Iñaki Altuna

Kataluniatik Euskal Herrira

Zer pentsatua ematen du Kataluniako prozesuak. Ez da kontua, halere, hango zehaztasunen inguruan eztabaidan itotzea. Xelebrea izan zen, adibidez, hemengo iruzkingileei Masek jukutria egin zuela entzutea. Bertakoak garela dirudi zenbaitetan, batzuetan CUPekoak baino CUPekogoak. Halako prozesu bat milaka kilometrora garatzen arituko balitz, orokortasunari begiratuko genioke eta sinpleki zera esango genuke: gizarte sendo bat eta lidergo politiko egoki bat dute. Bost axola bertako gorabehera eta ika-mikak. Aitor dezagun behingoz, eskema politikoak aldatzerainoko prozesua abiarazi dute Katalunian, eta horixe da Euskal Herriarentzat irakasgai garrantzitsuena. Alegia, badela ekiteko biderik. «Estatut-arekin ederki izorratu ditiztek katalan hauek» esan genuen bezalaxe, burujabetza prozesu indartsu bat egituratuz buelta eman diotela egoerari barneratu beharko genuke behingoz, oraindik ere ibilbide malkartsua izango duten arren, aldez aurretik ezer irabazia ez dagoen arren, bere horretan Euskal Herrira ekar ez daitekeen arren....

Eta halako hausnarketak hemen bertan egiten ari denari arreta eskaini beharko liokete Euskal Herrian beste egoera batera iritsi nahi dutenek. Ez dira egun asko Arnaldo Otegik berriro ere norabidearen gaineko irizpide sendoak eman zituela. Ez du zertan denean asmatu behar, baina aldaketa politiko eta sozialak gauzatu ahal izateko norabide argia definitu zuen: askapen prozesuak Estatuarekin akordiorik gabe egin beharko du aurrera, estrategia independentistak ardatz izan behar du eta Estatua ondorioen agenda erabiltzen ari da (blokeoa) Kataluniaren moduko prozesurik –bigarren fronte bat– irekitzea galarazteko.

Hausnarketa hauen ondotik –zenbait hedabidek arreta hor jarri dutelako eta, seguru asko, ezker abertzalean duela bost urte abiarazitako zikloak behar duen bigarren astinaldia egiteko nahikoa konbentzimendu pilatu ez dutelako oraindik– barne irakurketak hartu du garrantzia neurri batean. Ea zer-nolako autokritika egon den Otegiren hitzetan. Ilargiari begiratu beharrean hatzari so egitea litzateke hori. Akats larria ezker abertzaleko militanteen kasuan. Eztabaida nagusia ez baita barne mailakoa. Ereindako eta sortutako aukera politiko eta sozialak askatzea dute erronka nagusi, eta horri begira egokitu beharko dituzte lehentasunak eta lan moduak.

Lerroburuak baino harago joan beharra dago, gainera. Gatazkaren ondorioen eta iturburuen artean, orain arteko banaketatik ondorioak prozesu politiko orokorrera ekartzeak zer suposatzen duen argitu beharko litzateke. Ez litzateke zuzena izango ulertzea ondorioak lehenbailehen konpondu behar direla zioen planteamendutik independentziak konponduko duela hori dena esatera pasatzea. Ez horixe, ondorioen berehalako konponbide orokor baten faltan –adibidez, ETAren eta gobernuen arteko negoziaketak ekar zezakeena–, aurrerabide txikiena ere borrokatu behar da une oro, ekinbide politikoen, sozialen eta juridikoen bitartez, kartzeletan gero eta preso gutxiago egoteko, gero eta iheslari gehiago itzultzeko, torturaren errealitatea Estatuari jasangaitz egiteko... Gatazkak halako ondorioak izatea garbiki bereizten ditu Kataluniako prozesua eta hemen egituratu beharrekoa. Ez da alde txikia. Kontuan hartu behar da, aldi berean, oinarrizko eskubide horien defentsarekin bat egiteko jende asko egon daitekeela prest, ezinbestean proiektu independentistari lotu gabe.

Estrategia independentista indartzea ez da maximalismo hutsala indartzea. Justu kontrakoa ondorioen eremuan. Urrats ausartak eman daitezke helburu txikiak lortzeko asmoz. EPPK-k aste honetan egindakoak bide horretan egingo duela aurrera pentsa daiteke. Eremu politikoan, prozesuaren dekantazio independentistak ez du erdibideko akordiorik ezereztatzen. Estatuekin halako akordiorik ez da posible, baina bai bertako indarren artean. Ipar Euskal Herrian ikusi berri dugu, eta Nafarroan ere gerta daiteke aldaketarako aukera gailentzen bada. •