Luismi Uharte / Itziar Gandarias

Meatzaritzako erauzketaren aurkako herri erresistentziak Perun. Congari ez!

Peru: meatzaritzako enklabea. Kapitalismoak inposatzen duen ekonomiaren nazioarteko banaketan, Latinoamerika lurralde estrategikoa da meatzaritzako erauzketari dagokionez. Mundu mailako inbertsio osoaren %25 jasotzen du eta Peru bigarren hartzaile nagusia da, Txileren ondotik.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik – Fujimoriren diktadurak eredu neoliberala ezarri zuen– meatzaritza erraldoia sektore ekonomiko garrantzitsuena bihurtu da eta honen ondorioz biderik eraginkorrena aberastasuna metatzeko eta kontzentratzeko. Azken 20 urteotan, meatzaritzako kontzesioak ugaldu egin dira eta gaur egun herrialde osoko lurraldearen %20a hartzen dute (26 milioi hektarea). Ondorioz, departamentu batzuetako lurraldearen %50a baino gehiago kolonizatu dute, Peruko Meatzaritzako Gatazken Behatokiaren arabera.

Negozioak egiteko ranking-ean, 189 herrialdetatik 35.a da Peru, Munduko Bankuaren arabera. Hala ere, Bankuari ahazten zaio aipatzea ingurumen-inpaktuen ranking-ean 110.a dela Peru. Ez da arraroa, izan ere, 2014. urtean, bertako Arartekoak 135 ingurumen gatazka antzeman zituen herrialde osoan; horietatik % 75 meatzaritzako gatazkak ziren. Azken 12 urteetan, 57 ingurumen aktibista hil dituzte, eta hala, laugarren herrialde arriskutsuena bihurtu da, Brasil, Honduras eta Filipinen ondotik. Hori dela eta, Peru salatua izan da CIDH (Giza Eskubideen Amerika arteko Batzordea) eta Nazio Batuen txostenetan. Bien bitartean, Americas Societyk, Ameriketako Estatu Batuetako enpresa sareak (meatzaritzako multinazionalak biltzen ditu), Humala presidentea saritu du.

Yanacocha vs Cajamarca

Cajamarca Peruko iparraldeko departamentu bat da eta historikoki bere ekonomiaren oinarriak nekazaritza eta abeltzaintza izan dira. Hala ere, garai neoliberaletik –laurogeita hamarreko hamarkadatik– meatzaritza erraldoirako lurralde pribilegiatu bihurtu da eta gaur egun departamentu osoaren %40a meatzaritzako enpresen esku dago, kontzesiopean. Bertako enpresa garrantzitsuenetakoa, 1993tik, Yanacocha da eta meatzaritzako hainbat egitasmo ditu abian.

Yanachoca heldu zenez geroztik, zenbait gatazka sortu dituela gogoratzen du Marco Aranak, apaiz ohi eta erresistentziaren buruetako batek. 1998an, milaka amuarrain hilik agertu ziren enpresaren inguruan dauden ibaietan eta 2000. urtean, Choropampa distrituan, hondamendi ekologiko bat gertatu zen, ehunka kilo merkurio isurtzearen ondorioz. Lau urte geroago, Quilish mendixkatik Cajamarcako hiriburura heltzen den ura kutsatu zuten. Pasadizo zehatz hauetatik haratago, Yanacocharen jarduera enpresarialak inpaktu zabalagoak eta sakonagoak ekarri ditu, besteak beste, hiriburanzko migrazio handia (nekazariak) eta horren ondoriozko populazio hazkunde azkarra eta desorekatua, eta horrekin batera, alkoholismo, droga eta prostituzioaren hazkundea, baita ama ezkongabeen kopurua hantzea ere. Honi gehitu behar zaio ur eteteak (Cajamarcako zonalde askok egunean bi orduz besterik ez dute ura), laborantza lur nahikoren suntsiketa handia, ustelkeriaren hazkundea eta nekazarien lurren lapurreta. Azken 15 urteetan aberastasun asko sortu arren, Cajamarca zortzigarren departamentu txiroena izatetik bigarrena izatera pasatu da, Nilton Vasquezek, Unibertsitate Federazioaren kideak, salatzen duenez.

