Mikel ZUBIMENDI

«Nouvelle Belgique» baten giltzarri edo independentziaren bezpera?

Belgikako gobernu berriaren osaketa-prozesuak analista askoren jakin-mina piztu du. Aurreko legealdian ia bi urte gobernua osatu ezinik egon ostean eta herrialdea hautsiko zela iragarri ondoren, oraingoan, flandriar independentistek dinamizatu duten koalizioa osatu da. Historian lehen aldiz, hiru flandriar alderdi eta Valoniako alderdi minoritario bat batu dira. «Experimentu politiko» honen aurrekariak, arrazoiak eta inplikazioak Euskal Herritik begiratuta aztertzea beharrezkoa den ariketa da.

Belgikako egoera politikoa ulertzea ez da erraza. Flandriarrak eta valoniarrak, neerlandera eta frantsesa, bi kultura, bi hizkuntza, bi mentalitate politiko eta, bien artean, itsasgarri, Brusela: Europako hiriburua, Flandriako lurraldean kokatua, biztanleen ia %80 frantses hiztuna dena. Flandria, hein batean, eta gauzak sinpleki adieraztearren, sinplifikazioan erortzeko arriskua aitortuz, kontserbadoreagoa da, merkatu librearen aldekoagoa. Valoniarekin alderatuz, tradizionalki sozialisten esku egon dena, langabezia ia erdia eta errenta per kapita %25 handiagoa dauka. Eta hizkuntza eta kultura arloetakoaz gain, bi komunitateen artean etsaitasun ekonomikoa ere badago: Flandriak, nolabait, Valonia diruz laguntzen duela. Erantzukizun horren izenean, eskumen fiskal berriak eta Gizarte Segurantza eskatzen ditu, eta, Valoniak, aldiz, estatu federalen elkartasun printzipio oinarrizkoaren izenean, erabateko ezezkoa ematen dio. Iparralde «aberatsa» eta hegoalde «pobreagoa» beti aritu dira hika-mikan, sarritan, diskurtso populista hutsal eta arriskutsuei bide emanez.

Agian, estatu batu gisa, Belgika azkenetan dela esatea gehiegizkoa da, baina 2010eko ekaineko hauteskundeen ondoren, «desgobernuaren munduko errekorra» hautsita –539 egun gobernua osatu ezinik–, eta paralisi egoerak kateatua, desegiten ari zen estatuaren ideia asko indartu zen. Bazirudien Belgikako bi komunitateak eraso pasiboko espiralean murgildu zirela betiko, helburu komun oro urrun geratzen zitzaiela, baina, nork bere hitzekin adierazita ere –«verrottingsstrategie» neerdaleraz eta «strátegie du pourrissement» frantsesez–, bat zetozela asmoetan: egoera usteltzen utzi, errealitate berri baten ongarri bilakatu zedin.

Azkenean, baina, teoria politikoan «compromis á la belge» bezala ezagutzen dena gailendu zen beste behin. Hots, alde ezberdineen interesak asetzen dituen konponbidea bilatzeko artea, hitzarmenaren eta konpromisoaren bitartez ezinezkoa zirudiena nahitaezko egitearen artea, hain zuzen. Bazirudien, konponbiderik ezean, bi komunitateak modu zibilizatuan banantzea zela bidezkoena eta zentzuzkoena, baina, azken unean, Belgikako politika aski aldrebestuak lortu zuen ataka hartatik ateratzea.

«Nil Volentibus arduun»

2010eko hauteskundeetan, flandriar independentismoak irauli egin zuen Belgika. Flandriaren independentzia xede duen N-VA alderdi errepublikarrak aurreikuspen guztiak gainditu eta Belgika osoko lehen alderdi bilakatu zen. N-VAko liderra den Bart de Weverrek irabazle gisa egin zuen lehen diskurtsoa latindar atsotitz famatu horrekin hasi zuen: «Egiazki desiratuz gero, ezer ez da ezinezko». Bere mezua argia izan zen: Fladria eta Valonia soilik helburu komunak dituztenean batzen diren bi entitate banandu eta deszentralizatu bihurtzea proposatu zuen. Konfederazio deitu zuen; hots, azken helmuga indepentzia duen bidean igaro beharreko tarteko helmuga.

Valoniarentzat otso gaiztoa da Bart de Wever. Elio di Rupok, Valoniako sozialisten buruak, hitzez estatuaren erreforma sakona bultzatu, baina ekintzaz ez zuen de Weverrekin adostu egitasmo hura. Ondoren etorri zena gauza jakina da: ia bi urte gobernurik gabe, munduko errekorra hautsi eta, azkenean, in extremis, hiruko akordioa «familia ideologiko» tradizionalen artean: Flandriako eta Valoniako kristau-demokratak (CD&V), Flandriako eta Valoniako liberalak (Open Vld/MR) eta Flandriako eta Valoniako sozialistak (sp.a/PS). Modu honetan, bestalde, idatzi gabeko arau bat bete zuten: gobernu federala osatzerakoan, bi hizkuntz komunitateetan gehiengoa izatea ez da nahitaezkoa, baina politikoki askoz hobea da.

