Patxi Berhouet
DEPARTAMENDUETAKO HAUTESKUNDEAK

Ezkerra eta eskuina tinko-tinko, EH Bai gibeletik

Bihar eta datorren hilaren 29an, departamenduetako hauteskundeak egingo dira Ipar Euskal Herrian. Forces 64 koalizioak egun duen gehiengoa kendu nahi dio PSri Paueko Kontseilu Nagusian. EH Bai koalizioak, bere aldetik, kontseilari bat lor dezake lehen aldikoz.

Azken egunotan Manuel Valls Estatu frantseseko lehen ministroa departamenduz departamendu dabil PSren aldeko kanpaina egiten, bere alderdiak ez ditzan hautetsi gehiegi gal heldu diren departamenduetako hauteskundeetan. Azken inkesten arabera ezkerrak hamabost bat departamendu gal ditzake martxoaren 22an eta 29an egingo diren hauteskundeen ondotik.

Departamendu horietariko bat Pirinio Atlantikoak dira. 2011n, ezkerrak irabazi zuen Paueko Kontseilu Nagusiko presidentetza, eta, aurten, eskuinak har dezake berriz ere departamenduko burua. 2011tik, ezkerrak gehiengo txikia du, 27 jarlekurekin –eskuinak 25 ditu–.

Baina azken lau urteotan aldaketa anitz izan dira. Departamenduen antolaketa aldatu egin da eta hauteskunde legea bera ere aldatu egin da. Parekotasuna bermatzeko, hautagaiak binaka aurkeztu behar izan dituzte alderdiek, emazte bat eta gizon bat. Horrek hautetsi kopurua bikoiztu ez dezan, kantonamendu kopurua bitan zatitu dute, populazioaren arabera. Ipar Euskal Herria, 22 kantonamendu izatetik 12 izatera pasa da.

Eskuina-ezkerra banaketa

Aldaketon ondorioz, Iparraldeko barnealdeak hautetsiak galduko ditu. Jende gehiago bizi denez kostaldean, kantonamendu gehiago izanen dira bertan barnealdearekin alderatuta, eta, beraz, hautetsi gehiago. Politikoki garrantzia badu aldaketa horrek, eskuina barnealdean azkarrago delako; hiriak, berriz, gehienak sozialisten esku dira.

Departamenduko azken hauteskundeen emaitzak kontuan hartuz (2008koak eta 2011koak kantolanak izan ziren), egungo banaketa administratiboa aplikatzen badugu, ezkerrak hamar hautetsi ukango zituen, orain arteko kantonamenduen banaketan zortzi dituelarik. Horregatik, eskuinak dio «ezkerra salbatzeko» eginiko banaketa administratiboa izan dela.

Hala ere, Forces 64, UMP eta zentristen arteko koalizioak uste du garaipena posible duela. «Oztopo lasterketa bat antolatu digute sozialistek», kritikatu du Miarritzen aurkezten den Max Brissonek. «Baina departamendua irabazten ahalko dugu, nahiz eta tinko izanen diren emaitzak», gaineratu du.

Programa zehatzik gabe

Alderdi frantsesen bi hautagai nagusiak mokoka aritu dira, baina proposamen gutxi aitzinatuz. Eskuinak ezkerrari azken lau urteotan «sobera diru» gastatu duela kritikatzen dio. PSekoek, berriz, ezetz diote, hautu politikoak egin dituztela, eta departamenduaren zorra ez dela biziki handia. Egia erran, baina, departamenduen gaitasunak ez dira oraindik ere definitiboki bozkatuak izan frantses parlamentuan. Beraz, zaila da programa zehatzekin eztabaidatzea.

PS eta UMPren arteko lehia EH Baik epaitzen ahalko du. Lehen aldikoz, izan ere, departamenduan kontseilari bat ukaiteko moduan baita ezker abertzalea. Errobi-Adurriko kantonamenduko Alain Iriart hautagaiak lehen aldikoz onartu du EH Bai etiketarekin aurkeztea. Fabienne Ayensa, bere zerrendakidea, ez da abertzalea. Bi auzapezek kantonamenduan nagusitzeko aukera ona dute. Irabaziz gero, bikote horrek ukan lezake Paueko kontseiluaren burua hautatzeko aukera.

Zalantzak sozialisten artean

Paueko presidentetzarako, eskuinak eta zentroak Jean-Jacques Lasserre senatari eta Bidaxuneko kontseilari nagusia hautatu dute hautagai gisa. Sozialistek, aldiz, ez dute oraindik hautatu nor proposatu. «Egia erran, buruzagi batzuk baditugu, baina inork ez du garaipena lortzeko segurtasunik bere kantonamenduan», aitortu du alderdiko kide batek. «Nahiago dugu lehenik ikusi nola iraganen diren lehen itzuliak, ondotik erabakiko dugu zer egin». Hala ere, bi bozeramaile izendatu ditu PSk hauteskundeetarako: Euskal Herriko bat (Marie-Christine Aragon) eta Biarnoko bat (Marie-Pierre Cabanne).

