Maider Iantzi Goienetxe
INJERENTZIAK EUSKARAN

Espainiar eta frantses gobernuen erasoei erantzun bateratua emateko deiadarra

«Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara», leloa izanen du gaur 17.30ean Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko den manifestazioak. Kontseiluak antolatu du, helegiteak helegite gure hizkuntzaren alde pauso ausartak ematen segitzen duten udalak txalotu, babestu eta bertze udal eta instituzioei determinazio hori kutsatzeko helburuarekin.

Euskararen aldeko ekintza koloretsua
Euskararen aldeko ekintza koloretsua

Gure hizkuntzan ez dira berriak estatuen injerentziak. Orain dela hamabi urte “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuten. Joan Mari Torrealdairen “Libro negro del euskera” edo David Anauten “Euskararen kate hautsiak” lanetan agertzen den bezala, hizkuntza gatazka botere gatazka dela azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok.

Azaldu duenez, estatuek beren hizkuntzak hegemonikoak izatea nahi izan dute beti eta hori bermatzen saiatzen dira. Adibidez, gaur egun Estatu espainiarrean 500 arau baino gehiago daude gaztelaniaren erabilera derrigortzeko. Estatu frantsesaren kasuan, eremu guztietan frantsesa erabili behar dela ezartzen du legeak. Estatuen logika horretan, beti egon izan da erakustea beraiek dutela eskumena zer-nolako hizkuntza politika garatu behar den erabakitzeko.

Hego Euskal Herrian, edozein arau, neurri edo dekretu onartzen bada, beti izan behar du espainiar Konstituzioaren oniritzia. Hor ikusten da Estatuak erraten duela «bai, badaukazue eskumena gauza batzuk erabakitzeko, baina nik daukat azken hitza». Bilbaoren hitzetan, injerentzia estrukturala da.

Azken urte eta erdian edo bi urteetan, espainiar Gobernuak are modu bortitzagoan erakutsi nahi izan du bere esku hartzea. Udalekin hasi zen, euskarari buruzko aktak bidaltzeko errekerimenduak egiten, euskararen gaineko erabakiren bat hartzen bazen horren berri jakin nahi zuen... Orduan, udalak kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzen hasi ziren, eta horiek ere eskatu zituen Gobernuak; are gehiago, udal batzuei euskara plana ere eskatu zien. Alde batetik, modu sinbolikoan esateko «aizue, nire eskuetatik pasatu behar dira zuen erabaki guztiak», eta, bestetik, auzibidean jartzeko. Orain dela bi urtetik modu bortitzagoan ari da Gobernua, baina horrek ez du erran nahi aitzinetik deus egin ez denik. Kontseiluaren arabera, Konstituzioa bera da dugun injerentziarik handiena.

Arrakasta moztu

Wert Legea injerentziatzat hartzen du Bilbaok: «Estatua ohartu da hezkuntza dela hizkuntzen berreskurapenerako zutabea eta horra jo du. Wertek argi zuen hezkuntzak izan dezakeen arrakasta moztu behar zela gurea eta gurea bezalako hizkuntzen normalizazio prozesuan».

Injerentzien gainean ari garenean, Carlos Urquijoren aurpegia datorkigu, baina Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazten duenez, ez da bere erabakia, espainiar Gobernuarena baizik. EAEn duen ordezkaria tresna bat besterik ez da.

Erran bezala, hizkuntza irizpideekin hasi zen, gero euskara planak eskatzen, eta azkeneko fasean udal batzuei jakinarazi die ezin dituztela Gobernu Ordezkaritzara aktak euskaraz bidali. Bilbaok ez du kontu juridikoetan sartu nahi, argi baitu gaia ez dela juridikoa, baina, bere ustez, juridikoki ere ez du arrazoirik, nahiz eta jada epaile batzuek arrazoia eman dioten.

