Arantxa Urbe

Ekonomiak hezkuntza unibertsala baldintzatzen duenekoa

Aurrekoan genion hezkuntza funtsezko giza eskubidea eta pertsonon eta jendartearen garapenerako tresna erabakigarria dela. Horregatik, Nazio Batuen Milurtekoaren Garapeneko Helburuetan bigarrena da Lehen Hezkuntza unibertsala lortzea, funtsezkoa baita haurtzaroak duen pobrezia mehatxu zirkulua gainditzeko.

Begira diezaiogun, ordea, munduari: 57 milioi haur ez dira eskolara joaten, eta beste hainbestek hezkuntza ez jarraitua edo eskasa jasotzen dute. Eskolara joaten ez diren haurren %42 gatazkak jasaten dituzten herrialde txiroetan bizi dira. Garapenean diren herrialdeetan 100 haurretik 87k soilik lortzen du Lehen Hezkuntza gainditzea. Eskolatze kopuru baxuena Saharaz hegoaldeko Afrikan dago; eskola adinean diren haurren %65 soilik joaten dira eskolara.

Bigarren Hezkuntzan, bost nerabeetatik bat ez da eskolara joaten. Kopuru baxuena, Afrika mendebaldean eta ekialdean dago: han, mutilen %24 eta nesken %22 daude matrikulatuta. Bigarren Hezkuntza erabakigarria da nerabeen prestakuntzarako, garapenerako eta babeserako.

Dakarren (Senegal) Hezkuntza Mundu Foroa egin zuten 2000. urtean. “Hezkuntza Denentzat: gure konpromiso komunak betetzea” ekintza markoa onartu zuten 160 herrialdetik gora: helburua, 2015erako gehienez, haur, gazte eta heldu guztien hezkuntza beharrak asetzea.

Helburua lortzeko 2002tik hezkuntzari emandako laguntza etengabe handitzen joan bazen ere, orain joera horrek kontrako bidea darama: 2010 eta 2011 artean hezkuntzari eskainitako dirua %7 gutxitu zen. Oinarrizko Hezkuntzaren hamar laguntzaile garrantzitsuenetik seik laguntzak murriztu egin zituzten: Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Japonia, Norvegia eta Herbehereak. Haatik, Alemaniak, Australiak, Suediak eta Erresuma Batuak laguntzak handitu egin dituzte. Azken hau bilakatu da emaile nagusi, Ameriketako Estatu Batuen lekuan.

Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi da munduko haur eskolatu gabeen erdia baino gehiago; eremu horretara zuzendutako laguntza, baina, %7 gutxitu zen. Era berean, Nigerian dago eskolatu gabeko haur kopuru handiena. Hala ere, ez dago laguntzen hamar hartzaile nagusien artean, eta jaso zuena heren bat gutxitu zen.

Azken ikerketen arabera, kalitate eskaseko hezkuntza uste baino analfabetismo arrasto larriagoa uzten ari da: lau gaztetatik bat –175 milioi nerabe– ez da gai esaldi erraz bat irakurtzeko; 250 milioi haurrek ez dakite ongi irakurtzen, idazten ezta kontatzen ere. Gaurko joerak jarraituko balu, 2072ra arte ezingo da gainditu garapen bidean diren herrialdeetako nerabe txiroenen analfabetismoa. Gainera, aberatsagoak diren herrialdetako hezkuntza sistemek porrot egiten dute kopuru aldetik esanguratsuak diren herri gutxituetan. Munduan eskolatutako haurren kopuruak gora egin badu ere, aurrerapen eskasak egin dira Lehen Hezkuntzako azken mailara iritsi aurretik eskola uzten duten haurren zenbatekoa gutxitzeko.

Irailaren 8a da Alfabetizazioaren Nazioarteko Eguna. Aurtengo lema, “Alfabetizazioa eta garapen jasangarria” izan zen. «Alfabetizazioak bizitza aldatzen du, eta bizitza salbatzera ere irits daiteke», aldarrikatu zuten. Alfabetizazioaren boterea azpimarratu zuten pertsonek beren hazkunde ekonomikoa, garapen soziala eta integrazioa ahalbidetuko duten aukerak hautatzeko. Era berean, bizitza osorako ikaskuntzaren oinarria da, jendarte jasangarri, emankor eta baketsuen sorreran berebiziko papera jokatzen du.

Eta non gaude emakumeak? Munduan dauden 781 milioi heldu alfabetatu gabetik bi heren gara. Kopuru hori ez da hobetu 1990etik. Bestalde, “Munduan Hezkuntza Denentzat” dokumentuaren jarraipenerako txostenaren arabera, emakume guztiek Lehen Hezkuntza jasoko balute, haur-heriotza seiren bat eta amen heriotza bi heren gutxituko lirateke. Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asiako hegoaldean eta mendebaldean haur-ezkontzak % 14 gutxituko lirateke, eta % 64 Bigarren Hezkuntza osatu ahal izango balute.

Imajinatzen duzu nolakoa litzatekeen mundua neska-mutil guztiak eskolara joan eta oinarrizko ikasketak amaitu ahal balituzkete... •