Maider Iantzi Goienetxe

Hasier Larretxea

Hitzezko aizkorakadak dira Hasier Larretxearen testuak. Aurkeztu ere hala egin ditu, aitaren egur kolpeek lagunduta. Madrilen bizi den Arraiozko idazlearentzat “Larremotzetik” liburuarekin gertatutako gauzarik ederrena izan da aita-semeak hurbiltzea. Amatxi Leonitari eta goxotasun baten transmisioari eskainitako obrak familia osoari egin dio on.

Madriletik mintzatu da idazlea GAUR8rekin narraziogintzan egindako lehen lanaz eta, bide batez, bere bizitzaz eta inguruaz. Madrilen buruko eritasunak dituzten pertsonekin egiten ari den lan pilotua ere azaldu du. Moldeak aldatzen ditu horrek, pertsona zentro itxi batera hurbildu beharrean, profesionala doalako bere etxera, berarekin eta familiarekin zuzenean lan egitera. Kontent daude ospitalizazioak murriztea lortu dutelako ehuneko «izugarrian», eta jendea egonkortu eta hobetzen dela ikusita.

Superazioa, «bizitzeko armarik onena», “Larremotzetik” liburuan ere agertzen da. Garbiketa eta sendabide deritzo Hasier Larretxeak idazketari, baita prozesuen erakusgarri bezala ere. Bere ustez, pertsona baten ahalegina ez da azaltzen esfortzuari edo izerdiari lotutako indarra erakutsiz; alegia, batzuetan gizonek duten ereduaren bidez, baizik eta beste era batez. Hor dira pentsamendua, gogoeta, eraldaketa prozesuen aldeko zirrikitua.

Testu batzuk gertaerei buruzkoak dira eta besteak oroimenaren bidetik doaz, eta gehiago dute poesiatik, haren altzora lerratzen diren metaforen bidez. Testu laburren bilduma da, puzzle gisakoa. Gero, irakurleak osatu behar du sekuentzia.

Amatxi Leonita izan da liburuaren iturburua. Zortzi urte daramatza idazle baztandarrak Madrilen eta berarekin biltzen zenean beti saiatzen zen grabaketak egiten. Bere gaztaroko kontuak kontatzen zizkion: festak, ohiturak, elizarako joan-etorriak… Seme-alabei kontatu gabeko istorioak ere agertzen ziren tarteka. «Bazuen zama bat, oinordekotarako eraman zutela. Bere familiak deliberatu zuen bi urterekin Amaiurretik Arraiozera eramatea oinordekorik ez zuten senide batzuekin».

Sinbologia handia du liburu honek amatxik ez zuelako bukatuta ikusi. Leonita martxoan zendu zen eta liburua uda hasieran atera zen. Testuan dira bere baserri garaiko bizipenak; herrira bizitzera joan zirenekoa, baserriaren falta sumatzen zuela eta senarra herrira jauzi egin zutenean hil zitzaiola, eta heriotzaren inguruan, herrietan gertaera bizitzeko modua zer-nolakoa den.

Baserritar umilei eskainia

«Niretzat amatxi esentzien gordeleku eta bizimolde baten ispilu zen, baserritarraren solasak eta ikuskera ziren bereak. Liburu hau, izenburutik tiraka, baserritar xume edota jende umil horiei eskaintzen diet. Hizkuntz transmisioaz gain, ohitura, mundu ikuskera, goxotasun baten transmisioa da amatxirena, gehienbat, goxotasunarena», adierazi du idazleak.

Amatxiren hitzetatik abiatu zen liburua, eta aipatzen zizkion garai bateko kontuak hamarkadak beranduago berari gertatutakoekin tartekatzen hasi zen Madrilen.

Euskal nekazari familia baten belaunaldi desberdinak islatzen saiatu da. Hor dago aita-semeen arteko harremana, nolatan aita eta osaba herri kirolariak diren eta herri kirolarekiko maitasun eta bizipen horiek eskaini zizkieten ondorengoei. Ez zuten lortu, ordea, semeek beraien ibilbidea segitzea. «Nire haurtzaroa eta nerabezaroa oso presente daude. Hein batean, bi plano ageri dira: paisaiaren eta familiaren edertasun hori, eta opresioak eta barne eta kanpo kateek pertsona bat nola murriztu dezaketen. Badago talka bat inguruaren eta hor hazten doan ume ttipi horren artean».

Hortik Madrilera joateko gertaera edo deliberamendua, eta gero herrira itzultzea liburu batekin, pertsona eta idazle gisa prozesu bat burututa.

«Bakoitzak sentitzen duena esatea eta egitea da hauturik hoberena, duinena», dio lanean. «Kolpeka ibili nintzen zenbait urtez. Ibili nintzen gauzak egiten, baina ez nintzen zoriontsua. Gaur egun mutil-laguna den pertsona ezagutu nuelako etorri nintzen Madrilera eta hor gaude elkarrekin bizitzen duela zortzi urtetik, baina bazen behar nuen zerbait».