Gobernuak denbora osoan auzitegietara jotzen du. Udalak txikiak dira, euskaraz funtzionatzen dute, eta sekulako inbertsioa egin dute euskarak eremu formaletan espazioak irabazteko. Orain, aktak gaztelaniaz ere bidaltzeko eskatu diete. Bilbaoren arabera, horrek mezu subliminal bat du: euskarak ez du baliorik.

Bi hizkuntzetan bidaltzeko eskatzen diete euskaraz bidaltzen dutenei, ez gaztelaniaz igortzen dutenei. «Hori da arazoa. Oraingo jardun honekin esan nahi digute: euskara erabili nahi baduzue, aurrera, baina ez dauka baliorik gaztelania ondoan ez badauka. Hori jada beste urrats bat da, euskarari balio ofizial osoa kendu nahi diotelako».

Udal gehienak, aitzinera

Udal gehienek aurrera egitea eta aurre egitea erabaki dute, alegia, euskara hutsez bidaltzen jarraituko dute. Epaitegietan sartu beharko dute, horrek dakarren kostu ekonomikoarekin. Baina euskaraz lan egiteko eskubidea dutela defendatu eta aitzinera egiten dute.

Ipar Euskal Herrian ere egiturazko injerentzia ikusten du Bilbaok: frantses Estatuko Konstituzioa eta legeak. Adibidez, orain dela bi urte Hendaiako Herriko Etxeak bertako ikastolari egoitza bat ematea deliberatu zuen eta, jarraian, Patrick Dallennes Baionako suprefetak erabaki horri helegitea jarri zion. Uztaritzeko Herriko Etxea ere auzitara eraman zuten euskara ofizial izendatu zuelako. «Egia da epaitegiek ebatzi dutela ez dela legezkoa Uztaritzek egin duena, baina ez dute motu proprio jokatu, Uztaritzek erabaki hura hartu zuenean, biharamunean, Gobernuak, bere ordezkariaren bidez, erabaki hori auzitara eraman zuen», argitu du.

Injerentzia dionean horretaz ari da Bilbao: «Estatuek, oso modu kontzientean, gure eskubideen alde hartzen diren neurriak auzitan jartzen dituzte denbora osoan».

Bertze adibide bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak deliberatu zuen Kanboko kolegioari diru laguntza bat ematea. Erabaki horri ere helegitea jarri dio Carlos Urquijok eta epaileak arrazoia eman dio. Kontseiluaren ustez, jardun horiekin, frantses eta espainiar gobernuek mezu argia igortzen dute: «Ez duzue askatasunik zuen hizkuntza politika erabakitzeko».

«Nafarroan, Gobernuak ez du zertan erabili bertan duen ordezkaria. Zergatik? Nafar Gobernuak jokatzen duelako horrela. Adibiderik argiena Baztango kasua da. Bertako Udalak onartutako Euskara Plana nafar Gobernuak berak eraman du auzitara».

Honek guztiak hainbat ondorio dituela azaldu du Bilbaok, horietako bat eragileek «behingoz euskarari zentralitatea eman behar diotela eta agenda politikoan sartu behar dutela». “Urquijokeriak” aipatzen dira, baina honek azterketa sakonagoa behar duela ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Ez dira ‘urquijokeriak’, ‘gobernukeriak’ dira. Espainiar Gobernuak hartu duen erabaki kontziente bat da». Katalunian, murgiltze sistemarekin ere gertatzen da. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, epaitegietan daude hizkuntza kontuengatik.

Inor ez da salbuesten

Kontseiluaren iritziz, honek erakutsi beharko lieke eragile guztiei (politikoak, sindikalak, sozialak...) «hizkuntza gatazka botere gatazka dela eta euskararen gaia behingoz agenda politikoen erdigunean kokatu behar dela». Batzuetan badirudi euskararena etxeko arazo bat dela, euskaldunen artekoa, askotan hori saltzen da. «Baina ez da egia, hemen estatuek eskua sartzen dute. Eta, gainera, berdin da zein instituzio dagoen tartean; udala edo aldundia izan daiteke, eta Lakuak berak ere bihar lege bat onartuko balu, beren gustukoa ez bada, eta uste badute horrekin euskarak urrats handiak emango dituela, helegitea jarriko dute lege horren aurka. Hemen inor ez da salbuesten kontu honetatik, azkenean estatuaren estrategia delako».

