Antton Izagirre

Ez nire izenean

Charlie Hebdo» aldizkariaren aurkako eraso hilgarriaren aurrean frantziarrek erakutsi duten salaketa, elkartasun, dolu, nahigabe, haserre eta saminaz baliatuz, Mendebaldeko estatuek, komunikabide gehienen laguntzaz, beste behin ere, mundua bitan banatzeko joera eta boterea indartu nahi izan dute: onak eta gaiztoak, arrazionalak eta irrazionalak, ordenaren jabe direnak eta ordena ezarri behar zaienak, demokratak eta ez-demokratak....

Ezer baino lehen esan dezadan, borondate onez bere salaketa adierazi duten gizon-emakume guzti horiekin bat egiten dudala, baina aldi berean pentsamendu bakarra ezartzearen aurka altxatu diren ahots guztiek gure atxikimendua merezi dute.

Ahots horien artean asko izan dira estatuburuak besoz beso elkar hartuta manifestarien buru jarri izana arbuiatu dutenak, beren estatu politikek eragiten dituzten sarraskiak eta heriotzak gogorarazi dizkietenak. Komunikabideek gordin-gordin erakutsi dizkigute Parisen hildakoak, ez horrela Estatu frantsesak berak, Estatu Batuek edota Israelek sustatzen dituzten gatazka eta gerretan eragindako hildakoak, zaurituak eta suntsiketak. Bizitzaren balio desorekatua: justiziaz hildakoak eta hildako injustuak nonbait orain ere. Hipokritak!

Frantziako kaleetan, Ipar Euskal Herrikoetan ere, erasoen ondorengo “Charlie Hebdo” berria erosteko grinak errenkada luzeak eragin ditu. Beharrezkoa ote zen adierazpen askatasuna defendatzeko ildo bereko karikaturak egiten jarraitzea? Adierazpen askatasunak giza talde ahulenen sentimenduak ez mintzeari ere erreparatu beharko lioke. Badu Frantziak boteretsuagoen bizkar non satira egin. Baina boteretsuenen itzala luzea denik ez dago zalantzarik. •