Mikel IBARGOIEN
infraganti

ELENA LOYO

Duela urte batzuk pasarela gainean bezala moldatzen da egun korrika Elena Loyo. Primeran, alegia. 2005ean Miss Araba lehiaketa irabazi zuen, eta, egun, goi mailako korrikalaria da. Duela hiru urte inguru jantzi zituen zapatilak eta ordutik hona bere bilakaera ikaragarria izan da.

E makume polifazetiko moduan defini daiteke Elena Loyo (Murgia, 1983). Izan ere, bere ibilbidean zehar oso gauza desberdinetan jardun du. Zenbait urtez modelo lanetan ibili ostean, egun lasterketak irabaztea du jomuga. Bestalde, Ingeniaritzako ikasketak eginda ditu, nahiz eta oraindik ez duen mundu horretan aritzeko aukerarik izan. Txistuka taldeko kidea da eta Gasteizko ezkontzetan jo ohi du txistua. Eta, horrez gain, euskara ikasten ere ari da. Institutuan euskara emanagatik ez zuen ikasi egoki komunikatu ahal izateko behar adina, eta horretan ari da egun.

Txikitatik gustatu izan zaio arropa probatzea eta argazkietan agertzea, baina, modaren munduak erakarriagatik, argi dauka bertan barneratzeko aukera eskaini izan ez baliote, berak bere kabuz ez zukeela urratsa emango. Aukera hori ezustean eta ezohiko testuinguru batean sortu zitzaion, 21 urte zituela. Garai hartan Ingeniaritza ikasketak egiten ari zen Bilbon, eta Gasteiztik hara eramaten zituen elkarteak Gasteizko Modaren Asteko desfile batean parte hartzeko proposamena luzatu zion. «Egia esateko ez nuen horrelakorik espero, baina, erakartzen ninduen mundu bat zenez, probatzea erabaki nuen» azaldu du.

Bere lehenengo desfilea izan arren, eta, inolako ezagutzarik izan ez arren, azterketa hura notarekin gainditu zuen. Horren adierazle da Mclass agentziak modelo gisa lanean hasteko eskaintza egin izana. «Lehenengo desfile hartan nahiko urduri nengoen eta ahal nuena egin nuen. Izan ere, nik ez nekien pasarelan nola mugitu behar nuen, ezta arropa nola eraman behar nuen ere; ezertxo ere ez nekien. Nire buruan estropezurik ez egitea besterik ez zegoen. Zorionez, dena ondo irten zen». Ondoren bai, ondoren ikastaro orokor bat jaso zuen gauza horiek guztiak ikasteko. «Behin ikasita erraz egiten diren kontuak dira. Ez da beste munduko ezer, baina jakin egin behar da» argitu du. Haatik, bere burua pertsona lotsatitzat du, eta, ondorioz, desfileetan momentu oro kontzentrazio handia mantendu behar zuela dio: «Nik nire eginbeharrean soilik pentsatzen nuen, bertan niri begira zegoen jende guztia albo batera utzita; bestela, oso urduri ipintzen nintzen. Esperientziarekin urduritasun hori hobeto kudeatzen ikasten duzu, baina niri behintzat hori zen gehien kostatzen zitzaidana».

Modeloak eta argaltasuna

Esan beharrik ez dago modeloek haien itxura fisikoa asko zaindu behar izaten dutela, eta, zentzu horretan, oso garrantzitsua da elikadura kontuan hartzea. «Egia esateko sekula ez dut izan arazorik pisuarekin, eta, beraz, ez nuen buruhauste handiegirik izaten. Hori bai, gauza natural eta garbiak jaten saiatzen nintzen». Bitxiagoa da, ordea, kirolarekin pasa zitzaiona: «Nik kirol dezente egiten nuen, eta, ondorioz, giharrak nabaritzen zitzaizkidan. Garai hartan muskulurik gabeko emakume argalak zeuden modan, eta, hala, neurri batean kirola egiteari utzi behar izan nion giharrak horrenbeste ez igartzeko», gogoratu du.

Modeloen gehiegizko argaltasunak zeresan handia eman ohi du eta eztabaida iturri izaten da. Loyok bere inguruan muturreko kasurik ezagutu ez zuen arren, onartzen du lana izateko ezinbesteko baldintza dela: «Guztiek genekien pixka bat lodituz gero ez genuela lanik izango, eta, beraz, tentuz zaintzen genuen elikadura, noski. Diseinatzaileek neurri jakin bateko jantziak egiten dituzte eta bertan sartzen ez bazara arazo bat bihurtzen zara beraientzat. Niri gertatu ez bazait ere, ezagutzen dut pisatzera behartu duten lagunen bat».

Argalegi dauden emakumeak fisikoki erakargarriak diren galdetuta, ez du zalantzarik: «Niri ez zait iruditzen. Gauza bat da ondo janda eta kirola eginda argal baina osasuntsu dagoen emakume bat. Hori estetikoki polita iruditzen zait. Baina ez, ordea, gutxi jatearen ondorioz behar bezala elikatu gabe eta ahul dagoen gorputz bat. Hezurra eta azala baino ez duten emakumeek ez lukete eredu izan behar». Zentzu horretan mugak zeintzuk ziren argi izan zuen une oro Loyok. Dena den, onartzen du modarena oso mundu lehiakorra dela eta ispiluaren aurrean eder ikusi beharrak buruhausteak sor ditzakeela. «Zure burua gehiago kritikatzen duzu. Lana lortzeko beste modelo batzuekin lehiatzen zara eta casting-etako hautaketa prozesuetan epaimahaiaren gustukoa izan nahiak kezkak sortzen dizkizu. Horrek guztiak zenbait momentutan segurtasun eza ere sor dezake. Beraz, garrantzitsua da momentu horietan burua bere lekuan edukitzea eta arduraz jokatzea».

Miss Araba lehiaketako irabazle

Desfileak, argazkiak, publizitatea… denetarik egiteko aukera izan zuen modaren munduan. 2005. urtean, Miss Araba lehiaketa irabazi zuen. Mota horretako txapelketetan argi dago edertasuna dela gehien saritzen dena. Halere, beste arlo batzuk ere aintzat hartzen omen ditu epaimahaiak. «Elkarrizketa bat egiten dizute eta hori asko baloratzen da. Izan ere, bertako irabazlea, ondoren, Espainiako txapelketara joaten da, zenbait ekitaldi publikoetan parte hartu behar izaten du, eta, hortaz, egoera horietan ondo moldatzeko gai izan behar du. Profil horretara egokitzen den emakume bat bilatzen dute, nahiz eta edertasuna oinarri izan». Esperientzia polita izan zen Loyorentzat eta ateak ireki zizkion. «Miss Araba bezalako lehiaketa bat irabazi eta gero, jendeak gehiago ezagutu eta baloratzen zaitu. Lan gehiago eta garrantzi handiagokoak eskaintzen dizkizute, baina ez pentsatu beste munduko ezer denik. Nik, oro har, probintzia mailan egiten nuen lan, eta Araba ez da Madril».

Miss España lehiaketaz, ordea, ez du oroitzapen berbera. «Bizpahiru astez egon behar izan genuen hotel batean sarturik, eta, edozer gauza egiteko, baimena eskatu behar genuen, baita komunera joateko ere! Ez genuen ia askatasunik eta bertan eman ziguten tratua ere ez zitzaidan aproposa iruditu. Zenbait momentutan objektuak bagina beza tratatu gintuzten, errespetu gutxirekin. Haien intereseko gauzak sustatzeko agertu behar izaten genuen argazkietan eta ni ez nintzen eroso sentitzen. Oso artifiziala zen dena. Gainera, beste partaideen izaerarekin ere ez nuen bat egiten. Oso desberdinak ziren. Hura ez zen nire mundua», kontatu du.

Modelo gisa aritzen diren emakumeek jasan behar izaten duten exijentzia maila tarteko, salbuespen gutxi batzuk aparte utzita, ez da erraza urte luzez lan horretan jardutea, eta hori argi zuen Elena Loyok hasieratik. Halaber, ibilbide horri ilusioz ekinagatik, behin bertan murgilduta eta mundu horren barrunbeak ezagututa, jabetu zen ez zela benetan asetzen zuen lanbidea. Hala, 26 urterekin bukaera eman zion bere bizitzako fase horri.

Korri egitea, bere benetako pasioa

Elena Loyoren zaletasunen artean egon da betidanik kirola praktikatzea. Aurretik ere atera ohi zen noizbehinka lasterka egitera. Batez ere, azterketa garaietan suertatzen zitzaion lagungarri pilatutako tentsioa askatzeko. Duela hiru urte jantzi zituen berriro zapatilak gozatzeko helburuarekin, eta ordutik bidelagun banaezin izan ditu. Pixkanaka, lasterketetan parte hartzen hasi zen eta bere markak eta postuak hobetzen joan dira etengabe. «Duela hiru urte egun egiten ditudan denborak egingo nituela esan izan balidate, ez nukeen sinetsiko», adierazi du.

