Iñaki Soto

Prentsaren etorkizuna eta eragiteko gaitasuna

Aste honetan mundu mailako prentsan garrantzi handia duten zenbait berri izan dira. Kazetaria ez dela sekula notizia izan behar esan ohi da, baina sektorearen egoera kritikoa eta garrantzi estrategikoa kontuan hartuta, azkenaldian kazetaritza bera objektu nagusi duen metakazetaritza areagotu egin da. Alegia, kazetariez eta kazetaritzaz mintzo den kazetaritza gero eta ohikoagoa da.

Sektorean gertatu direnen artean berririk garrantzitsuena, zalantzarik gabe, “Politico” komunikabide estatubatuarrak Europara eman duen saltoa da. “Politico” Washingtonen sortutako agerkaria da, nagusiki Internet bidez zabaltzen dena, baina AEBetako Kongresua biltzen denean paperean edizio berezia ateratzen duen agerkaria da, hain zuzen ere. Bere target-a eliteak dira, AEBetako politikan eta ekonomian eragin handia duten pertsonak. Sortu zen unetik bertatik, 2007an, maila handiko lantalde txikiarekin komunikabide handien hegemonia zalantzan jarri du.

Iragan den asteazkenean, Bruselan, 300 pertsona garrantzitsuren aurrean, Robert Allbritonek, agerkari horretako buruetako batek, “Politico” agerkariaren europar edizioaren aurkezpena egin zuen. Horretarako, estatubatuarrak Axel Springer komunikazio alorreko enpresari alemaniarrarekin asoziatu dira –“Die Welt”-en argitaratzailea da, besteak beste–. Aldi berean, Europar Batasunari buruzko berriemaile nagusia den “European Voice” komunikabidea erosi dute. Editore nagusia Matthew Kaminski izango da, “Wall Street Journal”-eko zuzendaritzako kide izandakoa. Europako “Politico”-k Berlinen izango du bere egoitza nagusia, baina korrespontsalak europar hiriburu nagusietan izango dira. Jakina, Bruselan indar handia egingo dute, baita Parisen ere.

Udaberrian abiaraziko da Politico.eu eta hasiera batean 30 langilek osatuko badute ere, beren helburua lehenbailehen lantaldea bikoiztu eta 70 langilera heltzea da. Ohiko egunkariekin konparatuz, oso lantalde txikia da, talentua hobetsiko duena eta oso dinamikoa, egoitza handirik behar ez duena, logistikan eta distribuzioan gutxi gastatuko duena eta eragina bestelako ekimenekin bilatuko duena. Marka indartsua da, eta, hortik abiatuta, eragina bilatuko dute. Hein batean, lobby lana egiteko baliagarri izango den komunikabide eredua izango da. Agenda-setting delakoan indar handia egingo dute, alegia, gero politikaren eta ekonomiaren arloetan zentralak izango diren gaiak eta hauei buruzko ikuspegiak aurreikusten eta markatzen ahaleginduko dira. Asko laburbilduz, gehiegi akaso, beren ildo editorialak neoliberalismoa eta atlantismoa sustatuko ditu, Washington-Berlin ardatza indartuz, Londresko City-an eskala eginda.

Egunkariak eta oro har prentsa idatzia masa-komunikabide izaera galtzen ari dira. Era batean edo bestean, eliteei zuzentzen zaizkie. Besteak beste, gaur egun irakurtzeko ohitura duten pertsonak eta maila honetako informazioa kontsumitzen duten pertsonak eliteak direlako. Askotan aipatzen da globalizazioa, are gehiago bizitzen ari garen krisi latza, gizartean sortzen ari den dualizazio-soziala, non gizartearen poloak gero eta aldenduago dauden, non klaseen arteko amildegia gero eta sakonagoa den. Amildegi hori, ordea, ez da soilik ekonomikoa izango. Kulturala ere izango da.

Noizbait azaldu dudanez, gure kasuan ere, egunkariaren eta taldea osatzen dugun enpresen sostengu nagusi diren harpide eta erosleak eliteak dira. Ezkertiarrak garen aldetik, “elite” hitzak fama txarra du, baina gure kasuan termino horrek adiera jakin bat du: ez dio erreparatzen aberastasunari, ez behintzat dirutan neurtzen den horri, baizik eta eragiteko pertsona horiek duten gaitasunari. Hartara, gure komunikabideen, gure baliabideen kasuan, elite horiek euren komunitatean eragina duten pertsonak dira: irakasleak, delegatu sindikalak, ikasleak, boluntarioak, zinegotzi eta kargu publikoak…

“Euro-Politico”-ren sorreraz aparte, “The Economist”-eko zuzendariak, John Micklethwaitek, kargua utzi du Bloomberg-era joateko eta “The Guardian”-eko Alan Rusbridgerrek ere zuzendari izateari utziko dio, hogei urte eta gero, egunkaria finantzatzen duen fundazioaren ardura hartzeko.

Une interesgarria da gure sektorean. Mugimendu hauek komunikabideen eta, zehatzago, egunkarien etorkizuna iradokitzen dute. Beren dimentsioa globala izan arren, edo hain zuzen ere globala delako, tentuz jarraitu beharreko mugimenduak dira, baita guretzat ere. •