Badago mezu bat beti dagoena: ez duzue askatasunik zuen hizkuntza politika erabakitzeko. Baina azken mezua harago doa: euskarak ez du inolako baliorik. Beste batzuetan erran izan dute: ezin duzue euskara lehenetsi. «Gero eta modu bortitzagoan ari dira. Gero eta larriagoa da, gertaerarengatik baino gehiago horrekin bidaltzen diguten mezuarengatik».

Injerentzia hauek udalak aurrerapauso ausartak ematen ari diren unean gogortu dira. «Hizkuntza eskubideak bermatzeko tresnak abiarazten direnean, gogorarazten digute zeinen eskuetan dagoen Damoklesen ezpata».

Irtenbidea

Irtenbidea aurkitzeko, ezinbestekoa da Kontseiluarentzat elkarlana. Halako eraso eta oztopoei elkarlanetik erantzun behar zaiela uste du. Epaitegietan ere bai, baina ez epaitegietan bakarrik. Manifestazioetan ere bai, baina ez manifestazioetan bakarrik. Udal hauek erakutsi duten determinazioa txalotu eta babestu behar dela deritzo Bilbaok. Txalotu, babestu eta beste udal eta instituzio batzuei ere jarrera hori hartu beharko luketela ohartarazi. «Kontua da erakustea bagarela, eta, oztopoak egon arren, euskaraz bizitzen jarraituko dugula». Hor kokatzen du auzi honen amaiera edo irtenbidea.

Gaurko manifestazioaren xedea da alde batetik udalei babesa adieraztea eta aitortza egitea, ikusteko euskaraz bizi nahi duen herriak txalotzen duela haien erabakia, eta, bestetik, instituzio gehiago hori egitera bultzatzea. Determinazio hori kutsatzea beste instituzio eta eragileei. «Orain udalei tokatu zaie erasoa, baina edonori toka dakioke baldin eta hizkuntzaren berreskurapenerako neurri ausart bat hartzen badu. Honen kontzientzia hartu behar dugu. Estatu arazoa da».

«Guk ere eskubidea izan behar dugu gure hizkuntza politikak definitzeko, bestela jai daukagu. 500 arau daude gaztelania derrigortzeko, eta, antza denez, ez da nahikoa. Edozein erabaki hartzen denean, auzitara eramaten dute», erantsi du.

Ez dagoela inongo babesik ikusten du Kontseiluak. «Egiturazko galga dugu bi estatuetan, konstituzioa, eta horretaz harago ere oso ondo blindatuta daukate guztia gaztelaniaren eta frantsesaren hegemonia lurralde osoan bermatzeko».

EAEko Euskararen Legea aldatzeko beharraren inguruan hausnartzen hastea planteatu du Bilbaok. Legebiltzarraren osaera kontuan hartuta, baldintzak ematen direla uste du lege ausartago bat abiatzeko, jakinki gero helegiteak etorriko direla. «Finkatu behar dugu zein marko juridiko izan beharko genukeen gure hizkuntza normalizatzeko, bestela denbora osoan ari gara ‘hau ez digute utziko’. Guk gurea definitu behar dugu: ze lege behar dugu benetan euskarak askatasunez aurrera egin dezan?».