Conga egitasmoa

Testuinguru honetan, Yanacochak bere egitasmo nagusia aurkeztu zuen: Conga. Datozen bi hamarkadetan urrea, zilarra eta kobrea ustiatzeko milioi askoko proiektua da. Egitasmo honek 5 aintzira ehorztea eta suntsitzea suposatzen zuen. Aintzira hauetako ura 200 komunitatek eta hiriko zonaldeetako milioika pertsonak erabiltzen dute egunero. Honen ondorioz, hainbat komunitate proiektuaren aurka antolatzen hasi ziren, “Congari ez! Ura bai, urrerik ez!” lemapean.

2011ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainan, Ollanta Humalak, oposizioaren hautagaiak, hauteskundeak irabaziz gero proiektua geldituko zuela agindu zuen. Aitzitik, presidentetza hartu bezain laster, jarrera guztiz aldatu zuen eta Yanacocharen interesak defendatzeari ekin zion, “Conga va, sí o sí!” mehatxupean. Presidentearen traizioaren ondoren, herri erresistentzia indartu egin zen eta urte horren bukaeran greba mugagabea bultzatu zuen. Horren aurrean, Gobernuak larrialdi-egoera deklaratu zuen eta hainbat probintzia militarizatu zituen. Honen ondorioz, Humalaren exekutiboko bi ministro aurrerakoienek dimisioa eman zuten: Salomon Lernerrek (lehen ministroa) eta Ingurumen ministroak.

2012ko otsailean, Uraren aldeko Martxa Nazional Handia delakoa egin zuten. 20.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten eta Cajamarcatik Limarako 1.500 kilometroak oinez egin zituzten, uraren eta bizitzaren alde. Maiatzean, borroka ziklo berri batean sartuz, mobilizazio gero eta indartsuagoak eta sendoagoak bultzatu zituzten. Honen ondorioz, errepresio indarrek bost borrokalari hil zituzten eta gainera Gobernuak berriro larrialdi-egoera deklaratu zuen. Herri erresistentziak 2012. urtean, gutxienez, Conga proiektua geldiaraztea lortu zuen. Dena den, 2013an, Humalaren exekutiboak proiektua berriro bultzatu zuen eta aintzira artifizialak eraikitzen hasi zen.

Proiektua gelditzeko, herri erresistentziak taktika berri bat abiatu zuen: aintziren zaintza. 2013. urtearen bukaeran, Aintziren Zaindariak jaio ziren, helburu zehatz batekin: egunero, uneoro, aintzirak babestea eta zaintzea, multinazionala sartzea eragozteko. Elkartasun internazionalistak ere ekarpen xumea egin zuen duela gutxi, 2014ko abuztuan, Ura eta Ama Lurra Zaintzen dituzten Herrien Nazioarteko Lehenengo Topaketa delakoan, El Tambo herrixkan (Cajamarca). Aipatutako topaketan, Congaren aurkako erresistentziari buruzko informazioa munduan zabaltzen saiatzeaz gain, Maxima Acuña erresistentziako militantearen egoera dramatikoa ezagutzera eman zuten. Yanacochak aintzira baten ondoan dagoen bere lurraldea eta etxea lapurtu zizkion, enpresaren izenean jarri zuen (botere judizial ustelaren konplizitateari esker), eta hori gutxi balitz, orain kartzela zigorra ezarri diote, jabego pribatua «inbaditzeagatik».

Yanacocharen inpunitatea posible izaten ari da, Humalaren gobernuaren babesagatik eta enpresak duen botere ekonomiko itzelagatik. Botere handi horren isla enpresaren akziodun nagusiak dira. Alde batetik, Ameriketako Estatu Batuetako Newmont multinazionala nabarmentzen da, urre ustiaketaren negozioko munduko erraldoietako bat (akzioen %51a du). Enpresa hau mundu mailan ezaguna da, Indonesian inpaktu larriak eragiteagatik eta 2009an gobernuz kanpoko erakunde (GKE) batzuek ematen duten Public Eye Global Award «saria» («enpresen jarduera arduragabeari») eskuratzeagatik. Beste akziodun oso garrantzitsu bat Buenaventura Meategi Konpainia da, Peruko meatzaritzako enpresa handiena eta Benavides familia oligarkikoaren jabetzakoa (akzioen %43a), hau da, herrialdeko hirugarren familia aberatsenarena. Hirugarren akziodun nagusia, (%5a), Nazioarteko Finantza Korporazioa da, Munduko Bankuaren barruko erakunde bat, hain zuzen ere.

