Ramon Sola

Onodaren irakaspena, aurrera egiteko beharra

Estatu espainolak azken asteotan konponbide prozesuaren aurka osaturiko kolpe kate maltzurrak (polizia operazioa-Gorenaren erabakia-Arrozpideren atxiloketa, tartean Iosu Uribetxebarriaren heriotza ere katebegi latza izan dela) istorio bitxi bat ekarri dit burura. Izen bat, Hiro Onoda. Japoniako armadako ofizial hau hiltzat jotzen zuten, baina 70eko hamarkadan berragertu eta ospea lortu zuen. Izan ere, 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu zela sinetsi nahi ez, eta hiru hamarkada luzez Filipinetako oihanetan sartuta armei eutsi zien Onodak, aurkaririk gabeko borrokan.

Erakargarria da Onodaren istorioa, baina patetikotik gehiago duela ezin uka. 1945eko udazkenean, hegazkinez jaurtiriko oharretako bat eskuetan izan zuen. «Gerra abuztuaren 15ean bukatu da, jaitsi zaitezte mendietatik!», zioen. Baina berak eta bere hiru lagunek ez zuten sinetsi, ez zuten sinetsi nahi izan. 1953an, senideek argazkiak ere helarazi omen zizkieten airetik, baina hura ere tranpa zela pentsatu zuen Onodak. Lagunetako batek ihes egin eta beste biak hil ostean, Onodak bakar-bakarrik eutsi zion bere gerrari, 1974. urtera arte; ikasle batek aurkitu zuen mendian eta itxuraz, azkenean, Japoniako ofizial burugogorra egiaz jabetzea lortu zuen. Halere, armak uzteko agindu zuzena jaso arte hortxe segituko zuela argi utzi zion Onodak. Gerra garaiko agintari ohi batek sartu behar izan zuen oihanera, etxera itzularazteko.

Azken asteotakoa ikusita, Madril «Onoda sindromea»k jota ote dagoen azter daiteke. Japoniakoa urrutiegi badu, bada esaera gertuagoko bat, gaztelaniaz: «Dos no se pegan si uno no quiere». Orduan, zer dela eta hor tematzea? Ez al dute ulertu Onodaren 1945eko abuztua gure 2011ko urria izan zela? Noiz arte? Txoratu al dira? Ez, tamalez, ez dira txoratu. Eta ez, ez daude «Onoda sindromea»ren pean. Askoz makiabelikoagoa da. Gu guztiok Onoda bilakatu nahi gaituzte. Nola? Pasatutako gerraren suaren azken txinpartak noizbehinka astinduz, guztiz amatatzen denean hortxe Euskal Herriarentzako lur emankorra geldituko dela jakin badakielako.

Eguigurenen metafora nahiago bada, elur puska batzuk han eta hemen pilatuta nahiago ditu, dena urtuz gero jauzia geldiezina egingo zaion beldurrez. EPPK-k ere ustea berretsi berri du: «Kartzela politikaren atzean helburu politiko argia dago. Hau da egiten duten irakurketa politikoa: ‘Euskal presoak giltzapean ditugun artean askapen prozesuaren etengailua eskuetan izango dugu’».

Ohartze hutsa, ordea, ez da nahikoa ataka honetatik ateratzeko. Eraginkorra suertatzen ari zaio Estatuari etengabeko tranpa hori. Kolpe errepresibo bakoitzaren barruan doan amuari ezker abertzaleak ezinbestean kosk egin beharko diola badaki, eta horrekin beti oin bat behintzat atzean izango duela. Testuinguru honetan, aztertzekoa da azken erasoek berraktibatu duten agertoki berrian desmotibaturik azaltzen direla abertzale ugari; beste era batera adierazteko, Bilboko mobilizazioa handia baina duela bi-hiru urtekoak baino eskasagoa izan zela eta Donostiakoa, aldiz, uste baino jendetsuagoa. Baina Bilbokoak aurrera begiratzen zuen, iniziatiba erakusten zuen eta euskal agendatik zetorren; Donostiakoa, aldiz, erantzuteko parametroetan kokatzen zen, nolabait Estatuak «sortu» zuen bere basakeriekin. Biak garrantzitsuak, baina ezberdinak.

EH Bilduk gaur aurkeztuko du independentziarako ibilbide-orria. Ezinbestekoa da, gerraren ondorioak konpontzeko jo eta fuego segitzeko, baina, era berean, Onoda bezala bertan fosilizatuta geldiaraz ez gaitzaten, geldi ez gaitezen. Hitz horiek musika beharko dute gero: ilusioa, indarra, abiadura. Etorkizunari begirako epika berri baten beharra aldarrikatzen zuen GARAk igandean. Ea ba. •