2014ko maiatzeko hauteskundeetan, baina, joerak indartu egin ziren. 2010ean irabazle atera zen alderdiak, «independentista erradikalegia» zelako albo batera utzi zuten N-VAk, nagusitasun handiagoz irabazi zituen hauteskundeak. Ganbera federalean, Valoniako PSk baino 10 puntu eta 10 aulki gehiago aterata, gobernagarritasuna bermatzeko ezinbestekoa bilakatu zen. Aritmetikak bi aukera uzten zituen: «familia ideologikoen» hirukoa errepikatzea edo N-VA gobernu federaleko kide indartsuena egin, eta koalizio berri bat entseatzea.

Logika konfederalari jarraiki, Flandriako gobernua osatzeari eman zion lehentasuna N-VAk eta bertako kristau-demokratekin eta liberalekin osatu zuen. Valonian eta Bruselan, PSk osatu zuen gobernua, Charles Michel buru zuen Mouvement Réformateur (MR) alderdi liberala bazterrean utziz. Agian, MR alderdiak PSrekiko errebantxa gogoa zuelako eta, dudarik gabe, N-VAk Valoniako PSk Belgikako politika federalean urteetan izan duen nagusigoari amaiera emateko gogoa zuelako, azkenean, Flandriako gobernua osatzen duen hirukoak eta Valoniako liberalek osatu dute Belgikako gobernu koalizio berria. Munduan «koalizio kamikazea» izenez ezagutu dena.

Zergatik «kamikaze» hitza?

Flandriako eta Valoniako egunkarietan hasi ziren gobernu koalizioari izen hau ematen. «Koalizio kamikazeak», funtsean, desoreka handia du: Belgikako parlamentuan dauden 150 eserlekuetatik 66 ordezkatzen dituen gehiengo flandriarra eta 150etik 20 ordezkari dituen gutxiengo frankofonoa biltzen ditu. Hiru flandriar alderdi, buru N-VA alderdi independentista dela, eta valoniar alderdi bakarra, Belgikako lehen ministro Charles Michelek zuzentzen duen MR.

Ekuazio hori politikoki buruaz beste egitea dela iruditzen zaio askori Valonian. Eta, egiazki, orain arte Belgikan nagusitu den logika politikoan, sen onean lurrikara bat eragin du. Badira, hala ere, zorte apur batekin, eta Europako nahiz Belgikako garapen ekonomikoa ona bada, duela hiruzpalau urte haustera kondenatuta zegoen herrialdea egonkortzeko formula bezala hartu nahi dutenak. Dena dago ikuskizun, ordea.

Hauteskundeak egin eta 138 egun geroago ofizialdu zen gobernu honen alde inor gutxik egiten du apustu, luzaroan iraungo ote duenaren inguruan zalantza handiak daude eta Belgikako historian gobernu iragankorrera izan daitekeela diote askok.

Bai, bitxia eta aztertzekoa da gobernu belgiarra osatzerakoan gertatu diren aldaketa eta berezitasunak. Bi hizkuntz komunitateetan gehiengoa izan gabe osatu izan da noiz edo noiz gobernua, eserleku bat edo biren faltan, baina sekula ez egungoa bezalako egoeran –komunitate frankofonoaren heren bat baino gutxiago ordezkatuz–. Lehen aldia da Belgikako gobernu federalean Valoniako gobernuan ez dagoen ordezkaritza valoniarra dagoela. Berezia da, halaber, lehen ministroa koalizioko talde handienaren ordezkaria ez izatea. Charles Michelek arrisku handiak hartu ditu, bestalde, «eskuineko agenda» bat historikoki «ezkerra bozkatu» duen Valonian ezarri nahi izatean. Ez dira falta «Kamikazea ezinezko misioan» ikusi dutenak.

Izan ere, independentzia aldarrikapenak eta konfederazioaren bidean estatu erreforma sakon baten aldeko apustua taktikoki alboratu, edo hobe esanda, atzeratu egin dituzte Belgikako gobernuan lehen aldiz parte hartuko duten N-VAko independentistek. Neurri ekonomikoak lehenetsi dituzte gobernu programan eta, hala, besteak beste, erabaki dute erretiroko adina 65 urtetik 67ra pasatzea, inmigrazio eta asilo neurri zorrotzagoak hartzea, Belgikako zorra gutxitzeko murrizketa andana ezartzea eta zentral nuklearrak 2025 urtera arte lanean aritzea.

Horrek guztiak bultzatu ditu Elio di Rupo sozialista frankofonoak eta sindikatuak gobernu berriaren aurkako «gerrilla kanpaina iraunkorra» deitzera. Erraz igartzekoa da gobernu berriak hizkuntz komunitateekiko harremanetan baino gehiago sindikatuekiko harremanetan izango dituela arazorik handienak, grebak eta bestelakoak sartu baitituzte zerbitzatuko dioten menuan.

