Ion SALGADO
OROIMENA IKASGELETAN

Martxoaren 3ko sarraskia ikastetxeetan jorratuko da unitate didaktiko bati esker

Arabako hainbat ikastetxetan erabili dute jada Martxoak 3 elkarteak argiratutako unitate didaktikoa. Miren Rodrigo eta Amanda Ruizek egindako unitateak, eraildako bost langileen oroimena bizirik mantentzea, Gasteizen gertatutako 1976ko martxoaren 3ko sarraskia aztertzea eta gertaerak garaiko testuinguru historikoan kokatzea du helburu.

Duela 39 urte, martxoaren 3an, polizia Gasteizko Zaramaga auzora bertaratu zen San Frantzisko parrokia, langilez beteta zegoena, husteko asmoz. Horretarako, gas negar-eragileak jaurti zituzten barrura poliziek, eta elizan zegoen jendetza ahal bezala saiatu zen bertatik ateratzen. Batzuek leihoetatik egin zuten ihes, beste batzuek ateetatik. Ateratakoan, ordea, poliziak zain zituzten. Herritarretako asko polizien laguntza lortzen saiatu ziren, jendetza elizatik atera ahal izateko. Baina metrailetak hartu eta jendea tirokatzen hasi zen poliziak. Gutxi gorabehera 15 minutu iraun zituen eraso hartan bost hildako eta 60 zauritu larri izan ziren; horietatik 44 bala-zauriekin. Pedro Maria Martinez-Ocio eta Francisco Aznar martxoaren 3an bertan hil ziren; Romualdo Barroso, martxoaren 4an; Jose Castillo, martxoaren 7an; eta, Bienvenido Pereda, apirilaren 5ean.

Zer gertatu zen Zaramagan? Zergatik egin zen langileen batzarra San Frantzisko elizan? Garaiko Espainiako agintarien bertsio ofizialak –Fraga Iribarne eta Rodolfo Martin Villa besteak beste– Zaramagan bizi izandakoa langileek eragindako gertakaria izan zela dio. Arabako Gobernu Zibilaren arabera, «Ordena Publikoko Indarrek eskura zituzten disuasio-neurri guztiak erabili zituzten manifestariak mendean hartu eta sakabanatzeko. Zenbait kasutan, ekintza errepresibo hori ez zen nahikoa izan, autoritatearen agenteen aurkako erasoak oso bortitzak baitziren; eta, ondorioz, airera tiro egin behar izan zuten poliziek. Hainbat taldek istiluak eragiten jarraitu zutenez eta poliziak behin baino gehiagotan inguratu zituztenez, poliziek tiro eginez defendatu behar izan zituzten beren buruak».

Madrilgo Gobernuaren bertsioak ez du aipatu ere egiten martxoaren 3a Gasteizen antolatutako hirugarren aldarrikapen eguna zela eta gasteiztarren %80k langileen protestarekin bat egin zutela. Lehenengo bala zaurituak Gasteiz Hiribidean izan zirela ere ezkutatzen du bertsio ofizialak, poliziak Movosa eta Areitio enpresetako langileen aurka tiro egin zuela esaten ez duen bertsioa berak. Are gehiago, poliziek idatzitako bertsioan Forjas Alavesas enpresako langileek urtarrilaren 9an martxan jarritako greba ez da aipatu ere egiten. Hilabete hartan, Gasteizko beste 30 enpresak egin zuten bat grebarekin, eta langileen emazteek hainbat ekimen eraman zituzten aurrera. Ezagunena azoka, kale eta erakunde nagusien egoitzetara erosketetako saski hutsak eskuetan zeramatzatela joatea izan zen, senarrak greban egonda ezertarako dirurik ez zutela salatu nahian.

Orain arte aipatutako datu horiek guztiak, Martxoak 3 elkarteak sarraskiaren berri emateko asmoz urrian argiratu zuen unitate didaktikoan aurki daitezke. Unitatearen aurkezpenean adierazten den bezala, «Gasteizko bost langileen hilketa eta tiroz zauritutako pertsona ugariak hiri honetako historia hurbilaren parte dira; horregatik, unitate honen helburu nagusia gertaera horiek aztertu eta beren testuinguru historikoan kokatzean datza».

“1976. Martxoak 3” unitate didaktikoak trantsizioaren eta demokraziaren inguruan herritarrek dituzten ideiak kritikoki eztabaidatu eta berrikustea ere badu helburu, eta gertaerak beren testuinguruan kokatzea, demokraziarako trantsizio prozesuan jazotako gertaera historiko gisa aurkeztuz. Era berean, trantsizio prozesuak garaiko gertaera ezberdinekin izandako harremanaren gaineko hausnarketa bultzatu nahi du, gertaeron zergatiak eta testuinguru politiko hurbil edota urrenetan dituzten eraginen inguruko azterketaren bidez.

