Ander Gortazar Balerdi

Jane Jacobsen paradoxa

Hirugarren urtea jada eta ni enteratu gabe. 2012an izan baitzen lehena –Euskal Herriko lehena, oker ez banago– Donostian, eta urtero errepikatu izan da ordutik maiatzaren hasiera buelta horretan. Jane’s walk du izena egitasmoak, eta funtsean, paseo bat eman eta gure auzo, herri eta hiriei so egitea da kontua. Misterio handirik ez. Ala bai.

Jane Jacobs hirigile eta aktibista estatubatuarraren omenezko ibilaldiak sustatzen dituen mugimendua da Jane’s walk, Toronton sortua Jacobs hil ondorengo urtean, 2007an. Azken egunotan ez da bere jaiotzaren urteurrenik ospatzen, ez eta bere heriotzarenik ere; ez da, ez, Jane Jacobsen nazioarteko eguna baina, hala ere –ala zer demontre, agian horrexegatik–, tenore aproposa da The Death and Life of Great American Cities (hiri amerikar handien heriotza eta bizitza) saiakera liburuari hautsa astintzeko.

Hiriaren konplexutasunaren aldarria egin zuen Jane Jacobsek, eta hori nola lortzen den azaltzen saiatu zen mugimendu modernoak hiriaren konplexutasuna sinpletasunean laburbildu zitekeela sinetsi nahi zuen bitartean. Ez zuen hirigintza ikasketarik baina, hala ere –ala, beste behin, agian horri esker– zehaztasun handiz identifikatu zituen auzo biziek bete beharreko ezaugarriak, dibertsitatearen kontzeptuan oinarrituta.

Dentsitatearen osagarri gisa ulertzen zuen dibertsitatea. Dentsitateak pertsona kontzentrazio altu bati egiten dio erreferentzia; dibertsitateak, aldiz, kontzentrazio altu horren heterogeneotasunari. Mugimendu modernoaren zonifikazio, segregazio eta ustezko funtzionaltasunari kontrajarrita, dibertsitateak nahasketaren aldarria egiten du: nahasketa lurzoruaren erabilerari dagokionean, aktibitate mota (eta ordutegi) ezberdinak, adin, arraza, eta errenta maila ezberdineko jendearen elkarbizitza. Baita eraikin historiko eta izkinen garrantzia, haurren jolasteko beharra eta eyes-on-the street ere: kale segurtasuna giza begien ugaritzean oinarritua egon dadila, alegia.

Mende erdia igaro da The Death and Life of Great American Cities argitaratu zenetik, eta esan liteke kontzeptu hauek guztiak barneratu egin dituela imajinario kolektiboak, teorian behinik behin. Esango nuke, etxe adosatuen sukarraren biharamunean, ezaugarri hauek betetzen dituzten hiri inguruneak direla, gero eta gehiago, bizitzeko toki desiragarrientzat jotzen direnak.

Baina paradoxa bat ikusten dut nik hor, Jane Jacobsen paradoxa. Izan ere, Jacobsek gogor kritikatu zuen mugimendu modernoa, forma arkitektonikoa eta hiri antolamenduaren ikuspuntutik batez ere, hiriaren konplexutasuna ulertu ez eta dibertsitatea saihesten zuelakoan. Urteek konstatazio bat sendotu dute, baina: aldarrikatzen zuen hiri ingurune heterogeneo horien arrakasta bera izan dela euren dibertsitatea arriskuan jarri duena, ia desagertzeraino. Adibide esanguratsuena New Yorkeko Greenwich Village auzoa da, Jane Jacobsen bizileku eta case-study izandakoa, egun erabat gentrifikatua eta ez-dibertsoa dena.

Izan ere, merkatuak ez du lanik egiten debalde. Alokairuak igo egiten dira, eta zaila bihurtzen da errenta maila ezberdineko jendea topatzea; kausalitatez, arraza aniztasuna ere jaitsi egiten da. Komertzioetan ere nabaritzen da, segmentu zehatz baten kontsumo ahalmenera mugatzen baita. Ordutegi dibertsifikazioa jaitsi egiten da, eta, ondorioz, kalearen erabilera konstantea zaildu. Pixkanaka, auzo hauek zuten nortasuna galdu egiten dute, bolumetria eta espazialitate aberatsa mantendu arren.

Hirigintza postmodernoaren aitzindaritzat jotzen da Jacobs; nolanahi ere, josi gabe utzi zituen hari mutur hauek ez dira bere jarraitzaile eta oinordeko ofizialen interesekoak izan –nola ulertu, bestela, New Urbanism mugimendua–. Zorionez, beste hainbatek egin diote hariari tira, Jacobsen irakaspenen beharrezko osagarri: David Harvey eta Neil Smith, ikuspuntu marxista batetik, edo Saskia Sassen edo Michael Sorkin, ildo liberalago batetik –uler bedi adiera iparamerikarrean– irakurketak ezinbestekoak dira hiri-dibertsitatearen nondik norakoak egoki ulertzeko. •