Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nire gau nirea

Hau nire gaua da, ez dakizu zeinen libre sentitzen naizen eta bai, sagardotegia izan dugu eta edan eta, badakizu, ez pentsa ni horrelakoa naizenik, lotsatia naiz eta isila eta sentibera baina alkoholak eragin egiten du antza, eraldatu egin nau, txinparta pixka bat, grazia pixka bat, poz pixka bat, horregatik hitz egiten dut hainbeste baina ni ez naiz horrelakoa, berez ni ez naiz horrela neska batengana etortzekoa baina begira ikusi zaitut, begira ari zinen, ezta?

Ez esan ezetz, begira ari zinen eta zure begiak gustatu zaizkit, zure begiratzeko modua eta etorri egin naiz eta hemen gaude, barraren ertzean; begira nola dagoen jendea, begiak ipurtargiak bezala piztuta, begiakipurtargiakbezalapiztuta, polita, e?, zenbat ipurtargi elkarri begira, nola edaten duen jendeak zerbaiti ihes egin nahiko balio bezala, ezta?, eta zeinen astun jartzen diren batzuk; begira hitz egitean neskari belarria ezpainekin ukitzen dion mutil horri, zenbat esku-luze motz dabilen inguruotan baina ni ez naiz horrelakoa, nik ulertu egiten zaitut, imajinatzen dut zer izango den gauetan lasai ibili ezina, joan zen asteko manifa eta hori dena; zerbait esan nahi didazu?

Itxaron, hastea kosta egiten zait baina gero gelditzea gehiago eta, ba hori, ni oso kontzientziatua nago, oso-oso, ez dago eskubiderik horrelako euskalgirojatorrian esku-luzeak ibiltzeko, denak egurtuko nituzke baina ez pentsa inoiz borroka batean sartu naizenik, e?

Ni ez naiz horrelakoa, niri lagunekin egotea gustatzen zait, hizketan jarri barra ertzean eta hor egon, hamabi mutil gara kuadrillan, denok oso aktiboak, politika gustatzen zaigu baina gaur ez, gaur sagardotegian izan gara eta gauzak ez dira nahastu behar eta, zer, dantzatuko dugu? Titaniozko gerria daukat baina gau hau nirea da eta gustura nago zurekin eta zu ere seguru baietz, batzuetan ezer esan ez arren badakit jendearen begiak irakurtzen, animatu, ez zaitez horrela jarri, ez dizut hozka egingo, ez zaitez hain estua izan, hau Hernani da, larunbat gaua da, taberna ilun-ilun dago eta musika hau, ez naiz zalea baina nire gaua nirea da eta zurea ere pixka bat bai, ezta?

Ordubete daramagu hemen barra ertzean eta, nola zeneukan izena?, seguru esan didazula baina, ikusten duzu, sagardotegia, dantzatuko dugu, ezta?, deseroso zaudela?, ez zarelako lasaitzen da hori, uzkur zaudelako, dantza pixka batek ez dizu kalterik egingo, nola egingo dizu bada?

Eta irribarre pixka bat ere egin zenezake; harrigarria da zenbat mutil eta zeinen neska gutxi gauden taberna honetan, ezta?, ikastolako garaiekin gogoratu naiz, gu futbolean patio erdian eta zuek liburutegian edo ertzen batean, baloikadaren bat jasotzeko beldurrez, tarteka nahita ere botatzen genuen sustoren bat emateko, nola erreakzionatzen zenuten ikusteko; sokasaltoan aritzen zinetela uste dut, edo goman, edo hizketan, auskalo, beti gu eta zuek; gurik ez zuen artean eta zuekik ez gure artean, tira, beti zegoen norbait berezia baina ez, beti gu eta zuek, hemen bezala, ez dakit zergatik baina desberdinak garela dirudi eta lotsatia zara, e? Altuegi hitz egiten dudala?, gehiegi hurbiltzen naizela?, ez dut nahita egiten, ni ez naiz horrelakoa, lotsatia naiz eta sentibera eta jatorra, jatorra ere banaiz, baina sagardotegia, eta taberna hau, denak batera ari dira hizketan eta hainbeste ahots eta hainbeste musika eta zu hain isilik.

Zu hain lotsaturik baina ez zaitut bakarrik utziko, zarata guzti honen erdian, berriz ere bazoaz kuadrillarengana zure izenik ere esan gabe baina ez zaitut bakarrik utziko esku-luze guzti hauen erdian, gaua nirea da eta askatasuna, askatasuna ere nirea da; bihar ez dut ajerik izango, nori egingo dio bada kalte nire askatasunak? •