten da gorputza kolageno izpiak sortzen. Badakizue nola hasten den ura izozten? Bada, antzeko “granizatu” prozesu bat hasten du hautsitako guneak, ur egoeratik gelatina modukora pasatuz, gero eta lodiago, harik eta gogortu arte. Halere, orduan sortutako hezurra ahula eta malgua da, eta bizpahiru hile beharko ditu soldatze maila egokira ailegatzeko. Fase honen inguruan, beste gauza batek harritu nau: ikerketa batzuen arabera, hezur zatiak pixkatxo bat mugitzea mesedegarria dela soldatze prozesurako. Gorputza horrela zirikatuz prozesua hobeto burutuko balitz bezala.

 

Gaian ez dut asko sakondu, edonola ere, nire interesa batez ere paziente modura izan delako, eta, beraz, hortik aurrera nire eguneroko lanean ez duelako ezagupen honek inolako aplikaziorik. Hala ere, azken datu hori hezurraren fisiologiaren beste ezaugarri batekin lot dezaket, fisioterapiarekin lotura zuzena baduena: osteoporosiaren prebentzioa, hain zuzen ere.

Gorputzak ez ditu egitura “alferrak” maite: zerbait erabiltzen ez bada, suntsitu egingo du materialak beste zerbaitetarako erabiltzeko. Horrela gertatzen da hezurrekin ere: pertsona sedentarioen hezurrak ahulagoak dira pertsona aktiboenak baino. Zertarako mantendu hezur sendo eta malguak (horrek dakarren energia eta material gastuarekin) besaulkian telebista aurrean egoten den pertsona baten kasuan? Horregatik, mugitzen ez den pertsonaren karea, kolagenoa eta bestelako gaiak hezurretatik kentzen dira beste zerbaitetan erabiltzeko. Kontuan har ezazue, gainera, menopausiak berez ekartzen duela hezurrek karea galtzea; horrela hobeto ulertuko duzue zergatik diren ugariagoak frakturak emakume nagusietan gizonetan baino.

 

Espezialisten artean ez dago eztabaidarik: osteoporosia ekiditeko neurri garrantzitsuena (baita elikaduraren beraren gainetik ere) ariketa fisikoa da. Izan ere, hezurren tentsioen eta kargen ondorioz, gorputzak haiek sendotzeko agindua emango du. Esan beharrik ez dago hau guzti hau norbere adinera eta egoera fisikora egokitu behar dela: oheratuta dagoen pertsona bati ez diogu kirolik eskatuko, baina gutxienez eserita edota zutik egiteko moduko ariketak egin ahal izango ditu. Era berean, oheratze epea ahal denik eta laburrena izan behar da. Zergatik? Ideia bat egin dezazuen, oheratutako adindu batek egun bakarrean gal dezakeen ahalmen fisikoa berreskuratzeko, lau bat egun behar izaten dira. Lau fisioterapia egun, lan gogorra eginez. Atera kontuak oheratzea luzeagoa bada. •

http://fisiolantaldea.blogspot.com