EH Baik ere ez du hautagairik izendatu Paueko kontseiluaren buru izateko. Zaila izanen zaio kantonamenduetan aski hautetsi lortzea Kontseilu Nagusian talde politiko bat sortzeko. 2011ko kantonamenduetako bozak eta 2014ko herriko bozak kontuan, gutxi dira kantonamendu batean garaitzeko aukera dutenak Alain Iriarte salbu. Baina bigarren itzulira pasatzeko aukerak izanen dira.

Kostaldeko hiri handietan, EH Baik ez du bozen %10eko kopurua gainditzen. Baionan bakarrik gainditu du kopuru hori, herriko bozetan. Aldiz, barnealdean azkartuz doa ezker abertzalea. Uztaritze eta Baigorrin herriko bozak irabazi dituzte abertzaleek, eta, hala, Euskal Mendia eta Uztaritze kantonamenduetan bigarren itzulian leku bat ihardetsi dezakete EH Baiko hautagaiek.

EAJrentzat, aldiz, zailagoa izango da emaitza onak lortzea. EH Baik Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan hautagaiak aurkeztu baldin baditu, EAJk lau kantonamendutan bakarrik aurkeztea erabaki du. Igandean, kantonamendu bakoitzean lehen bi bikoteak kalifikatuko dira bigarren itzulirako. Martxoaren 29an iraganen da bigarren itzulia.

Eskuin muturra Iparraldean ere errotzen ari da

Frantzian baino apalagoak dira Fronte Nazionalaren (FN) emaitzak Euskal Herrian, baina emendatuz doaz. Horren erakusle, kantonamendu guztietan hautagaiak aurkeztu ditu. Lehen aldia da Marine Le Penen FN Iparraldeko kantonamendu guzietan hautagaiak dituela. 24 lagunek onartu dute eskuin muturreko alderdia gurean ordezkatzea. 2011ko kantonamendu bozetan, hiru hautagai baizik ez zituen presentatu.

Frantzia osoan bezala, poliki-poliki azkartuz doa FNren influentzia Euskal Herrian. Kantonamendu gehienetan bozen %15 ihardetsi zituen eskuin muturrak 2014ko Europako bozetan. Kopuru hori apaldu egin zen herriko bozetan, baina ezin da ukatu progresio bat badenik. Frantzia mailako inkestek, bozen %30 inguru ematen dizkiote oraingoan Marine Le Penen alderdiari.

«Helburua bigarren itzulira igarotzea da»

Igandeko hauteskundeetan FNk emaitza onak lortzea espero du. «Gure helburua ahalik eta hautagai gehien bigarren itzulira igarotzea da –esplikatu du Jean-Michel Iratchetek, Baiona 3 kantonamenduan aurkeztu denak–. Gure ustez, helburu hori lor dezakegu Hendaia, Miarritze, Angelu eta Baionako kantonamenduetan». Kostaldeko hirietan hautagai ugari aurkezten dira hauteskundeetara eta zatiketa horrek FN indar dezake bigarren itzulira heltzeko.

Nola esplikatu eskuin muturraren indartzea? Miarritzen berriz aurkezten den Max Brissonek bi arrazoi eman ditu: politikarien irudi kaskarra eta hauteskundeen antolakuntza bera. Baina beste azalpen bat ere badu: «Departamenduko bozetan, Europakoetan bezala, herritarrak ez dira engaiatzen, ez diegulako beharbada aski esplikatzen zer indar duten bi instituzio horiek. Ez dira ohartzen oso garrantzitsuak direla», onartu du Brissonek. «Azkenean, herritarrek ez dituzte botere maila guztiak berdin jujatzen. Herriko bozetan eta lehendakaria aukeratzeko azkarki bozkatzen dute. Baina beste hauteskundeak boterea zigortzeko baliatzen dituzte, ez dira bortxaz bozka ideologikoak».

«Mehatxu handi bat demokraziarentzat»

PSko hautagai batek ere analisi bera egin du. «Behingoz, arras ados naiz Max Brissonekin –baieztatu du Errobi-Adurri kantonamenduan aurkezten den Eric Boileauk–. Egia da izan diren aferekin ez diegula beti irudi hoberena ematen herritarrei».

Abertzaleek ez dute ulertzen eskuin muturraren progresioa. «Nola esplika daiteke Marine Le Penen diskurtsoak hemen ere publiko bat izatea? Parisetik ekarritako diskurtso bat baliatzen dute. Langabezia delinkuentzia eta immigrazioari lotuta dagoela diote, baina hemen nola sinets dezakete hori? Ez dute holako gauzarik bizi Euskal Herrian», galdezketatu du kezkatuta Baigorriko Antton Curutcharryk.

Ekologistek ere begi beltzekin ikusten dute eskuin muturraren presentzia. «FN mehatxu handia da demokraziarentzat. Haien promesa demagogikoekin zuzen paretaren aurka goaz», dio Amikuze, Oztibarre eta Bidaxuneko kantonamenduan aurkezten den Sauveur Bachok.