 

Erresistentziaren agente nagusiak

Multinazional boteretsu honen aurrean lortutako herri garaipena ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da erresistentziaren eragile nagusiak ezagutzea. Batetik, Lurra eta Askatasuna mugimendu politiko ekologista eta Marco Arana bere burua, Askapenaren Teologiako apaiz ohia, nabarmentzen dira. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Arana meatzaritzaren aurkako borrokan konprometitu zen, hainbat talde ekologistaren sorkuntza bultzatu zuen eta 2009an Lurra eta Askatasuna sortu zuen. Conga proiektuaren aurkako borrokan bete-betean sartu zen eta hainbat sektore mugiarazteko erakutsitako gaitasun handiaren eraginez, Eliza Katolikotik kanporatu zuten. Gaur egun, herri mugimenduaren buru nagusietakoa da eta hurrengo presidentetzarako hauteskundeetarako balizko hautagaia.

Bestetik, Baserritarren Errondak izeneko mugimendu ospetsua gailentzen da. Duela lau hamarkada Velasco Alvarado jeneral iraultzaileak bultzatutako nekazaritza arloko erreformaren garaian sortutako herri mugimendua da. Hasieran, hirurogeita hamarreko hamarkadan, abereak babesteko sortu zen, Idelso Hernándezek, Baserritarren Erronden Zentral Bakar Nazionala delakoaren presidenteak, argitu zigunez. 80ko hamarkadaz geroztik, Errondak haien lurraldeetan justizia komunitarioa gauzatzen hasi ziren eta 2000. urtetik aurrera, jauzi kualitatiboa emanez, eremu politikoan sartu ziren, haien erakunde propioak sortu zituzten eta azkenik hauteskunde lokaletara aurkeztu ziren. Cajamarcako buruzagi komunista den Segundo Mendozaren arabera, bertako ezkerra Baserritarren Errondak herri boterearen adibide esanguratsua zirela ohartu zen. Bere ustez, «Congaren aurkako borroka galdu egingo zen Baserritarren Errondarik gabe».

Gregorio Santos Erronden buruak 2010ko Cajamarcako eskualdeko hauteskundeetan garaipena lortu izanak inflexio puntu bat suposatu zuen, nekazari mugimenduak botere instituzionala eskuratu baitzuen. Cesar Aliagak, Cajamarcako presidenteordeak, uste du garaipen honek izugarri lagundu zuela Conga proiektuaren aurkako borrokan eta are gehiago, erabakigarria izan zela meatzaritzako egitasmo transnazionala gelditzeko.

Santosen lidergoak eta Congaren aurkako bere inplikazio zuzenak botere faktikoen etsai bihurtu zuten eta horrexegatik hauek desprestigiatzeko kanpaina gogorra abiatu zuten. Multinazionalak ezin izan zuenez belauniko jarri, Humalaren gobernua ekonomikoki itotzen saiatu zen. Aurrerago, zenbait funtzionario lokal kooptatzea lortu zuten eta ustelkeria amarru bat asmatu zuten, Santos kartzelara bidaltzeko. Dena den, detentzioak (2014ko ekaina) bere ospea handitu zuen.

Konklusioak

Cesar Aliaga Cajamarcako presidenteordeak, 2014ko abuztuan emandako elkarrizketa batean, Humalaren gobernua eta Yanacocha joan den urriko eskualdeko hauteskundeen zain zeudela esan zigun, Conga proiektuaren aldeko hautagai batek irabazi ahal zuelakoan. Plan honek huts egin zuen, Gregorio Santosek, oraindik preso dagoen erresistentziaren hautagaiak, erraz irabazi baitzituen hauteskundeak: Fujimoriren inguruko Osias Ramírez hautagaiak lortutako boto kopurua bikoiztu zuen.

Hala eta guztiz ere, borrokak aurrera jarraitzen du eta Aintziren Zaindariek eguneroko zaintzari eusten diote. Lourdes Chuanek, Cajamarcako Bizitzaren aldeko Emakume Elkarteko presidenteak argi eta garbi adierazi zigun borrokan jarraitzeko borondate sendoa zutela: «Aintzirak defendatzeko bizitza galdu behar badugu, egingo dugu».