Nafarroan aldaketa txiki bat eman da, eremu ez euskaldunean euskarazko irakaskuntza sare publikoan ahalbidetzen duena. Zalantzarik ez, neurri positiboa da Kontseiluarentzat. Baina ez da nahikoa, batetik azken momentuan UPNk eta PSNk beste mozio bat onartu zutelako eta horren ondorioz nafar Gobernuak erabakiko duelako zenbat ikasle beharko diren ikasgela zabaltzeko (hasieran PSNk ez zuen planteamendu hori egin). Gainera, euskarak ofizial izan gabe jarraitzen du eremu «ez euskaldunean» eta «mistoan». Beraz, Nafarroan ere beste lege bat behar dela deritzo.

Erantzunaren garrantzia

Ipar Euskal Herrian, arazoa da ez dagoela inolako estaldura juridikorik. Jakobinismoaren ondorioz, lege zentralak besterik ez daude. Patrick Dallenesek Hendaiako Herriko Etxearen auzian XIX. mendeko lege bat, 1850. urteko Falloux Legea, baliatu zuen errateko udalak ez zuela eskumenik ikastetxe pribatu bati laguntzeko.

Kontseilua Gasteizko Legebiltzarreko taldeekin bildu da, Lakuarekin ere bai, eta, manifestazioa eta gero, bertze bilera erronda bat hasiko du eragile politiko, sindikal eta sozialekin, egoera hagitz kezkagarria dela eta batasunetik erantzutea eta jardutea beharrezko dela ikusten dutelako, bakoitza bere eremutik. «Hori da arrakastarako daukagun modu bakarra. Hauteskundeen zurrunbiloan daude alderdiak, baina ezin ditugu eraso hauek behar bezala erantzun gabe utzi hauteskundeak daudelako». Nabarmendu duenez, garrantzitsua da erantzutea, kontua ez baita hamabi udalek helegiteak jaso dituztela, atzean zer dagoen baizik: gobernuen erabaki kontzientea.

Bigarren mailako herritarrak, gure etxean bertan

Gari Berasaluze Euskara zinegotziak agertu duenez, Zarauzko Udalak urte askoan urrats garrantzitsuak eman izan ditu euskara lan hizkuntza izan dadin eta euskaraz bizi nahi duten herritarrek aukera hori izan dezaten. «Euskara bizi nahi dugula esatea, ordea, muturreraino eraman nahi izan dugu legealdi honetan, euskarari benetako ofizialtasuna emanez, teorian ez ezik, baita praktikan ere». 2012ko urrian Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea onartu zuen Udalak, eta 2013ko martxoaz geroztik bertako kide da Zarautz. 23.000 biztanlerekin, mankomunitateko herririk handiena da, eta horrek hainbat erabakitan aitzindariak izatea ere eskatzen ziela iritzi zioten.

2013ko udaberrian, alderdi guztiekin lanketa sakona egin ondoren, Zarauzko Udalaren hizkuntza irizpideak onartu zituzten, PPren abstentzioarekin baina gainerako alderdi denen aldeko botoarekin. Azken batean, hiru ondorio nagusi nabarmendu zituzten orduan: Udalaren borondatea euskaraz lan egiteko; herritarrekin euskarazko harremana lehenesteko erabakia; eta kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzea, Udalak kontratatzen duen edozein zerbitzutan euskara ere kontuan hartua izan dadin.

Berasaluzek oroitu duenez, lehen alderantziz egiten zen: euskara hutsean aritu nahi zuten herritarrek eskatu egin behar zuten hori. «Horri buelta eman genion, eta Udala euskara hutsean hasi zen herritarrekin, eta elebitan nahi dutenek berariaz eskatu behar dute orduz geroztik».

Urquijok helegitea jarri zuen hizkuntza irizpide haien aurka, beste hainbat udaletan bezala. Zarauzko Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berritu zuten orduan, eta hizkuntza irizpide haiek EBPN hartan sartu zituzten, baina Lakuaren galbahea pasatuta, hark planok onartzen baititu. Bada, filtroa pasa zuen EBPN hura ere auzitara eraman zuen Gobernu Ordezkaritzak. «Beste hainbat udalen antzera gaude zentzu horretan: euskara benetan ofiziala izateko eta euskaldunak gure herrian bigarren mailako herritar ez izateko benetako politika ausarta eginez gero, oztopoak besterik ez ditugu», ondorioztatu du zinegotziak.

