Oihana Llorente Arretxea

Parte hartzea, eskubideetan eta gobernatzeko ereduan sakontzeko apustua

Erakundeen zereginetan eta proiektuak erabakitzeko tenorean herritarrek eragiteko gaitasuna izatea sustatu nahi du parte hartzeak. Gipuzkoako Foru Aldundia horretan saiatu da legegintzaldi osoan eta orain, Zestoan, herritarren esku utzi du izaera estrategikoa duen azpiegitura baten gaineko erabakimena.

Parte hartzea herri programetan ageri den promesa bat baino askoz gehiago izan daiteke. Horretan tematua dago bederen Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzako zuzendaria eta horren aldeko apustu irmoa egin du azken hiru urteotan.

Aldundiak 2010eko uztailean onartu zuen Gipuzkoako lehendabiziko Herritarren Partaidetzarako Foru Araua. Asmoak paperaren gainean zirriborratu zituztenik apenas lau urte pasa ez badira ere, herritarren esku utzi berri dute Foru Aldundiko arduradunek izaera estrategikoko azpiegitura baten gaineko erabakimena. Izan ere, Zestoako herritarrek izango dute materia bizigabearen biltegia Osinbeltzeko harrobian jartzearen inguruko azken hitza. Ez da Gipuzkoako Aldundiak egiten duen lehen kontsulta, baina, aldiz, bai estrategikotzat jotako azpiegitura baten gaineko estreinakoa.

Ibiltzen ikasi

Igandean, parte hartze ariketa ikusgarri batean kataluniarrek euren etorkizuna nola erabakitzen zuten bertatik bertara ikusi zuen Ruiz de Larrinagak. Bestondoan hartu gaitu, oraindik ere Bartzelonatik ekarritako ilusioa eta irakaspenak zorrotik atera gabe. Zestoako kontsulta dagoeneko abian den parte hartze prozesu baten barneko beste urrats bat izango dela nabarmendu du Herritarren Partaidetzako zuzendariak, eta datorren urte eta legegintzaldian egingo dela aurreratu digu. Ruiz de Larrinaga pozarren da herri galdeketarekin, baita Zestoako Udala eta bertako herritarrak ere.

Erakundeen zereginak eta proiektuak erabakitzeko tenorean herritarrek eragiteko gaitasuna izatea sustatu nahi izan du Arantza Ruiz de Larrinagak zuzentzen duen zuzendaritzak. Eta ez dira gutxi izan ibilbide horretan ematea egokitu zaizkion urratsak. Foru Araua onartu eta urtebetera, 2011n, hartu zuen kargua. Gogoan duen moduan, arauak gauzak egiteko aukera eskaintzen zien arren, «dena egiteke» zegoen. Bertigorik gabe igerilekura salto egin eta igeri egiten ikasi dute, erakundearen barneko uretan, baina baita, noski, herritarrekin batera partekatutako itsasoan ere.

Ordura arteko herritarren partaidetzarako bulegoa itxi eta ahaldun nagusiaren kabinetearen barruan zeharkako izaera duen zuzendaritza osatu zuten, parte hartzeari erakundearen organigraman balio erantsia eskainiz. Eta, egin nahi zutenaren gainean eztabaidatzean baino, egitean jarri dute arreta. «Parte hartzearen kultura zabaldu asmoz, gipuzkoarrentzat parte hartzeko aukerak eta esparruak sortzen jarri dugu indarra, eta proiektu esanguratsuenetan zentratzeko apustua egin dugu», laburbildu digu hitz gutxitan.

Parte hartzearen bidea ibiltzen hasi orduko, Gipuzkoako udalek eta Aldundiak eskutik hartuta aritzeko topalekuaren beharra sentitu zuten. «Parte hartzearen arloa nahiko berria zen orduan, ez zegoen apenas ez teknikari espezializaturik ez egiturarik. Hortaz, bidea elkarrekin ibiltzeko helburuz osatu genuen Herritarrekin Sarea», ekarri du gogora Ruiz de Larrinagak. Aldundiaren eta 77 udaletako hautetsi eta teknikarien arteko lankidetzari esker osatu zuten herritarren partaidetza sakondu eta sustatu nahi zuen sarea. «Trebakuntza elkarrekin egin dugu, eta beharrezkoa genuen materiala ere elkarrekin ekoitzi dugu. Finean, trebatzeko eta aritzeko espazio kolektibo bat osatu dugu», dio. Sarearen baitan herriaren tamainaren araberako lantaldeak daude, ezaugarri antzekoak dituzten herriek elkarrengandik ikas dezaten.