Charles Michel gobernuburuak, Belgikako errege berri Philippek izendaturiko lehenak, historiako gazteena (38 urte) eta Europako komisario eta Belgikako Kanpo Arazoetarako ministro izandako Louis Michelen seme denak, bere alderdiko zazpi kide izendatu ditu ministro. 150 eserlekuetatik 20 eserleku dituen alderdi batek gobernuburua eta 14 ministerioetatik zazpi eskuratuta –parekidetasuna ez bezala, agindu konstituzionala da gobernuan neerlandar eta frantses hiztunen komunitateen ordezkaritzak baliokideak izatea–, gainordezkatuta dagoela pentsa daiteke, nolabaiteko defizit demokratiko bat dagoela, bai. Datu hau ere aipatzeko modukoa da: gobernuko indar nagusi flandiar N-VAk bere egin ditu Finantza, Defentsa eta Barne ministerioak. Ez dira distira handiena dutenak, baina botere oso handia dutela ezin da ukatu.

Euskal Herritik begiratuta, bitxia eta deigarria da Flandriako independentisten esku egongo direla Belgikako Finantzak, Armada eta Poliziaren ardura. Ez ordea hango kultura politikoaren ikuspuntutik, ezta Flandriako independentziaren bide orriaren beharrak behatuz ere.

Komunitate frankofonoan deabrututako flandriar independentistek ez diote uko egin Flandria independiente baten ametsari. Ez horixe. Datozen urteetarako, ordea, konfederazioaren bidean bere agenda mantsotu eta lehentasuna eman diote ekonomiari eta, nolabait, Belgikako etxe komunean «ordena pixka bat» jartzeari. Hogeita bost urtez gobernuan izan diren Valoniako sozialistak kanpoan utzi dituztela ez da ahaztu behar eta, beste hark esango zukeen bezala, «gobernutik kanpo hotz handia egiten duela» ere ez.

Azken urteotan irabazi garbiak eta handiak eskuratu dituzte N-VAko independentistek. Badirudi orain irabaziok egonkortzeko ordua heldu zaiela. Eta horretarako, oso arrazoizkoak diren jarrerak izan dituzte, frantsez komunitatea «ez beldurtzeko» moderazio kalkulatu bat erakutsiz. Jakina ez dutela independentziaren aukera baztertu, beste herri askotan bezala, arrakasta izateko aukera arrazoizko bat eskura dutenean, agendaren lehen puntua izango da eta.

Gauza asko dago ikuskizun oraindik Belgikako gobernu berri eta berezi honen inguruan. Ikuskizun dago PSk «Valonia zapaltzen duen eta Flandriak dominatzen duen Estatu Federalaren gobernuaren» diskurtsoa erabiliko duen. Alegia, flandriarrak deabrutzeko erabiltzen zituen argudio berak erabili, eta desestabilizazio kanpaina bati ekingo ote dion. Ikuskizun dago «larrialdi sozio-ekonomiko bati aurre egiteko» osatu den koalizioak, «eskuineko agenda» izango duenak, Valonia gobernatzen duten «ezkerreko indarren» aurkakotasuna izango duen ala ez. Urteetan karikatura izateraino iritsi den Estatu Federala versus Flandria ekuazioa ez ote den orain Estatu Federala versus Valonia bilakatuko.

Belgikaren sortzaileek errege bat behar zutela erabaki zutenean, hautagai egoki baten bila «erosketak» egitera joan ziren Europan barrena. Frantziako erret familiak haien eskaintza errefusatu zuenean, «langabezian» zegoen aristokrata aleman baten alde –Sajonia-Coburgo–Gothako Leopoldo printzea– egitea erabaki zuten. Dinastia bereko laurogeitaka urteko Alberto erregeak bere seme Philippen alde abdikatu zuenean, errege berriak behin eta berriz errepikatu zuen bere hitz fetitxea: «federalismo kooperatiboa», «nouvelle Belgique» horren giltzarri. Asko dira «koalizio kamikaze» honekin federalismo kooperatiboak arrakasta izango ote duen galdetzen dutenak. Nork daki!?

Baina hala ez balitz, Flandria eta Valonia subjektu politiko bereizi bezala pentsatzen eta jokatzen segitzen badute, Belgikaren inplosio geldoa denbora kontua dela konbentzituta, Belgikako «iparraldearen» eta «hegoaldearen» arteko harmonia ezinezkoa bada, aurreratu daiteke etorriko den hurrengo fasea konfederalismoarena izango dela. Valonia eta Flandria bi herrialde banandu eta deszentralizatu bilakatuko dira, soilik ezinbestekoa denean –eta bakarrik orduan– elkarrekin funtzionatuko dutenak. Eta ez al da hori, funtsean, N-VAren eta PSren kalkuluen emaitza? Ez al da hori, bi hitzetan, independentziaren bezpera?