Euskara bai, baina frantsesa lehenik

Gurean ere bozak lortuagatik, zail da jakitea FNk zer proposamen dituen Ipar Euskal Herrirako. Hautagaiak ia anonimoak dira, haietarik gutxik egin dute benetako kanpaina bat bozak biltzeko. Hautagai batek ere ez du eztabaida publikorik onartu beste hautetsiekin. Jean-Jacques Lasserrek, adibidez, ez du «departamendurako proposamen izpirik ikusi».

Proposamen zehatz gutxi eginagatik, Jean-Michel Iratchetek zehazten ditu Euskal Herrirako FNk dituen posizioak. «AHTren bide berri baten aurka gara. Iparraldearen ezagupen instituzionalari dagokionez, guk nahiago dugu Pirinio Atlantikoen departamendua atxiki, Errepublikan garelako. Pentsatzen dugu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako komite batzuk sortuz aski litzakeela». Zer indar izango luketen «komite» horiek ez du esplikatzen argiki, baina Iparralde osoa kontuan hartuko duen herri elkargo handi baten kontra dago. «Bateraren eskaerekin ez gara ados. Aldiz euskararen alde gara, baina ez ofizialtasunarekin. Frantsesa da garrantzitsuena, bestela nola uler gintezke Frantzian korsikar, bretoi edo alsaziarrekin?». Elebidunek maitatuko dute diskurtso hori.

Izandako aldaketa nagusiak

Igandean eta martxoaren 29 iraganen diren hauteskundeetan aldaketa ugari izanen dira. Departamenduen pisua bera ere aldatu egingo da. Ona azalpen batzuk.

Nola antolatu dira hauteskundeak?

Igandean iraganen diren hauteskundeek departamenduetako kontseilu nagusiak hautatuko dituzte. Ipar Euskal Herriko kontseilariak Pauen elkartzen dira departamenduko arlo batzuk kudeatzeko.

Orain artean kantonamendu hauteskundeak deitzen ziren. Hiru urtero kontseiluaren erdia berritu egiten zen. Departamendu bakoitzean kantonamenduen erdiak bozkatzen zuen kontseilariak hautatzeko. Igandetik goiti kantonamendu guztiek aldi berean bozkatuko dute. Hori bai, kantonamendu gutxiago izanen dira.

Ipar Euskal Herriko adibidea hartuz, 22 kantonamendu izatetik 12 izatera pasa da. Kantonamendu gutxiago, baina handiagoak. Kantonamendu berriak marrazteko, populazioa dute kontuan hartu. 20.000 biztanle inguruko eremuak marraztu dituzte. Eta, lehen aldiz, parekotasuna legez ezarrita dago. Boz eremu bakoitzean, binaka aurkeztu behar dira hautagaiak: emazte bat eta gizon bat. Boz-emaileek bikote bat hautatu beharko dute igandean. Horrela, Paueko Kontseilu Nagusian, beste kontseiluetan bezala, gizon bezainbeste emazte izanen dira.

Igandean, bozen %50 baino gehiago lortzen dituzten hautagaiak lehen itzulian bertan garaile izango dira. Hori ez bada gertatzen, bigarren itzulira pasatzen ahalko dira hautesleen %12,5 baino gehiagoren sostengua lortzen duten bikoteak. Gutxienez bi bikote ez badira emaitza horretara iristen, bozen gehiengoa bildu duten bi pareak pasako dira bigarren itzulira.

Zer eskumen ditu departamendu batek?

Departamenduak gehienbat arlo sozialaz arduratzen dira. 2015eko aurrekontuaren erdia baino gehiago arlo sozialera bideratuta zuten departamenduek. Baina, horren ondoan, eskualdearentzat onuragarri jotako egitasmoentzat ere dirua eman zezaketen orain artean. Azken laguntza hori ezingo dute gehiago eman departamenduek. Oraindik frantses parlamentuan bozetan den NOTRe legeak gauzak aldatuko ditu: 2017tik goiti, emana zaizkion eskumenetatik kanpo, ezingo dute dirurik erabili departamenduek. Ez ditugu eskumen zehatz guztiak oraindik ezagutzen, baina arlo sozialak hartuko du garrantzia gehien, oraindik gehiago. Adibidez, departamenduek kolegioak, zahar etxeak edota suhiltzaileak kudeatuko dituzte.

Bideen eraikuntzaren eta garapenaren gaineko eskumenak ere departamenduek atxikiko dituzte. Ordea, garraioaren antolaketa gal dezakete. Azken konpetentzia hori Akitania eskualde handiak har dezake Ipar Euskal Herriaren kasuan.

Zer leku du Ipar Euskal Herriak departamenduan?

Pirinio Atlantikoen departamendua bitan zatitu da: Ipar Euskal Herriko hiru probintziak alde batetik, Biarno bestetik. Paueko Kontseilu Nagusian, euskaldunek indar gutxiago izango dute bi asteren buruan: Iparraldeak 22 hautetsi ukanen ditu eta Biarnok 27. Baina 2014an, departamenduko prefetak euskal hautetsiei proposatu zien herri elkargo handi baten sortzea. Hauteskundeetan, alderdi denak, FN salbu, proposamenaren alde azaldu dira. Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak ikerketa bat hasi zuen irailean proposamena aztertu eta herri elkargoa nola antola daitekeen ikusteko.