2012an martxan jarri zenetik bortzehundik gora partaidetza prozesu jarri dituzte abian. Gehienak herri mailan, baina ez dira gutxi izan Aldundiak berak martxan ipinitakoak. Amaitzear den garraio publikoaren gainekoa da horietako bat. Mimoz diseinatutakoa izan da, eta, Ruiz de Larrinagak nabarmendu bezala, herritarren parte hartzea «lehen segundotik» hartu da aintzat. «Askotan politika bat definitu, txosten bat egin eta horren gainean eskatzen ditugu ekarpenak. Abiapuntua erakundean dago eta herritarren eragiteko gaitasuna txikiagoa da horrela. Autobus zerbitzua zehazterako orduan, herritarrekin egon gara lehendabizi, haiek egin dute lehen ebaluazioa, eta, jarraian, horretan oinarrituta egin dute teknikariek aurreproiektua», zehaztu digu. Aurreproiektua eskuetan bigarren itzuli bat egin dute eskualdeetara, eta, bertan ere, teknikoekin hartu-eman zuzenean, aldaketak egiteko parada izan dute berriz herritarrek. Oraintxe, urtebete inguruko prozesu baten ostean, emaitzak aurkezten ari dira eskualdez eskualde.

Inbertsioa handitzeko prest

Ilusioz azaltzen ditu Ruiz de Larrinagak proiektu honen gorabeherak. Bertan parte hartu duten 4.500 herritarren iritzia kontuan hartzeko, garraio publikoan inbertitzea aurreikusita zuten dirua dezente handitu behar izan dutela ere gaineratu du. «Herritarrek izan duten eragiteko gaitasuna oso handia izan da. Hasteko, ez zegoen eztabaida baldintzatuko zuen aurreproiekturik, eta dirua ez da muga izan. Partaidetza prozesua abiatzerakoan ziur geunden seguruenera inbertsio handiagoa exijituko zitzaigula, eta prest ginen horretarako», dio harro.

Aurrekontu parte hartzaileak ere izan dira Gipuzkoaren marka, 25 herrik baino gehiagok jarri izan dute-eta urteotan partaidetza mekanismoren bat abian urteko zenbakiak borobiltzeko ariketa horretan. Herrialde mailan, aldiz, lau eskualdeetako herritarrek izan dute 500.000 euro non inbertitu erabakitzeko aukera. Zehazki, Urola Erdialdean, Tolosaldean, Oiartzualdean eta Bidasoan egin dituzte aurrekontu parte hartzaileak zehazteko ariketak. Garraioaren gaineko prozesuan baina jende gutxiagok parte hartu duen arren, jasotako erantzunarekin pozik da Ruiz de Larrinaga. «Garraioaren gaia askoz gertuagokoa da. Aldunditik aurrekontuen gaia bera ere herritarrei hurbiltzen ahalegindu gara, finean eskura jarri diegun 500.000 euroekin euren eskualdea nola hobetu erabaki dutelako, baina ez da erraza halako gaiak gertu sentitzea», dio apur bat penatuta.

Herritarrei lar interesgarria egiten ez zaien arren, aurrekontua erakundeen urteko proiektu garrantzitsuena dela defendatu du, eta, beraz, egoki deritzo aurrekontua prestatzeko lanetan herritarren parte hartzea sustatzea. «Estrategikoak eta garrantzitsuak diren gaiak jarri nahi ditugu herritarren eskura», dio ziurtasunez.

Erakundean, iraultza

Aurrekontu parte hartzaileek erakunde barnean «iraultza» eragin dutelakoan dago zuzendaria: «Logika zeharo aldatu da. Lehen Aldundiak erabakitzen zuen zer eta nola gastatu. Orain, aldiz, herritarrek eurek erabakitzen dute 500.000 euro horiek zertan inbertitu eta Aldundiak diru hori bai ala bai gorde eta euren erabakia errespetatu behar du».

Parte hartzearen kultura hedatzen ari dela ziur da. Martxan ipini diren partaidetza prozesuen kopuruagatik bakarrik asko eta asko dira haietan parte hartu duten gipuzkoarrak. «Hondakinen kudeaketaren inguruan hogei herritan egin diren ariketetan 18.000 biztanlek hartu dute parte, beste 4.500 lagunek garraio publikoa diseinatu dute, eta, une honetan, 80 prozesu baino gehiago daude martxan», laburbildu du.

