Amaia Agirre

Mezulariak

Whatsappak mundua mugitu dezakeela sinestea zaila gertatzen da, baina ingurua kaltetu dezakeela egia ukaezina da. Gero eta arriskutsuago eta kaltegarriago bihurtzen ari da jendea mintzea eta ingurua kakaztea baino zeregin hoberik ez dutenen eskuetan. Ustez karaktere batzuen bilduma baino ez den mezu batek minutu bakar batean desitxura dezake gure irudia. Lehen bide bazterreko kontrolei nien izua, baina gaur egun beldur handiagoa eragiten didate bide bazterrean utz zaitzaketen kontrolatzaileen asperdurak. Asperdurak idaztera daramatza. Sortzera eta asmatzera. Sekula idazle izango ez diren protagonista narratzaileak.

Baina zer gara waxapa gabe? Nor gara waxaparen jabe? Amorrua sentitzen dut etxetik mugikorrik gabe atera naizen egunetan umezurtz eta bakarrik sentitzeko arriskuan egon naizelako. Pena ematen dit taberna edo jatetxe batean dauden bi lagunek konpainiarik onena mugikorra izateak. Ordaintzen ez duten afaltiarrez osatuta daude mahai gainak. Euren kasa ez dira lekuz mugitzen, baina mugikorrak dira. Argitsuak dira, azkarrak, leialak. Gure barruei, eskuei eta buruei jaten ematen diete. Eurek gu ez, baina guk behar ditugu. Eta parekoei galdegitera edo kontatzera ausartu ez garena eurei esker jakinaraziko dugu. Gure salbazioa dira. Gure lotsa eta ezezko beldur denen aterpe. Horrelakorik! Haurren esku uztea ez omen da egokia, baina gure esku ahurretan ez daitezela falta!

Detektibe bihurtu gaitu bere funtzionamenduak, eta jarraitzaile gupidagabe erabilera okerrak. Batzuentzat lanari aurrea hartzeko modua izan daiteke aldi berean denei mezu bat bidaltzeko aukera. Beste batzuei, ordea, atzeko lana egiteko tresna irudituko zaie.

Nekatu naiz mezuak birbidaltzen. Salatari lanak eta bozgorailu zerbitzua doan egiteak onura zekarrela zirudien, baina ez da hala. Milaka lagunen mugikorretara iritsitako mezua biharamunean gezurtatzen aritu beharra gogorra da, edukia mingarria eta hunkigarria denean bereziki. Botoi bat sakatzeak mundu erdia suntsi dezakeela entzun izan da maiz, baina su pizte honetan ez dago estatuen arteko gatazkarik. Eraikitzen ari garen gizarte anker honen arma berriak dira. Botoi bati eman eta gezur bat zabal dezakezu zure kontaktu guztien artean. Kontakizun interesatu eta maltzur batek tsunamia eragin dezake, eta zabalkunde azkarrak azpian harrapa zaitzake.

Oraindik ere begietara begira egindako aitortzak maite ditut. Eskua luzatuta eskaintzen diren laguntzak. Eta ez begia ateratzeraino esku bakar batekin aktiba daitezkeen lagin hutsak. •