Bere iritziz, euskararen benetako ofizialtasuna dago jokoan, azken batean. «Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren eskubideak defendatzen baldin baditugu, koherentzia guztiarekin eta muturreraino, ezin dugu aurrera egin. Hor dago koska».

Ikusten dutena da duela 30 urtetik gora euskara ustez ofiziala den herri batean bizi arren, Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak, ezin duela hizkuntza politika bere gain hartu, horrek dakarren guztiarekin. «Egin dezakezu egundoko lana urte osoan, hainbat arlotan –Euskara Aholku Batzordea martxan dugu, hiru azpibatzorderekin, eta herriko hainbat eragileren parte hartze aktiboarekin–, baina ez duzu ahalmenik gaztelania hutsean aritzen den ostalariari, merkatariari edo enpresari euskaraz ere egin dezan exijitzeko. Kontzientziazio lana eta euskara sustatzeko nahi duzun guztia egin dezakezu, baina inguruan ditugun erdaren erauntsiaren eta datozkigun erasoen eraginpean, erabat baldintzatuta gaude. Beti izango gara bigarren mailako herritarrak, gure etxean bertan», hausnartu du.

Horri aurre egiteko oihua da Zarauzko Udalarentzat larunbateko manifestazioa, «nahikoa dela eta eskubide osoz euskaraz bizi nahi dugula» aldarrikatzeko ekimena.

Di-da 30-40 urte atzera egiteko arriskua

Euskararekin egiten duten lanaz galdetu, eta «zer esan ere beldur pixka bat ematen du», adierazi du Alaitz Aizpurua Usurbilgo Udaleko Euskara zinegotziak. «Badirudi Urquijo atzetik etorriko zaizula egindako lanak ere hankaz gora jartzera. Usurbilen ez da oraingo apustua, urteak daramatzagu euskararen alde eta euskaraz lanean udaletxean eta udalerri mailan, eta askotan eduki dugun sentsazioa hori izan da, zalaparta ateratzen hasten bazara, atzerapauso ikaragarriak eman behar dituzula Urquijoren mehatxuak direla-eta edo legearen babes faltagatik. Bi kasuengatik askotan».

Usurbilgo Udalak aspaldi funtzionatzen du euskara hutsez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zenetik. «Aktak eta lan tresna guztiak euskara hutsez erabiltzen ditugu. Horrek ez du esan nahi gaztelaniaz egiten ez dugunik, herritarrek edozein dokumentazio eskatzen badute bidali egiten diegu, baina printzipioz eta lehenetsita ez dugu elebitan funtzionatzen». Langile guztiak euskaldunak dira, herritar gehien-gehienak ere bai, orduan, euskaraz egiten dute. Gertatzen dena da iaz edo legegintzaldi honetan lanketa bat egiten denean kontratuetan hizkuntza irizpideak txertatzeko, modu estandarizatu eta bateratu batean, herritik harago beste indar bat eman nahi zaionean, espainiar Gobernuak helegiteak jartzen dituela.

«Guk hori lehen ere egiten genuen, baina lehen ez zen aktarik bidaltzen Gobernu Ordezkaritzara. Orain, Rajoyren azken legeekin, aktak bidaltzen dituzu. Azken urteetan normaltasun osoz egiten ari ginen hainbat kontutan atzera egiten ari gara», azaldu du. Egoera ikusita, Usurbilen, hizkuntza irizpideen kasuan, ez zuten plenoko erabakirik hartu; besterik gabe, bere egin zituzten hainbat jarraibide eta lan tresna moduan erabiltzen hasi ziren. Beste era batera, baina lehen ere erabiltzen zituzten. Plenoko erabakirik hartu ez zutenez, ez zieten helegiterik jarri. Aktei dagokienez, plenoko akta bat prozedurako azken instantzia bada, gaztelaniaz bidaltzea eskatzeak horra iristeko lana ia-ia bi hizkuntzetan egitea eskatzen du, «horrek ekartzen duen guztiarekin. Edo pertsona bat jartzen duzu itzulpenak egiten, edo behartuta zaude bi hizkuntzetan lan egitera, eta denok dakigu bi hizkuntzetan lanean aritzeak euskararen galera dakarrela».