Zenbakiei begiratu baino, aldiz, prozesuaren nolakotasunei erreparatzeko gomendioa ere egin digu. «Taldeak anitzak badira, adin, zonalde edo sexu desberdinetakoak biltzeko balio badute, oso interesgarriak dira», dio sarri ahaztutako alde kualitatiboa nabarmendu guran.

Ruiz de Larrinagarentzat garrantzitsuena prozesuak irekiak izatea da, nahi duen orok ateak zabal-zabalik aurkitzea, alegia. «Lehen aurrez hautatutako herritarrek hartzen zuten parte bakarrik, eta hori oso elitista da. Parte hartzea sustatzen saiatzen gara gu, eta herritarrek benetan eragin dezaten nahi dugu. Horretarako prozesuaren une bakoitza zaintzen ahalegintzen gara», dio.

Zuzendariaren arabera, gainera, eragitea da errepikatzeko gakoa. «Prozesuaren emaitza itzuli eta jendearen iritzia kontuan hartzen dugula ikusten dutenean, eskainitako denbora eta ahaleginak zerbaitetarako balio izan duela ikusten dute. Gustura geratuz gero, errazago hurbildu dira hurrengo ariketara», gaineratu du.

Asko dira ia lau urteotan aurrera eramandako parte hartze prozesuak; bat aukeratzekotan, baina, orain urtebete Igeldon egin zen herri galdeketa hautatuko luke. «Oso prozesu interesgarria izan zen, herri galdeketak prozesu oso bati eman baitzion amaiera. Prozesurik gabeko galdeketak, eraldaketa ikuspegi batetik behintzat, ez du-eta zentzurik. Diseinua ere, ederra izan zen. Hasieratik amaierara arte bertako Herri Kontseiluarekin adostu genuen-eta», zehaztu du.

Kontsulta egunean Igeldora bertaratu zen Ruiz de Larrinaga eta ez du ahantzi bertan sentitzen zen ilusioa. «Itziarren ere berdina sentitu nuen ondoren. Badira Gipuzkoan urte askoan egoki kudeatu ez eta frustrazio handia eragin duten hainbat gai. Hura ere sumatzen zen Igeldon eta behingoagatik entzunak sentitu zirela uste dut. Haien erabakiak, gainera, erabat baldintzatu zuen Aldundiaren ondorengo jarrera», ekarri du gogora.

Parte hartzearen oinarri-oinarrian herritarrek duten eskubidea dago Ruiz de Larrinagaren begietara. Jakin badaki herritarren nahiak entzunez eta modu deszentralizatuan gobernatuta, erabakiak eraginkorragoak direla. Zin egin digu, baina, ikuspegi funtzionala ez dela bere politikan gidari. «Noski, gobernatu ere hobeto gobernatzen da horrela, baina ikuspegi motza litzateke hori. Demokrazia demokratizatzea da gure helburua», gaineratu du.

Ustelkeriak eta krisiak eztanda egin duten garaiotan, parte hartzea modu kosmetikoan erabiltzen dela ere ohartuta dago. Hala jokatzen dutenek, baina, parte hartzea diskurtsoan besterik ez dutela erabiltzen deritzo Herritarren Partaidetzako zuzendariak.

«Nork dio erraza izango dela?»

Ez da erraza Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakunde bat moldatu eta urteetako inertziak aldatzea. «Ez herritarrak, ez teknikariak, ezta ordezkari politikoak ere ez gaude horretarako prestatuta, baina nork esan zuen erraza izango zela?», itaundu du barrez. Borondate politiko argiak edozer egiten du posible. Hala deritzo bederen Ruiz de Larrinagak, eta poliki-poliki trebatzen eta ikasten joan direla nabarmendu du.«Modu planifikatuagoan aritzen gara orain, metodologiari garrantzia emanez. Praktikarekin asko ikasi dugu», dio segurtasunez.

Erakunde barruan ere aldaketa franko egin dituzte, departamendu orotan partaidetza aintzat hartua izan dadin. Laster, gainera, parte hartzerako lantaldea osatuko dute. «Eskerrak igerilekura salto egin eta igeri egiten hasi ginela. Izan ere, baldintzak eduki arte itxaron izan bagenu, legegintzaldia agurtuko genuke deus egin gabe», dio ironiaz.

