Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
ander izagirre
kazetaria

«Gai batera hurbiltzen naizenean garrantzitsuena nire ezjakintasuna onartu eta gaiaz dakitenen eskutik joatea da»

Idaztea gustatzen zaio, interesatzen zaizkion, gustatzen zaizkion eta batez ere jakin mina pizten dioten istorioak idaztea. Batzuetan etxe ondoan topatzen ditu eta, beste batzuetan, askoz urrunago. Baina beti asmatzen du istorio horiek irakurleari gerturatzen.

Europako Prentsako Saria jaso berritan egon da GAUR8 Ander Izagirrerekin, hain gertukoa duen kolaboratzailearekin. Bere mundu idazkera eta ikuskera askotan arrimatzen dira gure leiho honetara, munduari luze-zabalean eta era berean zokotik begiratzeko. Kopenhagen (Danimarka) jaso du asteon ikerketa kazetaritzako European Press Prize saria hainbat hizkuntzatan argitaratu duen erreportaje batengatik. Kolonbiako talde paramilitarrei buruzko erreportajea da eta “El Pais” egunkarian argitaratu zuen gaztelaniaz, iazko martxoan. Gurean euskaraz joan den urrian argitaratu zen “Hildako gerrillariak fabrikatzearen negozioa” lana.

Kolonbiako kazetariak izan dituzu gogoan.

Bai, eta nabarmendu nahi nuke egiten duten lana. Egunero ari dira lanean gai oso gogorrak eta zailak argitara ateratzen eta, gainera, kanpotik joaten garenak eskuzabaltasunez hartzen gaituzte. Baina beraiek ari dira lan gogorrena eta arriskutsuena egiten. Lan oso ona egiten dute, oso ondo idazten dute, eta kanpotik goazenak aste pare baterako baino ez gara joaten bisitan.

Esku zabalik hartu zaituztela esan duzu.

Oso garbi daukat horrelako herri batera joaten naizenean ezjakin hutsa naizela. Saiatzen naiz dokumentatzen, kontaktuak topatzen, elkarrizketak antolatzen... baina batez ere gaiaz asko dakitenekin biltzen saiatzen naiz. Orokorrean oso jende eskuzabala izaten da. Kolonbiako erreportajeen kasuan, bertako kazetariek bideratu gintuzten ni eta Pablo Tosco argazkilaria. Tosco argentinarra da, Oxfamekin egiten du lan eta elkarrekin joan ginen istorio horren bila.

Hildako gerrillariak fabrikatzearen negozioaren atzetik zenbiltzaten zehatz?

Bitxia izan zen, berez helburu nagusia biolentzia sexuala gerra estrategia bezala nola erabiltzen den kontatzea zelako. GAUR8n argitaratuko genuen horri buruzkoa. Arreta eman zidan datu ikaragarri batek: ia 500.000 biktima zenbatuta zeuden biolentzia sexuala gerra estrategia bezala sufritu zutenak eta apenas zegoen salaketarik, epaiketarik eta zigorrik. Eta Kolonbiako gure asmo nagusia hori izan zen. Beste erreportaje hau, hildako gerrillariak fabrikatzearen negozioarena, bidean topatutako beste hari bat izan zen. Eta hari horri tira egin genion.

Pertsonen istorioak izaten dira zure erreportajeen ardatza, emozioak esnatzen dituztenak.

Bai, pertsonenak bai, baina emozioekin eta sentimenduekin kontu handiz ibiltzea gustatzen zait eta saiatzen naiz gauza melodramatikoak ez egiten, arriskua baitago biktimekiko begirada errukizko bat izatekoa. Nik uste dut batez ere beraien borroka eta adorea direla nabarmendu beharrekoak.

Egia da istorio pertsonalak eta zehatzak bilatzen genituela, horietan islatzen delako politika abstraktu bat; Uriberen garaian terrorismoaren kontrako lelopean giza eskubideen kontrako eraso latzak egin ziren, milaka biktima egon ziren eta horien istorioak kontatu behar dira. Gu zoritxarreko protagonista horien bila joan ginen.

Biktima horien duintasunaz ari zara.

Bai, gainera ez da beharrezkoa dramatizatzea edo testuei emozio kargarik jartzea. Istorioak berez dira oso gogorrak eta ni saiatzen naiz ahalik eta modu zuhurrenean kontatzen, emozioak kargatu gabe. Exajerazioak kalte egingo lioke errealitate horri, berez dauka drama, eta ez dago nabarmentzeko inolako beharrik. Gauzak diren bezala kontatuta nahiko gogorra da.

Saritutako erreportajeko protagonistei emango diezu sariaren berri, ezta?

Bai, nik jakinaraziko diet. Kolonbiak badauzkat beraiekin harreman estua duten kontaktuak eta helaraziko diet. Lehenago ere erreportajea gazteleraz, zuekin euskaraz eta, ondoren, italieraz argitaratu denean horren berri eman diet. Soachako ama horietako batek, Luz Marina Bernalek, bere etxean gordetzen ditu mundu osoko albisteak eta erakutsi zizkigun. Badakit eskertzen dutela beren istorioaren berri ematea, oso eskuzabalak izan ziren beren etxeko ateak erabat zabalduz eta ni saiatzen naiz ordainetan albiste hauen berri ematen.

Munduan barna istorio bila dabilen kazetariarentzat zein lantresna da garrantzitsua?

Niretzat jakin-mina, bokazioa, jakiteko gogoa dira tresnarik garrantzitsuenak. Hortik aurrera teknikak ez dauka misterio handirik. Gaur egun informazioa topatzea eta jendearekin harremanetan jartzea inoiz baino errazagoa da... Baina nik garbi daukat gai batera hurbiltzen naizenean garrantzitsuena nire ezjakintasuna onartzea eta gaiaz dakitenen eskutik joatea dela. Eta saiatzen naiz emandako laguntza eskertzen. ‘Besteen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke’