Garazi Goia

Erretratua

Hego Korean izan berri naiz. Duela lau urte egindako bidaiako lehenengo aldiak izan zuen nobedade eta ezezagunaren shocka gaindituta, eguneroko beste detaile batzuetan erreparatu ahal izan dut. 25 milioi biztanleko metropolia apartamentu ñimiñoez betetako etxe orratzen presentzia antiestetikoak menderatzen du. 24 ordutan itzaltzen ez diren neonezko argiek inoiz lokartzen ez den hiria apaintzen dute. Inoiz ikusi ditudan trafiko ilara luzeenetan, derrigorrez pazientzia izugarria izan behar duen jendea dabil, etxetik lanera, lanetik etxera. Lan egunetan, batez beste lau ordu kotxean pasatzea ohikoa dela esan digu taxi gidariak. Hiru egunetan alde batetik bestera eraman gaituen gizona aspertuko zen gure egonarri gutxiko aipuekin, nola liteke posible egunero hainbeste denbora horrela pasatzea, zein izango dira baten burutik pasatzen diren pentsamenduak itxaronaldi luze hauetan. Telebista bat daukate kotxe gehienetan, geldiune amaigabeetan entretenitzeko. Koreako telebista publikora egin dugun bisitan jakin dugu trafikoari buruzko informazio ematen duen aplikazio bat dela kotxeetako telebistetan gehien ikusten den edukia. Pazientzia oraindik gehiago frogan jartzeko.

Aurrerapena, anbizioa eta lan on bat edukitzea gazteen DNAn daude, lan etikaren ezaugarriek gureekin talka egiten dute hainbeste arlotan. Ordu luzeak eta konpromisoa beharrezkoak dira, baina inork ez du hori zalantzan jartzen, horrela izan behar da. Haurrak dituzten gurasoek nola egiten duten galdetu diot bertan ezagutu dudan bati. Zaintzaileak dituzte, astean zehar ez dago guraso-haurren artean interakzio gehiegirik, esan dit. Haur batzuek eskolan hamabi ordutik gora ematen dituzte.

Multinazional baten campusean egon naiz. 15.000 pertsona baino gehiago jasotzen ditu egunero barruti itxi batek, herri baten azpiegitura eta antzeko dinamika nabaritu ditut hasieratik. Protokolo zorrotzak jarraituz, langileak ilaran daude telefonoetako argazki kamerak pegatina batekin estaltzeko. Seguritate neurriak soberakoak dira. Esan digute negozio sail ezberdinen artean mezuak eta dokumentuak partekatzea debekatuta dagoela, konfidentzialtasun arau hertsien isla. Bilerak iraun duen ia sei ordutan Internet erabiltzerik ez dut izan, beste seguritate neurri bat. Eraikinen barruko kafe-etxeetan eta perfekzioan diseinatutako aisialdirako espazioetan jendea dabil etengabe 25 ordutan. Irribarrez. “Truman Show” batean sentitu naiz. Zalantzarik gabe.

Erritmo frenetikoa antzematen da leku guztietan. Horrek, guri (eta ziurrenik bertakoei ere) sortzen digun nekea baretzeko, kaleetako edozein izkinatan kafe-etxeak daude, pilak kargatu eta indarberritzeko. Ez naiz deskribapena handizkatzen ari, 100 metroko kale batean hamabost kafe-etxe kontatu ditut; europar kafe kulturaren imitazioa, amerikar kafe-etxeak edo korear bertsioak bata bestearen ondoan jarriz, eraikinetako lehenengo bost pisuetan, edozein lekutan.

Kapitalismoa nabarmena da. Saltoki gune modernoetan elkartzen da jendea, afaltzeko, iluntzeko kafea hartzeko eta erosketak egiteko. Etengabe. Dirua xahutuz.

Tradizioak deuseztatzea eta iragana ezabatzea kontzienteki egin duten pausua dela iruditzen zait (adibidez alboko Japoniak tradizioa eta aurrerapenaren artean duen dikotomia interesgarri horretatik urrunduz). Iragana errotik ateratzea gupidagabe egin duten zerbait dela pentsatzen dut, baina ez dut damurik sentitzen bertako jendearekin izan ditudan elkarrizketa mugatuetan. Aztarna guztiak aurrerapenarekin estaltzea lortu dute, aurrera begira egiten ari diren bidaia sutu horretan. Zertarako atzera begiratu. Etorkizuna da balio duena. Erreka handi batek bitan banatzen du hiria. Hegoaldean zeuden nekazari lurretan ez dago berdegune bakar bat.

Seuleko liburu denda handienera joan naiz libre neukan arratsaldean. Hiriaren handitasunaren erreflexu, solairu bakar batean zabaltzen den espazioan bezainbeste liburu ez dut sekula ikusi. Sail internazionalean, hiriaren historiari eta eragin sozialari buruzko idatziak bilatu ditu. Behin eta berriz elkarri egin dizkiogun galderen erantzunen bila: zein dira hemengo zoriontasunaren parametroak? Zoriontsu ote da hemen jendea? •