Beharrezko dokumentuak bakarrik itzultzen dituzte gaztelaniara, herritarrek eskatzen dituztenak. Hauen gehiengo handi batek euskaraz funtzionatzen duenez, ez dute lan asko zertan itzuli. Aizpuruaren arabera, hor ezbaian dagoen gakoa da, administrazioak behartuta badaude herritarrekin bi hizkuntza ofizialetan aritzera eta biak menperatzen badituzte, zergatik behartu behar diren beste administrazioekin gaztelaniaz ere aritzera. Euskara gaztelaniaren ondoan dagoenean da soilik ofiziala. Gaztelaniarekin ez da hori gertatzen. Aktak gaztelania hutsez bidaliz gero, ez da arazorik; kasu horretan ez dute eskatzen euskara ere erabiltzeko. Logika bera erabiliko bagenu, ezingo genuke gaztelania soilik erabili.

Konstituzionalak Euskararen Legearen 8.2 artikulua atzera bota zuenetik, udalek kezka izan dute bermerik ba ote duten euskaraz soilik aritzeko. Erasoak konstanteak dira eta kontua honakoa da: euskararen ofizialtasuna ze puntutaraino dagoen bermatuta eta ze puntutaraino den benetan hala.

Eraso horiek jasan arte, Aizpuruak nabarmendu bezala, «harro esaten genuen Usurbilen euskaraz soilik funtzionatzen dugu, dependentziarik ez izatea suposatzen zuen. Baina gaur egun hori esatean pentsatzen duzu akaso beste eraso bat etortzen ahal zaizula hortik. Beldur horrekin ez genuen plenotik pasa kontratazioko hizkuntza irizpideena».

Euskara berez Lakuaren eskumena da eta udalak behin eta berriz saiatu dira mahai gainean jartzen babes juridikorik gabe daudela. Lakuak ez du horretan sartu nahi, gai konplikatua izan liteke, eta garbi gelditu da babes falta.

Alaitz Aizpuruaren kezka da herritarrak jabetzen ote diren gai hauek duten eraginaz. «Badirudi administrazio erabileraz ari garela eta jendeak ez duela gertatzen ari dena eraso gisa bizitzen, baina honek ondorio latzak ekarriko ditu. 30-40 urte egin genezake atzera di-da batean. Euskalgintza jendartean momentu honetan borroka apala eta isila dela iruditzen zait, ez dut uste euskararen egoera jendearen kezken lehen postuetan dagoenik, zoritxarrez. Manifestazioa eta erantzun bateratu bat beharrezkoak dira. Udal bakoitzak helegiteei erantzun eta bide judizialak abiatuko ditu, baina kalean eta herritarren aldetik ere erantzun behar da. Deiadarra egingo nioke herritar orori, hau ez delako administrazioen borroka bakarrik. Administrazioa gizartearen eredu edo aurretik jartzea da helburua, baina halako eraso bat 30-40 urteko atzerapauso bat izan liteke eta denok egin behar dugu horren aurka. Manifestaziora joatera animatuko nituzke herritarrak. Hau ez da batzuen arazoa, denon arazo bihurtuko da ez bada erantzuten».

