Neeta Lal - TIERRAMERICA
INDIA

Industriak segurtasun neurriak indartzea beharrezkoa da oraindik

30 urte igaro dira Union Carbide de India enpresak gas isuria izan eta inoiz izan den hondamendi industrial handiena gertatu zela. Unean bertan 4.000 hildako eta ehunka mila zauritu eragin zituen Bhopal hirian. Halakoak eragozteko, lege ugari egin dira ordutik, baina ez dira behar den moduan betetzen eta herritarrek arriskuan jarraitzen dute.

Hiru hamarkada igaro dira Union Carbide India Limited enpresak 40 tona metil isozianato gas hilgarri isuri zituela. Urteak igaro dira, baina inoizko hondamendi industrial handienaren ondotik oraindik orain Indian segurtasun neurrien garrantzia eta haien beharra gogoraraztea behar-beharrezkoa da.

1984. urteko abenduaren 3an jazo zen gertaerak unean bertan 4.000 hildako eragin zituen eta ehunka mila pertsona itsu eta elbarri geratu ziren. Ondorioak gerora ere nabaritu dira, hala ere. Gaur egun, oraindik orain haur asko malformazioekin edota bestelako ondorio psikologiko eta fisikoekin jaiotzen dira, euren gurasoak gasak kaltetu dituelako.

Izan ere, Bhopalen isuri ziren gasak denboraren poderioz lurrean sartu ziren eta lur azpiko uretara iritsi ziren. Hori dela eta, egundo biktimak eragiten ditu, bizilekuz aldatu ezin duten txiroen artean batez ere. «Ez dago erregistro fidagarririk zenbat pertsonak sufritzen jarraitzen duten esateko. Gobernuak milioi erdi biktimari kalte-ordainak eman ostean, eskaera gehiago daude», jaso du Zientzia eta Ingurumenerako Zentroak (CSE), abenduan egin duen azken argitalpenean.

Amnesty International erakundearen arabera, Union Carbide planta zegoen tokian 350.000 kilo hondakin toxiko dago oraindik. 2009an, CSEk gidatutako ikerketa independente batek enpresaren ondoko lurretan eta uretan kutsadura handia zegoela ondorioztatu zuen. 2013an, aipatutako erakundeak hainbat herrialdetako adituekin batera lurra errekuperatzeko, plantako hondakin toxikoak deuseztatzeko eta lur azpiko uretako kutsadura ezabatzeko bost urteko plana diseinatu zuen, hain zuzen ere.

Atentzioa deitzen du hondamendi industrialak liburuak, filmak eta eztabaidak eragiten baditu ere, Indiak gaur egun halako gertaera bat eragozteko duen ahalmena zalantzazkoa izateak. «Ez dugu 1984ko abenduaren 3an gertatutakoa bezalako hondamendirik ikusi, baina herrialdeak Bhopal txikiak ditu, hildakoak eta hondakin toxikoen isuriak eragiten dituztenak», azaldu du CSEko zuzendari orokorrak Sunita Narainek.

Arazoa larriagotu egiten da legedi malguaren eta oso errotua dagoen ustelkeriaren ondorioz. Hori dela eta, ekonomialari hainbatek adierazi duten moduan, Asiako hirugarren ekonomiaren hazkundea ingurumen arloko kostuaren eta pertsonen segurtasunaren bizkar gertatuko da.

Ironikoa da egoera, izan ere, Indiak segurtasun industrialaren inguruko lege konplexuak ditu, behin baino gehiagotan adituek nabarmendu dutenez. Adibidez, gaur egun beharrezkoa da enpresek, produktu kimiko kantitate handiak erabiltzen badituzte behintzat, segurtasun ikuskaritzak egin behar izatea.

Fabriken Legeak komite bereziak izendatzen ditu prozesu arriskutsuak erabiltzen dituzten enpresen kokagunearen inguruan aholkatzeko eta, era berean, langileak eta herritarrak babesteko larrialdi planak proposatzen ditu.

1996an onartu zuten Istripu Kimikoetarako Arauak segurtasun neurri gogorragoak ezarri zituen. «Hala ere, Bhopalen ostean onartu zen neurririk esanguratsuena 1986ko Ingurumena Babesteko Legea da. Honetan gobernu zentralari eskumena ematen zaio edozein urraketa industrial arautzeko edota debekatzeko», nabarmendu du Gita Sareen Mumbaiko abokatu korporatiboak. «Lege honek Giza Ingurunerako Nazio Batuen konferentziak ezarritako agindua jasotzen du, ingurua babestu eta hobetzeko eta pertsonak eta beste bizidunak kaltetuko dituzten hondamendiak ez gertatzeko».

Baina promesen eta errealitatearen arteko tartea oso handia da. Lantegietako osasun zentroek ez dituzte eskakizunak behar bezala betetzen eta legea betetzen ez dutenak ez dituzte zigortzen. CSEren datuen arabera, 2011n milatik gora pertsonak bizia galdu zuten lantegietan gertatu ziren istripuetan eta beste milaka zauritu egin ziren.

Lurraren eta uraren kutsadura hazten doan arazoa da. 2010ean, Ingurumen eta Basoen ministroak milaka tona hondakin toxiko zeuzkaten hamar gune identifikatu zituen. «Okerrena da bolo-bolo esan den arren Union Carbideko plantaren hondakin toxikoak oraindik ez direla deuseztatu. Hainbat eragile hori egiteko modurik egokiena zein den, hondakinekin zer egin beharko litzatekeen eta nork pagatu beharko lukeen eztabaidatzen ari dira; bien bitartean, kutsadura ondorio larriak izaten eta hondorago sartzen ari da», azaldu du CSEko zuzendariordeak, Chandra Bhushanek.

Segurtasunaren eta konplitzearen inguruko kontzientzia hobetu egin da, neurri batean, enpresa handiak pilatzen dituen sektorerik formalenean. Itxuragatik egiten dute batez ere. Baina sektore informaleko egoera kaotikoa da.

New Delhiko Unibertsitateko Geologia Departamentuko irakasle Shashank Shekharrek salatu du industriak kontaminatzen jarraitzen duela eta, hain zuzen ere, egiten dituen isuriak dira, bere esanetan, uraren kutsaduraren arrazoi nagusia eta Indiako milioika pertsonaren osasun egoeraren zergati nagusia. «Uretan disolbatzen diren metal astun kantitate txikiak oso toxikoak dira gorputzarentzat eta atzera bueltarik ez duten ondorioak ekar ditzakete», arrazoitu du Shekharrek. «Baina oraindik ez zaio erantzunik eman arazoari», gaineratu du.

Beste arazo bat, adituen ustez, ingurumen inpaktuari buruzko txostenen egokitasun falta da. «Objektibotasunez eta nahikoa ardurarekin egiten direla ziurtatzeko gainbegiratu egin behar dira. Gaur egun, industriak aholkulari independenteak kontratatzen ditu ingurumen inpaktuari buruzko txostena egiteko eta bere poltsikotik ordaintzen ditu», ohartarazi du Shekharrek. «Noski, konpainiek ordaintzen dituzten ikuskatzaileek lana ematen dietenen alde egiteko eta inpartzialak ez izateko joera handiagoa izango dute».

Egoera honen aurrean, adituen esanetan, beraz, eraginkorragoa da lege gehiago egitea baino, daudenak eraginkortasunez aplikatzen direla ziurtatzea.

Honi buruzko guztia: INDIA