Oraindik helburua ez da aldatu –gozatzea–, baina bai hori lortzeko modua. Izan ere, egun ez da jada lasterka egitearekin konformatzen, garaipenaren bila aritzen da buru-belarri. «Oso lehiakorra naiz, eta, hori, gainera, ezinbesteko baldintza dela uste dut mota honetako kirol bat praktikatzeko. Lasterketak nork bere buruarekin duen erronka baten modukoak dira. Zure buruarengan konfiantza eduki behar duzu, baita egunero hobetzeko nahia eta desioa ere. Nik, erabat gustura geratzeko, irabazi egin behar dut. Bestela, buruari buelta asko ematen dizkiot, hau edo bestea egin izan banu, agian, lasterketa beste modu batean amaituko nukeela pentsatuz. Hala ere, jakin badakit zein den zenbait lasterketetan izaten ditudan aurkarien maila, eta, beraz, jakitun naiz lasterketa horietan irabaztea oso zaila dela niretzat», azaldu du.

Irabazteko ezinbesteko baldintza da entrenamendu gogor eta egokiak egitea. Loyoren entrenatzeko moduak, hala ere, ez du zerikusirik gainontzeko lasterkariek jarraitzen duten metodologiarekin. Orduaren eta denboraren menpe ibili beharrean, sentsazioen arabera egiten du lan. Hots, entrenatzera irteten denean ez du denborarik hartzen, eta serieak ere ez ditu egiten. Momentuko gorputzaldiaren arabera erritmoa bizitu edo mantsotu egiten du eta hori da, hain zuzen, lasterketetan aurrera eramaten duen taktika ere. Azken hiru urte hauetako tarterik handienean, halaber, bere kabuz aritu da, inongo entrenatzaileren aholku eta gidaritzarik gabe. «Gasteizko La Blanca taldean egon nintzen hilabete inguruz, baina ez nintzen batere eroso sentitu. Bertan emaitzei baino ez zieten jaramon egiten, eta ezarri zidaten presioa ez nuen atsegin. Ondorioz, taldea uztea erabaki nuen eta ordutik nire kontura aritu naiz».

Loyo 10 kilometroko lasterketetan eta maratoi erdietan (21 kilometro) aritu ohi da orain artean. Oso modalitate desberdinak, inondik ere. «Maratoi erdian indarrak hobeto neurtu behar dira. Izan ere, hasieran erritmo biziegia eramanez gero, indarrak xahutu, eta, ondoren, zailtasunak izateko arriskua dago. 10 kilometroko proban, berriz, erritmo altuagoa eraman dezakezu lehertzeko beldurrik izan gabe».

Bi modalitate horiek egiteaz gain, mendiko zenbait lasterketetan ere irten ohi da. Errepideko eta mendiko lasterketen arteko desberdintasunak asko dira Loyoren ustez: «Mendiko lasterketetako erritmoa mantsoagoa da, baina, hala ere, gogortasun maila altuagoa dela esango nuke. Mendian kilometro bat egitea errepidean bost egitearen parekoa da. Bertan intentsitatea askoz handiagoa da. Gainera, arreta maila altuagoa eskatzen du mendiak. Momentu oro topa ditzakezu oztopoak lurrean eta ezinbestekoa da adi-adi joatea ez jausteko».

Arestian aipatu moduan, Loyoren bilakaera nabarmena izan da azken hiru urteotan. 2013an Gasteizko maratoi erdian garaile izan eta Donostiako Behobian bigarren sailkatu zen, besteak beste. 2014an ere hainbat lasterketa irabazi zituen, Ordizian jokaturiko Josetxo Imazen oroimenezkoa esate baterako. Deigarria da oso hain maila altuan lehiatzea entrenatzailerik gabe eta entrenamendu berezirik egin gabe. Dena den, ez du baztertzen etorkizunean aditu baten aginduetara jartzea. «Nire kabuz jardunda nahiko emaitza txukunak lortu ditudala kontuan izanik, litekeena da entrenatzaile on baten laguntzarekin beste aurrerapauso bat ematea. Aukera hori aztertzen ari naiz orain».

Aurrerapauso hori emateko, ordea, azken lau hilabeteotan lehiatik at mantendu duten arazotxoak gainditu beharko ditu lehenik. Orkatila bihurritu ostean guztiz osatu baino lehen bueltatu zen entrenamenduetara. Orkatilako ezegonkortasunaren ondorioz gainkargak izan ditu belaunean eta aldakan, eta oraindik ez da guztiz osatu. Dena den, gero eta hobeto aurkitzen da eta segituan berragertzeko nahia du, nahiz eta artean ez duen eguna zehaztu. •