Nerea GOTI

Emakumeen borroka Basaurin itsatsita dago

Marienea Basauriko emakumeen etxeko hormak pegatez beteta daude. Emakumeen borrokak eranskailuetan utzi duen aztarna jasotzen du bilduma batek. Memoria freskatzeko ariketa ederra da, baita belaunaldi berrientzako ere, duela ez asko dibortzioa ilegala zela edota, «pratika abortiboak» egotzita, emakumeak epaituak zirela egiaztatzeko.

Berdintasuna ez da helmuga, ibilbidea baizik». Horrela dio Basauriko Marienearen hormetan ez itsatsita, eskegita dagoen pegatina batek. Ondoan, beste mila pegatina inguru daude ikusgai, panel ezberdinetan. Erakusketak “Emakumeen borrokak pegatinetan zehar” du izena eta Marienean jarraituko du ikusgai hilaren 31ra arte. «Ni obedecer, ni servir, ni callar. Egin dezagun iraultza feminista» irakur daiteke Bilboko Koordinadora Feministak sinatzen duen aspaldiko pegatina batean. «Ezetz diogunean, ez da» dio beste batek, «Ez isildu, ez izan konplizea», edota «Represaliada como todos, torturada como mujer» irakur daiteke beste batean. Berrogei urtetan emakumeen borrokak sortutako hamaika lelo eta mezuetako batzuk dira horiek.

Aldatu da estetika, eta kalitate grafikoa nabarmen hobetu da, baina bitxia da konprobatzea gai gehienek ez dutela indarrik galdu, edo beste era batean esanda: duela 40 urte botatako mezu batzuek gure egunekoak izaten jarraitzen dutela. Ikustea besterik ez dago, indarkeria sexista, abortua, erantzukidetasuna, sexu askatasuna... bezalako kontuen inguruan sortutako hausnarketak. Historiak pegatina formatua du kasu honetan, eta begi aurrean jartzen dizkigu lorpenak eta lortu beharrekoak.

Iñaki Sanchez (Santurtzi, 1966) da bildumaren egilea. Etxean gai ezberdinetako 30.000 pegatina inguru gordetzen du Pititako irrati santurtziarraren elastikoa jantzita daraman santurtziarrak. 14 urte zituenetik elikatu duen zaletasunak hartu duen tamainaren aurrean, toki bereziren bat aurkitu beharko duela onartzen du, baina ez da erreza, baldintza zehatz batzuk behar baititu kontserbazioa bermatzeko.

«Bikotekidearekin bizitzen joan nintzenean, amak zera esan zion neskalagunari: altxor bat eta pegatina bilduma bat daramatzazu», kontatzen du barreen artean.

Zaletasunak ezizen bat eman dio: Iñaki «Pegatas». Argitzen duenez, ez da inguru hurbilenekoek erabiltzen duten ezizena, baina hemendik eta handik jasotako pegatak Pititako Irratira heltzen ziren bakoitzean (eta asko izan dira), Iñaki-Pegatas jartzen zuen gutun-azalean. Horrela irabazi zuen abizen berria, eta horrela ezagutzen dute herri mugimendu, sindikatu eta alderdi politiko askotan.

Basaurin erakusten duena bilduma erraldoi horren zati bat baino ez da, eta onartzen du zati hori kutunetako bat duela. Argitzen duenez, emakumeen borroken gertu sentitu da gaztetik. Sentsibilitate hori betidanik izan du eta ez da erraza izan rolak apurtzen gaztetik saiatu den bera bezalako mutil batentzat. «Bikotekidearekin bizitzen joan nintzenean etxeko lanak banatu genituen folio batean idatzita, gauza normal bat iruditu zitzaigun bioi, naturaltasunez egin genuen», azaltzen du.

Horren ondoan kokatzen du bere inguruan bizitakoa: Ezkerraldean, industria giroko beste udalerri batzuetan bezalaxe, borroka feministak presentzia handia izan duela herri mugimenduen ahotan, eta zenbait sindikatu eta alderdi politikoren mezuetan. «Egizanen lana ezagutu genuen Santurtzin», nabarmentzen du.

Eta ez da hurbiltasun horretan geratu. Santurtziko Gizon Ekimena taldeko partaidea da Sanchez. Gogoratzen duenez, hilketa matxista baten ostean sortu zen ekimen hau, berdintasunaren alde eta sexismoaren kontrako borrokan hausnarketa egiteko. Bide horretan jarraitzen dute, besteak beste, Marimatraka herriko emakume taldearekin harremanetan.

Aizan eta Egizan

Pasilloetara itzulita, Elbira Zipitria eta Polixene Trabuduaren emakume iraultzaileen irudien artean dago erakusketaren zati bat, Sexu Informazio Bulegoaren ondoan. Basauriko emakumeen eta mugimendu feministaren gunea den Marienean zentzu berezi bat hartzen du erakusketak.

