Arantxa Urbe

Eskola ekonomiaren itzalean handitzen hasi zenekoa

Umeak eskolara eta handiak lanera». Hori izan daiteke, akaso, jendartearen antolakuntza ekonomikoaz haurrei ematen diegun lehen nozioa. Gaur egun hain banaketa arrunta dena horrela izan ote da, ordea, beti?

Historiaren ikuspegi luze-zabala hartuko bagenu, baina, ikusiko genuke nahiko berria dela haur guztiak eskolatuak izatearen ideia hori. Are gehiago, eskolatzearen orokortze horrek zerikusi zuzena izan zuen industrializazioarekin.

Industrializazioaren aurretik, ekonomia batik bat nekazaritzan oinarritzen zenean, eskola sozialki goi mailan kokatuak zeudenentzat izaten zen. Gainerako herritarren funtzioa nagusiki jauntxoaren lurretan lan egitea zenez, ez zegoen inolako kezkarik jendearen hezkuntzaren gainean.

AEBetan esklabutzan oinarrituta zegoen ekonomia eta Europan feudalismoan. Industrializazioaren iraultza gertatu zenean, ordea, botere ekonomikoak ohartu ziren errentagarriagoa zela jendea soroetan eta lurretan lanean edukitzea baino lantegietan edukitzea. Eta horrela, ordena sozial berri bat sortu zen, non esklabutza desagertu zen eta jendea, lurrak utzita, lantegien itzalean handituz zihoazen hirietan pilatzen joan zen.

Lantegietako langile berri horien lanari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, eta lantegiak garatzeko inguruan behar zuten azpiegitura askotariko langileez hornitzeko prestakuntza ezinbesteko bihurtu zen. Langileak idazten, irakurtzen eta zenbakiekin moldatzen jakitea beharrezko bilakatu zen. Hala, langileen seme-alabentzako eskolak sortzen hasi ziren; batez ere industrian oinarritutako antolaketa ekonomiko harek aurrera egin zezan.

Industria kualifikatzen eta teknifikatzen joan den heinean, hezkuntza premiak handiagoak eta askotarikoak izan dira. Era berean, hezkuntza antolaketa ere garatzen eta zabaltzen joan da: lan mundura sartu den emakumearen seme-alabak zaintzeko haur eskoletatik hasi eta jendarte eredu berria hornitzeko beharrezkoak ziren teknikari, ikerlari, ekonomialari eta abarren prestakuntzara arte.

Batik bat XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean gertatu zen aldaketa azkar, sakon eta bortitz hari aurrerapena deitu zitzaion. Neurri handi batean jarraipena du gaur, lantegiak eta industriak teknologiaren eta informazioaren ekonomian eraldatu badira ere, eta horri, terminoak ere garaietara egokituz, gaur egun hazkundea deituko zaio. Eta hezkuntzak horri guztiari egokitzea beste erremediorik ez du izan.

Munduan nagusitu den eredu neoliberalari erantzuteko modua izan daiteke eskolan protagonismoa hartu duten zientzien, teknologien eta munduko hizkuntza handien ikasketen sustapena humanitateen eta pentsamenduarekin eta filosofiarekin zerikusia duten beste diziplinen aurrean.

Ondorioz, duela hamarkada batzuk analfabetismoaren marra ipintzeko neurgailua irakurtzen eta idazten jakitea bazen, muga hori aurki teknologia berriek ipiniko dute. Beraz, datozen belaunaldietako analfabeto berriak horiexek izango dira: teknologia berriak deiturikoak menderatzen ez dituztenak.

Hezkuntza funtsezko giza eskubidea da, eta pertsonon eta jendartearen garapenerako tresna erabakigarria. Non ipini beharko luke azpimarra hezkuntzak, hortaz? Frei Betto brasildarra fraide, hezitzaile eta pentsalaria da eta Lularen gobernuko hezkuntza aholkulari izandakoa. Besteen artean, UNESCOko Jose Marti saria jaso zuen 2013an. Hari entzun genion esaten etxeko atarian zegoen eskolako autobus geltokian goizero ikusten zituela haurrak eskolara joaten. Autobuseko leihotik haien buruak besterik ez ziren ageri. «Zergatik ez ote dituzte buruak soilik eramaten eskolara? –pentsatzen omen zuen bere artean– eskolari ez baldin bazaizkio haien gorputzak eta bihotzak interesatzen?». •