Ramon Sola

Bruselan bada, Baionan bada, Parisen bada...

Zerrenda ikusgarria bildu du Bruselan asteartean iragarritako ekimenak, ‘‘Free Arnaldo Otegi, bring basque political prisoners home’’ lelopean. Hain ikusgarria ezen Madrildik ez-ikusiarena egitea erabaki duten beste behin; antza, oraingoan ez dute aurkitu giza talde txundigarri hori zikintzeko modurik. Bertan daude bai izenak bai barruan dakartzaten istorioak, borrokak, lorpenak eta ospeak, ikusi nahi dituenarentzat: Pepe Mujica, Desmond Tutu, Ken Livingstone, Gerry Adams, Angela Davis, Slavoz Zizek, Cuauhtemoc Cardenas, Manuel Zelaya, Fernando Lugo... Bruselatik ostrukarena ezin egin eta argudio honekin gutxietsi nahi izan du Maite Pagazaurtunduak: garrantzirik ez du izango, Otegik zigorra betetzear du eta. Urtebete gehiago giltzapean izango omen dute, ordea, hau da, sei urte eta erdiko zigorreko azken eguna agortu arte. Eta 450 euskal preso daude oraindik, giltzapean ez ezik, sakabanaturik, eskubiderik gabe, zigorrak amaieraraino irentsiz (tranpa zikinen bidez luzatzen ez zaizkienean). Lehenago etor zitekeen ekimena, jakina, baina hobe berandu inoiz ez baino: tamalez, oraindik ere badu bidea.

Ez da erraza honelako atxikimendu potenteak biltzea. Izan ere, batzuei urruti, oso urruti, geratzen zaie indigenez beteriko Europako txoko galdu hau: demagun, Davis, Kathrada edota Tuturi. Beste batzuentzat ez zen samurra izango “madre patria” betierekoari iskin egitea: Lugo eta Zelayari, esaterako (ze demontre, ez al zion Juan Carlos Borboikoari bostekoa eman Mujicak berak Montevideon, ez dakit samurtasunez ala batere gogorik gabe, duela hiru aste eskas?). Eta Mendebaldera begiratzen badugu, ustekabe pozgarria da Londresko aurreko alkateak edota Europako pentsalari ospetsuenetarikoak Euskal Herria kezka iturri dutela ikustea. Brian Currinek GARAri emandako elkarrizketan egindako hausnarketa erabiliz, anglosaxoiak eta latinoak daude zerrendan, pragmatikoak zein epikazaleak, buru hotzekoak zein bihotz berokoak. Guztiek ulertu dute merezi duen auzia dela eta beren ekarpentxoa egin dute.

Parisen izan liteke hurrengo urratsa. Zerbait pozgarriaren iragarpena bazekarren ere Currinen elkarrizketak eta “Argien Hirian” ekainerako prozesuaren aldeko ekitaldiren bat prestatzen ari ote den zurrumurrua heldu da hainbat egunkaritara. Itxaron beharko da, baina, egingo bada, gogora dezagun Euskal Herritik piztutako txinpartatik sortuko dela sugar hori. Bruselako ekitaldiak euskal herritarrengan nazioarteko komunitatearekiko konfiantza biderkatzen duen bezalaxe, nazioarteko eragileek abenduko Baionako Akordioan oinarritzen dute guganako konfiantza (ala fedea esatea hobe?). Marka izan zen bihar bertan berriro Ipar Euskal Herriko hautestontzietan lehian ibiliko diren ertz bateko eta besteko ordezkariek eskuratutako kontsentsua, konponbidea helburu beren sakoneko desadostasun guztiak alboratuz. Parisi dei zuzena egin zioten, eta hor nonbait batzuen batzuk mezua jaso eta ozenarazteko prest omen daude.

Bruselan posible izan da, beraz, konponbidearen aldeko elkarlana, ezberdinen artean. Baionan ere bai, oso ezberdinen artean. Eta baliteke Parisen ere Estatuaren hormatzarretan pitzaduraren bat gertatzea. Bidasoatik behera, aldiz, berririk ez. Aietetik hiru urte eta erdi pasata oraindik akordiorik ez, ezinean, esku hutsik, blokeaturik. EAJ eta Sortu mahai berean elkarri begira eta elkarri ezetz esaten, urte eta erdi luzez. Gasteizko Legebiltzarreko lantaldea, lanik gabe, alfer-alferrik, usteltzen hasita. Lakua bere horretan, ezker abertzalea berean eta Iruñea ezertan ere ez. Batek bake plan ponpoxo bezain eskasa, besteak proposamen ezagutu gabea. Ez da normala, ezin du izan, ez kanpora begiratuta, ez eta iraganari erreparatuta ere. Ez al ziren legebiltzarkideak 1996an espetxera sartu zirenak, gatazka gordineko garaietan? Ez al zuten elkarrekin egin espetxe politikaren aurka Lizarra-Garaziko garaietan, Batera ekimenean? Eta ez al dira orain bozetan indartsuago konponbidearen aldekoak eta ahulago etsaiak? Orduan, nolatan ez? Nolatan denontzat kalte?