Euskal Herriko talde feministen pegatinek osatzen dute erakusketaren atal bat. Aizan eta Egizan mugimenduek 1988tik 2001era zabaldutako lanak daude hor; Euskal Herriko Bilgune Feministak bere toki propioa ere badu, eta Bizkaiko Emakumeen Asanbleak, edota LKIri lotutako Emakume Askapen Mugimenduak. Arestian aipatutako taldeak sinatu duen pegatina bat seinalatzen du Sanchezek. «No hay liberación de la mujer sin revolución, ni revolución sin liberación de la mujer» dio.

Gogoratzen duenez, erakunde batzuek urtero pegatina bat editatzen dute tematika honekin, CGTren kasuan, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz argitaratzen dituela azaldu digu. «Si nos tocan a una nos tocan a todas» dio hitz larrietan, sindikatu honek sinatutako lan batek.

Emakumeen aldarrikapenekin lotutako alderdi politiko, sindikatu eta gazte erakundeen lanak bildu ditu. Mujeres libertarias y de CNT sinadura ikusten dugu horietako zenbaitetan,

Estatuko lan batzuk ere badaude. Galiza, Catalunya, Gaztela, Andaluzia, Asturias eta Aragoikoak, besteak beste. Eta hurrunagora joanda, Chiapasekoak edota emakume iraniarren aldekoak aurki daitezke.

Iñaki Sanchezek kontatzen digunez, batzuetan gorriak ikusten ditu egileak identifikatzeko. Asko ez daude sinatuta, beste asko oso ezagunak ez diren siglekin heltzen zaizkio eta horrek dokumentazio lan handia eskatzen du.

Sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko gizonei buruzko pegatak ere bildu ditu beste atal batean. «Ayudas o compartes» planteatzen du horietako batek.

Zaharren xarma

Lan zaharrenak 70. hamarkadakoak dira. Erraz bereizten dira, koloreen inpresioa eta duten estetikagatik. Horien artean, Dolores Ibarruriren argazkia duen batek arreta deitu digu urrunetik. PCEk sinatzen duen zuri-beltzeko erretrau hura Gallartan egindako omenaldi batean argitaratu zutela azaldu du Sanchezek.

Lan batzuen adina gai berak islatzen du, dibortzioaren aldekoak kasu. «Anticonceptivos libres y gratis para no abortar y aborto libre para no morir» irakur daiteke urteak dituztenen arteko batean, eta oso gertu, «Amnistia para las mujeers procesadas por abortar» leloa nabarmentzen du zuri-beltzean dagoen beste batek. 70. hamarkadaren erdian praktika abortiboak egiteagatik Basaurin bertan atxilotuak izan ziren 11 emakumeren kasua gogorarazten du.

Muturreko eskuinekoak

Panel batetik bestera izualdi ederra har dezake bisitariak «El aborto es el terrorismo legalizado» edota 90. hamarkadako «Esto no es un aborto» esaldiarekin umeki baten irudi handia azaltzen duena ikustean. Movimiento Católico Español-ek sinatzen du oso deigarria egiten den azken hau eta Santurtziko kaleetan agertu zela azaltzen du Sanchezek. Hauek bezalako leloak ikus daitezke emakumeen eskubideei buruzko pegatina kontserbadore eta sexistei eskainitako atal batean. Mugimendu horiek emakumeen borroken harira ateratako mezuak dira, abortua edota dibortzioa bezalako gaiak direla eta.

Mezuek eta estetikak arreta deitzen dute. «Ez nazazu hil» esaten du abortoari buruz Iruñeko Bizitzaren Aldeko Komite batek zabaldutako ale batek; «Quien a aborto mata a eutanasia muere» irakur daiteke ondoko batean.

Sanchezek kontatzen duenaren arabera, balio berezia dute lortzeko oso zailak direlako. Editatzen dutenek ere badakite jakin-min handia sortzen dutela, eta batzuetan dirua eskatzen dute pegatinaren truke.

Komentatzen duenez, talde horiek ez dute egoitzarik Euskal Herrian, eta mezu horiek gutxitan ikusten dira gure kaleetan. Pegatina horiek lortzeko bere lanbideaz baliatu da. Sanchezek trenbidean egiten du lan, eta Valladolidera edota Madrilera egindako bidaietan ideologia horietako lokaletan aurkitu ditu pegatina hauetako batzuk.

Azalpen honek beste gai bat jarri du mahai gainean: zelan demontre lortzen dituzte mota honetako pegatak. Aurretik azaldu digu bildumagileak koordinatuta daudela, elkarren artean trukatzen dituztela lan batzuk. Bestalde, ezin dute manifestaziorik galdu. Euren artean banatzen dute nor zein mobilizaziora joan behar duen, eta noizean behin horietako batean geratzen dira trukea egiteko.

