Gorka Zozaia
Kimikaria

Ausak nahi izan du

Adibidez, gai hau hautatzea gaurkoan. Ausak nahi izan du, era berean, gaia hautatu eta sortu zaidan irakurgai kaosetik ideiak ordenatzea eta artikulu honetan ematea. Aipatutakoa azalduko dut, haria galdu baino lehen. Normalki, artikuluaren gaiaren bila jartzen naizenean aktualitateari begiratzen diot, zientziaren azken berriei, baina baita jendearen intereseko diren berri nagusiei ere. Zelabait, zientzia egunerokotasunera hurbiltzen saiatzen naiz, edo egunerokoa zientziatik irakurtzen. Eta aldarrikapenerako efemerideak gertu direnean, beti izaten dut zalantza bera; oraingoan, Andreen Eguna berton eta feminismoa ezkutatzeko gogoa izan dut urtean zehar isilik direnekin bat ez etortzearren. Baina, ausak nahi izan du andre zientzialari bat, eta are, epistemologia feministaren gaia, ekartzea gaurkoan.

Lynn Margulis (1938-2011) da bera. Harritu naiz ezagutu berri dudalako. Harritu naiz bere heriotza nire ohiko gaien peskizatik pasa zitzaidalako. Datorren ostegunean beteko lituzke 77 urte. Ausa. Harritu naiz, eta maitemindu naiz, bere bizitzaz, lanaz eta jardunaz. Hainbeste, ez nukeela nahi zutabe honetan bi komentario ziztrinekin bere irudia mugatu. Egin dudan bidea azaltzen jarraitzea da zentzuzkoena: epistemologia feministaren gaia ukitzea otu zaidala esan dut, eta oroitu dut “Zientzian ere, feminismorantz!” izeneko artikulua idatzi nuela aspaldi korronte nagusien berri emanez. Aspaldi 2011ko azaroaren 24a da –ze urrun egin zaidan!–. Baina hain ondo azaltzen nuen orduan... ez nuen errepikatzeko gogorik, eta bila jarraitu dut.

Agerkari digitaletako zientzia atalak errepasatzeari ekin diot. Interesgarria izan da. Neandertalgo gizakiek sexuen araberako lan banaketa zutela zioenak jo dit atentzioa. Aspaldi nuen neandertalen gaia hartzeko nahia, nola erortzen ari diren beraien gaineko mitoak, zer-nolako harremana izan zuten homo sapiens-ek eta neandertalek, egiten zituzten irudi abstraktuak... eta nola kostatzen ari zaion zientzia komunitateari hori guztia onartzea! Azkena berria neandertalen haginak sexuaren arabera aztertuta ezberdintasun esanguratsuak behatu direla omen da; ahoa eskuaren antzera lanerako tresna izanik, urratu gehiago antzeman dituzte emeengan, lanen banaketa bazela iradokitzen duena.

Baina larregi litzateke hori dena zutabe honetan zentzu apur batekin sartzeko, eta artikuluak berak eraman nau lehen begi bistan ezagun egin zaidan Margulis izenaren atzetik. Irakurri dut bere lanaren inguruan, bere hipotesi eta ekarpen nagusiak irentsi ditut. Bereziki harrapatu nau teoria ebolutiboari egindako ekarpenak, zelula eukariotoen agerpena prokarioto hainbaten txertaketa sinbiotiko gisa frogatuz, eta, ildo horretatik, sinbiogenesia kokatuz eboluzioaren motor nagusi gisa. Zientzia komunitatean ezarria den ortodoxia neodarwinistari aurre eginez, geneen ausazko mutazioen ordez, batez ere bakteriek izakiekin izandako elkarrekintza sinbiotikoa proposatzen zuen berrikuntza eta aniztasun biologikoaren sortzaile nagusi gisa. Berriz ere, ezagutzen ez nuen hipotesia, baina azaleko irakurketa batekin dezente ase nauena. Biologia ebolutiboak animaliak eta landareak beren konplexutasuna eta espezializazioa areagotzeko norabidean aktore gisa kokatu dituen bitartean, Margulisentzat konplexuagoak diren organismo horiek konplexutasun txikiagoko organismoen komunitateak besterik ez dira. Hala, konplexutasuna eta espezializazioa areagotzeko bultzada, komunitate anitz horretan ematen diren elkarrekintzetatik ulertu behar dela proposatzen du. Hots, eboluzioaren motorra ausan baino, testuinguruan kokatzen du.

Eta hala jarraitu dut irakurtzen, eta detaile bakoitzarekin maitemintzen. AEBetako Zientzia Akademiako kidea ez ezik, Errusiako Zientzia Akademiako kide ere izan zen, bizitza pertsonala ohiko bikote roletik at egin zuen, eta, era berean, asko maite dudan Carl Saganen bikotekidea ere izan zen, ikerlari abenturazalea, isiltzen ez den horietakoa, Irailaren 11ko gertakarien ikerketa independentea publikoki eskatzerainokoa... Zientzialari zorrotz eta argi bat aurkitu dut, tamalez 2011ko azaroaren 22an hil zena. 2011-11-22. Arraioa! Hain zuzen ere aipatu artikulua idazten ari nintzen egun horietantxe doi-doi! Kasualitatea! Kasualitatea? Ausa izan al da informazio testuingurutik artikulu hau erditzea nahi izan duena? Ez, ez du ausak nahi izan, nik nahi izan dut! •