Maitane maritorena

«Borrokan jarraituko dugu baztandarren eta herri honen hizkuntza eskubide guztiak errespetatuz»

Euskararen aldeko politikan pausoak emanez, Baztango Udalak herritar guztien hizkuntza eskubideak errespeta daitezen lanean jarraituko duela baieztatu du Maitane Maritorena Euskara zuzendariak. Eta Nafarroako Gobernuari oroitarazi dio beraiek direla zerbitzu gehienak espainol hutsean eskaintzen dituztenak herritarron hizkuntza eskubideak urratuz.

Euskara zuen lan hizkuntza da departamentu guztietan?

Baztango Udalean euskara da eguneroko eta berezko hizkuntza, bai lanean eta baita herritarrekin dugun hartu-emanean ere. 2011n udaletxean sartu ginelarik Baztango Euskararen Ordenantza martxan paratu genuen, plantilla organikoan hizkuntza eskakizuna txertatu genuen, eta hartu ditugun langile guztiak euskaldun elebidunak dira. Udal langileei administrazio hizkuntzan trebatzeko saioak eman genizkien, alfabetatzeko beharra zuten langileei lanorduetan alfabetatzeko aukera eskaini genien… Horrek guztiak zerbitzu guztiak euskaraz izateko aukera eman digu. Udala ere euskaraz bizitzeko gune izatea lortu dugu.

Zein da Euskara Planaren funtsa eta helburua?

Euskara plana 2014an onartu genuen, baina hori baino lehen, 2011n Baztango Euskararen Ordenantza betetzen hasi ginen Udaleko zerbitzu guztietan euskara ziurtatuz, udalerrian euskararen erabilera sustatuz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz, Baztango berezko hizkuntza sendotuz… Ordenantza hauek marko orokor bati erantzuten diote; Euskara Planean, berriz, helburuak zehatzagoak dira, ekintza zuzenak nolabait errateko. Bete beharreko ekintza bakoitzak data jakin bat du planean, arduradun bat, hartzaile jakin bat…

Euskararen Ordenantza etxea izanen litzateke nolabait errateko, babesa eskaintzen diguna, eta teilatupe horretan plangintza bat egin dugu hizkuntza politika planifikatuz, epeak markatuz, konpromiso zehatzak hartuz…

Helburua euskara normalizatzea da, neurri eraginkorrak hartuz herritar guztien hizkuntza eskubideak betetzea; Udala bera eredugarri izatea nahi dugu, bai herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidean, bai administrazioan ere.

Bide berean doa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko konpromisoa?

Baztanen biztanleen %70 baino gehiago euskalduna da, beraz, Ueman sartzeko lehen irizpidea betetzen genuen. Uemako kide izateak tokiko administrazioak euskaraz jarduteko eta gizarte arlo orotan udalerri euskalduna izateko bidean laguntza, elkarlana, babesa eta indar handiagoa jasotzea dakar. Euskaraz bizitzea ahalbidetzen duten udalerriak euskararen arnasguneak dira eta horiek hala irauteko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausarta egin behar dute. Udalerri horietako bat izan nahi zuen Baztanek.

Justu urrats ausartak ematean etortzen dira espainiar edo nafar Gobernuaren injerentziak. Nola hartu duzue Euskara Planari jarritako helegitea?

Guk 2014ko abuztuaren 28ko Osoko Bilkuran onartu genuen Euskara Normalizatzeko Plana eta Nafarroako Gobernuak azaroaren 26an eskatu zigun plana igortzeko. Eskaera ailegatu zitzaigularik susmo txarra hartu genuen, pentsatzen baikenuen Nafarroako Gobernuak ez zuela euskararen aldeko plana eskatu izanen eredu gisa hartzeko (kar-kar). Susmo hori 2015eko urtarrilaren 13an bete zen.

Zer eginen duzue aurrerantzean?

Baztango Udalak argi adierazi du abiatutako bidearekin jarraitzeko duen asmoa. Horretarako behar diren baliabide guztiak erabiliko ditugu, euskara normalizatzeko beharrezkoak diren neurri politikoak hartuz eta, bidenabar, eraso hauek salatuz.