Gorka Elejabarrieta

Newroz

Gaur, martxoak 21, Newroz eguna ospatzen dute kurduek mundu osoan zehar, baita Euskal Herrian bertan ere. Urte berria, aro berria, esperantza berriak. Ospakizun eta aldarrikapen eguna ere bada gaurkoa. Duela bi urteko Newroz egunean, Abdulla Ocalan buruzagi kurduak borroka armatuaren aroa amaitzen ari zela adierazi zuen; «armak isilaraztea eta ideiei eta politikari hitz egiten uztea» eskatu zuen orduan. «Hau ez da amaiera, hasiera berria baizik. Hau ez da borroka uztea, borroka berri bat hastear gaude». Geroztik kurduek izan dituzten desafioak ez dira nolanahikoak izan, Sirian, Iraken, Iranen edo Turkian. Desafioak desafio, baina, euren bidea ibiltzen jarraitu dute, euren herrian zabaltzen ari den aro berrian ahalik eta baldintza hoberenetan eta indar handienarekin sartzeko.

Otsailean, Ocalanek, konponbide prozesuaren balantzea egitearekin batera, udaberrian borroka armatua behin betiko uztea erabakitzeko kongresua antolatzeko eskatu zion PKKri, betiere eztabaida eta negoziazio politikoa bururaino eramateko zenbait printzipio Turkiako Gobernuarekin adostea lortuz gero. Publikoa eta ezaguna da Turkiako Gobernua Ocalanekin eztabaida eta negoziazioetan dabilela. Hegoafrikako apartheid sistemak egin bezala, Turkiako Gobernuak ere, parlamentua eta kalea beharrean, kartzela bihurtu du eztabaida eta negoziazio plaza. Baina Ocalanek, bere garaian Nelson Mandelak egin bezala, eztabaida bururaino eramateko beharrezkoak dituen bitartekoak eskatu ditu.

Turkiako Estatuaren erreforma demokratikoa, Turkiako mugen baitan bizi diren kurduen eta beste herrien aitortza eta herriok aintzat hartuko dituzten instituzioen ezarpenean daude prozesuaren gakoak. Finean, agertokia aldatu eta lanabes demokratikoekin hornitu, norberak bere helburu politikoen alde ekiten jarraitu ahal izateko. Gatazkaren konponbideaz baino, gatazkaren transformazioaz ari gara, beste testuinguru eta agertoki batzuetan gertatu den bezala.

Urteetan Erdoganek behin eta berriro adierazi du ez zuela sekula santan kurdu terroristekin negoziatuko, gatazka politikorik ez zegoela Turkian, arazoa segurtasun arazo hutsa besterik ez zela, eta, konponbideak, ondorioz, militarra izan behar zuela. Eskertzekoa da esandakoak ahaztu, politikaz aldatu eta bere gobernua eztabaida mahaira eraman izana. Baina ez ditzagun gauzak nahastu, Erdoganek ez ditu bere ideia eta helburuak aldatu, horiek eskuratzeko bidea baizik. Horregatik, Ocalanen hitzek eta deiak berebiziko garrantzia dute, kurduek Turkian hasitako bidea ere borroka eremua baita, borroka politikoa, diplomatikoa hein handi batean, baina baita herriz herri eta auzoz auzo garatu beharreko borroka ere, eta, horretan ere, kurduek molde eta era berriak asmatu eta praktikan jarri beharko dituzte. Aurreko testuingurua eta orain indartzen ari den berria ezberdinak dira, eta, ondorioz, askapen mugimenduak berak ezarri beharreko taktika eta estrategiak ere berriak izan behar dira. Orain arteko borroka egungo egoerara iristeko beharrezkoa izan da, baina, prozesua aurrera eramateko, helburuetan aurrerapausoak emateko ez da jada lagungarria. Hori da askapen mugimenduen erronka garrantzitsuenetakoa: testuinguru berrietara moldatu eta bidean aurrerapausoak emateko norbere burua berrasmatzeko gaitasuna behin eta berriro izatea. Bidea luzea eta konplikatua izango da, dudarik ez izan, kurduek hasitako bidea utz dezaten saiatuko dira asko, eta, horretarako, era guztietako tranpa eta trabak ezarriko dizkiete. Horretan, euskaldunok ere, urteetako esperientzia daukagu, Gerry Adamsek esan bezala, «bakea egitea gerra egitea baino zailagoa» baita. «Newroz Piroz Be!» guztiei, bereziki Euskal Herrian bizi diren kurdu diasporako kideei. •