Mobilizazioez gain, jaiak eta batez ere txosnaguneak eta gaztetxeak dira bildumagileen benetako pagotxak. Hor materiala aurkitzen dute beti.

Beste batzuetan, egoitza zehatz batera jotzen dute hau edo bestea lortzeko. Arazoa da ultraeskuineko egoitza batera jo behar dutenean. «Aurkeztu behar zara estetika zehatz batekin, susmorik ez altxatzeko», dio. «Batzuetan belarritakoa kendu eta egoki ikus dezaketen itxura batekin sartzen zara, bilatzen duzuna eskatu eta ahalik eta lasterren alde egitea» da plana, kontatzen duenez. «Horrelako lokal batean atea zabaldu zidana uniformez jantzita agertu zen. Ez dakit zer uniforme zen, baina naziena iruditu zitzaidan; orduan eskatutakoa jaso nuen eta ziztu bizian irten nintzen», gogoratzen du oraindik hotzikara begietan islatuta. Eta ale berriak lortzeko ahaleginetan, Madrilen aurkeztu zen 20N batean, Ynestrillasen mitin batean. Aurten Santiagora egin zuen bidaia uztailaren 25ean, Galizaren egunean. 15Mko mugimendua eta, orain, Katalunia eranskailu sortzaile handiak dira.

Hilabete honetan bertan hitzordu garrantzitsu bat izan dute bildumagileek Villabonan. Bertan, 20 bat lagun biltzen dira eta bildutako azken pegatinak aztertzen dituzte. Elkarrekin errazagoa da batzuk kokatzea eta informazioa trukatzea. Nabarmentzen duenez, mundu honetan internet izan da benetako iraultza, bai aleak lortzeko orduan, bai informazioa lortzekoan. Izan ere, dituen 30.000 pegatinekin batera hamaika dokumentu, idatzi, fanzin eta eskuorri gordetzen joan da, hain zuzen ere, beharrezko dokumentazioa egin ahal izateko. Orain, Lazkaoko beneditarren artxiboarekin kontaktuan dago horietako lan batzuk hara bideratzeko.

Orain Basaurin erakusten ditu emakumeen borroken pegatinak, hortik Ermura joango da eta handik Anoetara. Azaroaren 25a gertu dago, material iturri bat izango da pegata bildumagileentzat, eta emakumeen borroken historiaren beste orrialde bat, pegata formatuan bada ere.

«Formalismotik at, arau hauslea da egungo iruditegia»

Itziar Bastarrika Madinabeitia argazkilaria da, baita bideogintzan aritua ere. Irudiaren gaineko ikastaro dezente eskaintzen ditu; asteotan, baina, esperimentu berri batekin dabil Arrasateko Emakume Txokoan: Iruditegi, (merchandising) feminista berria sortzen. Ikastaroaren izenak eragin digun jakin-mina asetzeko asmoz oñatiarrarengana jo dugu.

Zein da ikastaroaren helburua?

Iruditegi feminista berria sortzea da helburua. Mod-modan dagoen Do it yourself korrontea jarraitzea, azken finean. Oso talde polita osatu dugu 8 emakumek, oso animosoak denak, zer edo zer aterako da hortik. Tailerraren xedea da buruan izan dezakegun horri bidea eman, formatu bat eman, –murala, pegatinak, txapak ala auskalo– eta hura zabaldu eta barreiatzea.

Lokalizatzeaz ere aritzen zara.

Egiten dugun hori gure testuinguruan txertatu nahiko nuke. Bestelako erreferentziei muzin egin gabe, gureak aurkitu ala asmatu nahiko nituzke. Askotan ingelesezko leloak euskaratzen ditugu, baina, seguru ikerketa txiki bat eginda gure inguruan badaudela emakumeek esandako esaldi borobilak ere. Eta ez badaude, asma ditzakegu.

Asko aldatu da iruditegia?

Iruditegi feministak sekulako garapena izan du azken 5 urteetan. Orokorrean denean eman da, formalismotik haratago doa, arau hauslea da. Denetarik dago, hala ere, tradizionalak oraindik badirau. Lehen ez ginen horren abilak guk geuk sortutako irudiak erabiltzeko, kamisetak, txapak... azken urteetan baina iraultza handia eman da. Uda honetan Ondarroako jaietan agertu diren pintadek, adibidez, zeresana piztu dute. Pankartek ere aldea dute lehengoekin.

Sormenari lekua egiteak onurak ekarri ditu?

Bai, noski. Aberastu da eta gerturatu du. Sormen horri bidea egiteak, jendea gehiago erakartzeaz gainera, satisfazio handiagoa ematen dio egiten aritzen denari. Ni, adibidez, feminismora hurbildu nintzen, lelo asko urrun, eta nire garaiko aldarrikapenetarako leloak faltan sentitzen nituen. Sormenak hutsune bat bete du, eta, gainera, betegarriagoa egiten du esperientzia bera. oihana.llorente@gaur8.info