Ume zein heldu, eraikin baten geroa erabakitzen Seguran

1982. urteaz geroztik, postetxea eta komun publikoak barne hartzen dituen Errebote eraikina dago Segurako herriko plazaren aldamenean. Erabilpen eskasagatik itxita daude komunak, eta jardunerako baldintza egokiak ez zirelako lekuz aldatu dute postaria bera ere. Dagozkion funtzioak ez ditu betetzen, beraz, eraikinak. Gainera, eraikinaren itxura bera ere ez da segurarren gustukoa. «Ahoz aho eraikin kritikatua izan da oso, estetikoki ez baita txukuna», azaldu du Eluska Gerriko alkateak.

Bolo-bolo zebilen iritziari zifra ipini eta eraikinaren geroa modu kolektiboan erabakitzeko parte hartze prozesua martxan jartzea deliberatu zuen Udalak. Herriko plazako erabiltzaile dinamikoenak umeak izaki, haiei ere hitza eta erabakia ematea otu zitzaien. Eskolan zein herrian egindako informazio prozesu baten ostean, maiatzaren 18an hautestontziak ipini eta 6 urtetik gorako herritarrek izan zuten bozkatzeko aukera. 1.5000 biztanle inguru ditu Segurak eta horietatik 519k eman zuten boza. Herritarren %92k eraikina botatzeari eman zioten babesa, 36 segurarrek egin zuten eraikina txukuntzearen alde eta hiruk zuriz bozkatu zuten.

Pozarren dago Gerriko bai prozesuarekin bai emaitzekin, bereziki hiru boto zuri horiekin: «Alde bateko ala besteko iritzia izan gabe, parte hartzea baloratu dute». Umeek bozkatzerakoan zuten ilusioa ere gogora ekarri du. Alkatearen ustez, «parte hartu eta bozkatzeko ohitura txertatzen lagundu dugu, eta, noski, eurak aintzat hartu ditugu».

Prozesuan zehar goizez zein arratsaldez bilerak antolatu zituzten, bai euskaraz bai gazteleraz ere. Eta datu kualitatiboez harago, eraikinak eragiten duen jarrera ezagutzeko, parkean, merkatuan ala zahar egoitzan iritziak biltzen egon dira. Herri kaskoko eraikina izanik, Errebotearen gaineko erabakiak Lakuako Gobernuak hartzen ditu, eta, hala, baimendutako esku hartzeen artean, erreforma eta birgaitzea baino ez dira agertzen. Udalak, orain, herri kontsultako emaitzak helarazi eta aukera horien artean eraustea bera ere jasotzea aldarrikatu du. Erantzunaren zain dira oraindik, baina, azkenean, «beti herritarren ahotan ibili den gai baten irtenbidea bidean jarri» dutelakoan da Gerriko.

Porto Alegre eta Keralan ikasitakoa altzoan

Azken bi hamarkadotan munduko beste zenbait herrialdetan ere herritarren partaidetzarako tarteak ireki diren arren, 1989. urtea eta Brasil dira partaidetzaren erreferente nagusiak. 1988ko hauteskundeetan PT Brasilgo Langileen Alderdiak 36 udalerritan hauteskundeak irabazi ondoren, ireki ziren aurrekontuak egiteko partaidetza prozesuak. Herritar orori irekitako prozesuak izatez gain, hiru elementu berritzaile zituen egitasmoak: hartutako erabakiak lotesleak ziren, lan esparru guztiak osotasunean jorratzen ziren, eta ikuspegi eraldatzaile batek gidatzen zuen prozedura. Hiru ezaugarriok desberdin egin zuten Porto Alegren abiatutako prozesu hura.

Esperientzi hori oinarri diseinatu dituzte Gipuzkoako aurrekontu parte hartzaileak, baina euren trebakuntzan Indiara ere joan ziren pasa den udaberrian, Keralara zehazki. Orain dela hamazortzi urte abiatu zuten Indiako estatu horretan deszentralizazioa, eta parte hartzearen mundu mailako eredu bihurtu da geroztik. Erakundeek jendarte zibilarekin duten lankidetza estua eta trebakuntza dira bertako ereduaren oinarri nagusiak. Gipuzkoarrek Marta Harnecker aditu txiletarra lagun izan zuten Keralarako bidaian, eta, hain zuzen, esperientzia hari buruzko liburua prestatzen dabil orain.