Kattalin Miner

GUZTIAREN ATZEAN, «gurasoak»

Duela hiru bat urte, nire herrian barrena nindoala honako pintada topatu nuen eskola baten irteera inguruan: «Erregeak gurasoak dira». Sekulako makarrada iruditu zitzaidan, baina umeekiko krudelkeria inozenteak eragiten duen barregura txiki bat ere atera zitzaidan. Izan ere, iruditu zitzaidan umeei baino helduei zuzendutako hitzak zirela, jakina baita umeek errege edo Olentzero edo dena delakoan itsuki sinesten dutela agerikoak diren ebidentzia horien guztien gainetik.

Urteak pasatu ahala, Olentzerorena (edo beste deribatu guztiena) krudelkeria egoista eta traumatikoa besterik ez zait iruditu. Izan ere, haurtzaroko oroitzapen askorik ez dut ez bada Gabonetan kokatzen, eta oro har, hark ematen dit haurtzaro zoriontsua izan nuen sentsazio edo isla (faltsua ziurrenik) bakarra.

Hala, haurtzaroa, hain zoriontsu akordatzen dudan hori, zazpi urtera artekoa izan zen. Ez hainbeste zoriontasunagatik, baizik eta, ‘inozentziarenagatik’. Ez bat eta ez bi, Olentzeroren zain hainbeste inbertitu ostean, lehengusuak eman zidan ostikoa: «Olentzero gurasoak dira». (Bidenabar esango dut ez dela lehenengoan harrapatu nuen baieztapena, izan ere, nahikoa sinesgaitza egiten zitzaidan nire gurasoek gau batez mundu osoan opariak banatzea ni ohartu gabe). Gero ulertu nuen. Dena.

Gogoan dut oso azkar ikusi nuela ipuin osoa. Ikusi nuela nola zegoen txiringitoa montatuta eta nahigabe guztien gainetik, Olentzeroren iruzurraren kontu honengatik guztiagatik haserretu aurretik –zeinak sekulako mina eragiten zidan pentsatze hutsak gehien maite nituen haiek guztiek gezurra esan zidatela nahita, eta gainera orain nahi zutela nik neuk ondorengoei gezur bera mantendu niezaien– nik neuk ere kontzientzia osoz ipuinaren parte izan nahi izan nuen.

Izan ere, hori omen da jolasa, jendartean gezurrak asmatu, denon artean eraiki, egia bihurtu eta errepikatzea, eta horrek atzean dakarren irakurketa nahiko hardcoreari adorez eutsi ordez, nahiago izaten dugu guk geuk ere gezurra esan.

Baina, zein jendarte gaixo, berekoi eta sadikok asmatu dezake gezur bat, gezurra dela jakin eta umeei egia bailitzan esan, «haien emozioa ikusteak» sortzen duen plazera oinarri izan, eta gero bat-batean hori dena zapuztu eta umeek ulertzea nahi duena? Zein OHITURA klase da hau? Zein helburu du? Akaso umeen inozentzia prefabrikatu eta amaiera data finkatzea?

Hau guztia pentsatuta, Gabonetako kontsumismo, kapitalismo, familia heterozentratu, katolizismo asumitu eta abarrena tontakeria besterik ez da, e?

Urteak pasatu ahala ordea, gezur hau maitatzen ikasi nuen. Hain zuzen ere, Gabonak izugarri gustatzen zaizkion horietakoa naiz, zeren pentsatzen jarrita –eta urteroko hausnarketa da hau–, denek hainbeste gorrotatzeko, ez ote dute Gabonek zentralitate handiegia gure bizitzetan? Eta nik, noski, gorroto ditut Gabonak inguratu ahala Gabonak gorroto dituztela esaten duten horiek (kontziente naiz honekin nire inguruko ehuneko oso altu bat gorrotatzen dudala urtean hilabetez-edo).

Izan ere, 24a heltzen denean, poz-pozik egon ohi naiz goizetik. Amarenera joan, etxez etxeko ume kantariek emandako lataren balantzea egin, opariak prestatu, kalera atera, poteoa koadrilarekin (bai ondo irakurri duzue), Olentzero presoa (bidenabar beste krudelkeria jenial bat, ez preso egoteagatik, baizik eta umeek ez dutelako deus ulertzen), eta baserrira afaritara. Eta gero, urteko mozkor indezenteena (31n baino okerragoa gurean).

Eta orain berriro etxean txikiak ditugun honetan, familiari lasai egoteko esatea besterik ez zait tokatzen. Ez dut gezur hau zapuztuko.

Izan ere, sekulakoa da, bai, eta Gabonak gorrotagarriak, baina niri gustatu egiten zaizkit, eta gainera, eta batik bat, aspaldi utzi nion nire guraso, familia eta jendartearekin haserre egoteari, zeren, askok oraindik ez dakitena da, Olentzeroren atzean ez ezik ia helduek sinesten duten guztiaren atzean ere gurasoak daudela.

Eta aiii, hain dirudite pozik, kontent eta emozionatuta, ez baitiet ba nik, hori kenduko.