Eta ez zuen inoiz pentsatu proiektu izan zitekeenik Madril; bat-batean etorri zitzaion eta egin duen «gauzarik hoberena» izan da. Gogorra izan zen hasiera, zerotik hasi beharra. «Amari lotzen ninduen zilborrestea moztea bezala izan zen, eta hori osasungarria da. Zoriontsu naiz batzuetan lurra edo lohia ukitzearekin, mina ezagutzearekin, ezinbestean altxatzen zarelako eta horrek indartsu ere egiten zaituelako eta, gainera, garrantzitsuena dena, beldurrik gabe, deus ere erakusteko beharrik gabe, zu zaren bezala».

Maitasuna erakusteko era desberdinak ere iradokitzen ditu. Aitaren pertsonaiak, adibidez, gizon gogor bat islatzen du. «Ez dakit bere bizar luzeak ziztatzen ninduelako utzi ote nion musu emateari, ala bera izan zen erabaki horren erantzulea». Liburu honekin gertatu den «gauzarik ederrena» da aita eta bere arteko maitasuna modu ageriagoan azaltzea.

«Esan bezala, nik aitzaki gisa bera aurkezpenetara egurrak moztera etortzea pentsatu nuen eta halaxe egin du, baina ez da horretan gelditu, parte-hartzailerik handiena izan da, liburuaren eta gure erlazioaren inguruan hainbat aitorpen eginez, oso baliotsuak eta biziki ederrak. Jendea biziki emozionatua gelditu da, ikusirik zein harro eta kontent dagoen honekin guztiarekin, nahiz eta liburuan, berak badakien gisan, haurtzaroko zenbait kontu agertzen diren». Idazleak esplikatu duenez, distantziak zenbait gertaera ulertzeko lagungarria da, baita maitasuna ez dela batzuetan norberak kodifikatu dezakeen gisakoa ikasteko ere, batzuetan sotilagoa baita eta gehiago landa eremuetan. Maitasuna ez da batzuetan besarkada edo musu batekin ematen, beste keinu batzuekin baizik.

Bestalde, jendeak beste eginkizun batean ikusi du aita. Plazan, entrenatzaile gisa aritu beharrean, literatur espazioetan gogoetan ibili da eta batzuetan erakutsi ez duen alderdi bat agertu du, goxoagoa, leunagoa eta patxadatsuagoa ere bai… Azkenean, agian, aita-semeen izaerak ez dira hain desberdinak.

Homosexualitateak lekua du liburuan. Hala deskribatzen du amak hartutako disgustua: «Hamaseirekin, amak negar batean ez nuela logelan neska biluzien posterrik, ez nuela beraien inguruko solasik-eta, zer zen hura galdetzen zidan, larrimina baretzeko heldulekurik gabe». Autobusa hartu eta Iruñera joaten zen gaztetatik EHGAMen bulegora eta gurasoentzako triptikoekin itzultzen zen.

Aitak egurrak mozten ari zen bitartean jaso zuen berria. Orain, Baztan-Bidasoaldeko herri kirol klubeko entrenatzailea da eta bera da aipamen homofobikoren bat entzuten duenean homosexualitatearen edo sexu askapenaren aldeko erantzun bat ematen duena. «Hori eskertzekoa baino gehiago harro egoteko modukoa da seme naizen aldetik, ditudan gurasoak ditudalako».

Larretxea abizena pisua zen Hasierrentzat eta ttikitatik izan du literatura gordeleku, aitzakia ere bai, aitari laguntzera ez joateko. Eta liburuan presente dago seme bezala espero zena eskaini izan ez duen heinean justifikazio gisako bat ere. Gorazarre bat bizimodu horri eta bizitza ikusteko era horri. Ildo horretan badu beraien ikuskera, jakinduria eta bizitzan egoteko modu hori transmititzeko beharra. «Ez dut egurrak mozten bukatu, baina bai, nolabait, egurrak moztearen kronista gisa».

Izenburuak abizenarekin jokoa egiten du eta larremotzetik larre zabalerako jauzia ere irudikatzen du. Horretaz gain, larremotzeko pertsona baliabide anitz izan ez dituena da, inguru zailean sortua, maizterra.

Buru gaixotasuna dutenekin

Larretxeak badu beste liburu bat egiteko bigarren iturri bat ere; gizarte hezitzaile gisa egiten ari den lana. Aurreko astean Euskal Herrian izan zenean jendeari asko interesatu zitzaion eta, noizbait, itzulera egiten duenean, pentsatua du halako programa bat hemen eratzea. Gainera, garrantzitsua litzateke landa eremurako, buru gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonak sarri baserrian isolaturik bizi direlako.

Ikusten duenez, lan handia dago egiteko familiekin, «askotan, tristea bada ere, familiakide batzuek bilakatzen baitute gaixoa oraindik eta gaixoago». Laguntza soziokomunitario talde bateko kide da baztandarra. Madrilgo auzune bakoitzak talde bat du eta psikiatrak egiten du eurengana bideratzeko balorazioa. Ez dira identifikatzen profesional gisa eta pixkanaka joaten dira pertsona ezagutzen eta bere beharrak ikusten. Horien arabera, arlo ugari lantzen dituzte: lana, prestakuntza, etxeko lanak, ekonomia, integrazio soziokomunitarioa… Lan «sakona eta eraginkorra» dela nabarmendu du Larretxeak, testuinguruan egiten delako gabeziak ikusiz eta tresnak emanez. •