Unitatea euskaraz eta gazteleraz eskura daiteke eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailetan zein Batxilergoko 1. eta 2. mailetan jorratuko da. Izan ere, gazteak dira martxoak 3an gertatutakoaren oroimena bizirik mantendu behar dutenek. «Ikasleek Gasteizen gertatu zenaren berri edukitzeko sortu genuen unitatea. Klasean ikasitakoari esker ikasleak euren ondorio propioak ateratzeko gai izatea nahi dugu, kanpoko inolako eraginik gabe», azpimarratu du Andoni Txaskok. Zentzu horretan, ikasleei zuzendutako testu «espezifiko» bat faltan botatzen zutela azpimarratzen du Martxoak 3 elkarteko kideak. «Horregatik bultzatu ditugu hainbat erakundetan bertsio ofiziala ezeztatzen duten adierazpen historikoak», gaineratu du 2004an Valentin de Foronda Institutuak egindako txostena aipatu ostean.

Elkartearen esfortzua

Baina unitate didaktikoa osatzea ez da lan erraza izan. Lehen saiakera 2012an egin zuten. Garai hartan unitate didaktiko baten zirriborroa aurkeztu zieten Lakuako agintariei. Agintariek ez zuten onartu, dirudienez, «proiektua hobeto garatu behar zelako». Eta hala egin zuten. «2013an testu landuago bat aurkeztu genuen, ikasleei zuzendutako memoria batekin, eta Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat eman zigun proiektua aurrera eramateko», azaldu du Txaskok. Dena den, Gasteizko Gobernuaren laguntza ez zen nahikoa, eta elkarteak «esfortzu handia» egin behar izan du unitatea argitaratzeko.

Txaskok dioenez, unitateak, agintarien bertsioa ezeztatu eta gertatu zenaren berri emateaz gain, 1976an gizartean indarrean ziren balioak berpiztu nahi ditu. «Garai hartan gizarte justiziaren alde borrokatzen genuen. Elkartasuna eta gizarte justizia bizirik mantendu behar ditugun balioak dira, gazteei transmititu behar dizkiegu, eurak baitira egun bizi dugun egoera latz honen biktimak. Kontsumismo anker batean sartu dituzte, eta, orain, euren eskubideen alde borrokatu beharrean daude. Horregatik berreskuratu behar ditugu martxoaren 3an nagusitu ziren balioak, bereiziki elkartasuna», nabarmendu du.

Unitate didaktikoa prestatu baino lehen, Txaskok berak defenditu zituen aipatutako balioak hainbat ikastetxetan egindako hitzaldietan. Orain, tresna berri honi esker, ikasleek beraien aitona-amonek eta gurasoek pairatutako errepresio gordinaren berri izango dute. Egungo egoerarekin lotuta, testuan 1976an indarrean ziren errepresioa, eskubide gabezia eta askatasun falta irudikatzen direla gogoratu beharra dago. Are gehiago PPko Gobernua inposatzen ari den murrizketak ikusita. «Garai hartako borrokaren duintasuna faltan botatzen dut. Ez genuen sekula buruan zer gal genezakeen, irabaz genezakeena defendatzen genuen soilik», aitortu du.

Unitatearen banaketari dagokionez, jada testua Arabako ikastetxeetara bidali dutela adierazi du Txaskok. Halaber, Euskal Herriko beste herrialdeetako hainbat institutuk eta Burgoseko ikastetxe batek unitatearen aleak eskatu dituztela azpimarratu du. «Edonork eska dezake Martxoak 3 elkartearen webgunean aurki daitekeen unitatea, eta Jaurlaritzak ere interesa azaldu du». Amaitu baino lehen, unitatea «dinamikoa eta entretenigarria» suertatzea espero duela esan du Txaskok.

Ikastetxe guztietara

Hori espero du Miren Rodrigok ere, Amada Ruizekin batera unitate didaktikoa egin duen irakasleak. German Rodriguez gazte iruindarraren heriotza azaltzeko argitaratutako unitatea eredu gisa hartuz, 1976ko martxoaren 3ko Zaramagako sarraskia azaltzen duen unitatea prestatu dute. Halaber, biktimekin hitz egin dute eta ikerketa sakona burutu dute testua osatzeko. «Elkarteak eskatu bezala Gasteizen gertatu zena eskoletan irakastea garrantzitsua dela uste dugu», gaineratu du.

Orain artean, harrera ona izaten ari da ekimena. «Erantzuna ona izan da, eta datorren urtean Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dugu unitatea», nabarmendu du Ikasbidea ikastolan eta Ciudad Jardín institutuan unitatean agertzen diren ariketak jada landu dituztela ezagutarazi baino lehen. Zehazki, unitate didaktikoa lau ataletan banatuta dago: testuinguru historikoa, gertatutakoaren kronologia, jardueraren garapena eta ebaluazioa.

Xabier Sagastak ere parte hartu du unitate didaktikoan, berak egin baititu marrazkiak. Dionez, erreportaje honetan ikus daitezkeen marrazkiak Zaramagan gertatutakoa azaltzen duten eszenak dira. Horietako batzuk herritarrek egun latz hartan ateratako argazkietan oinarritzen dira, eta besteak testigantzei esker marraztu ditu. Gasteiztar guztiek bizi izan baitzuten martxoaren 3ko sarraskia.