Antton Izagirre

Glamourra ala oroimena

Donostia Zinemaldian “Lasa eta Zabala” filmaren emanaldian zuzendaria eta protagonistak txalo zaparradaz agurtu zituen ikusle jendeak, egindako lan onaren seinale nonbait. Horrelakoetan ohikoa den moduan flashak, argazkiak, glamourra fikziozko protagonistentzat izan ohi dira eta filmaren kontaketaren atzean ezagutzera ematen den drama eta egia bigarren mailan geratu ohi dira.

Ia hilabete geroago Tolosan eginiko filmaren aurre-estreinaldian benetako protagonistek bete dute agertokia. Duela hogeita hamaika urte torturatu eta hil zituzten gazte tolosarren gurasoak agertu dira jendaurrean eta aretoa bete ikuslek txalo zaparrada luzez oroitu eta eskertu dute urte luze hauetan erakutsitako duintasuna, eta merezitako aitortza jaso dute. Bi emanaldi, bi testuinguru, gertakari beraren fikzioa eta egia, kontaketa eta errealitatea, glamourra eta oroimena, zein baino zein indartsuago; ikustear dago zein gailenduko den ala biek izango duten merezitako arrakasta.

Filmaren emanaldiarekin paretsu, ETAk su etena eman zuenaren urteurrenaren harira Urkulluk eta Jaurlaritzak egindako minaren barkamena eskatzera deitu dituzte batzuk eta besteak. Hitz horien oihartzuna itzali baino lehen askori datorkigu oroimenera EAJak eta Jaurlaritzaren erabakiek eragindako mina.

Noizko Lasa eta Zabala familiei barkamena eskaera Tolosako hilerrian edo Hondarribiko aireportuan eginiko minaz? Noizko barkamena sakabanaketa babestean milaka familiari eragindako minaz? Noizko barkamena Ertzaintzak polizia etxeetan eragindako tratu txarraz? Noizko...?

Besteei egindako eskaeren legitimitatea irabazteko nork berea egin behar. Guztiok behar dugu oroitu eta den-dena. •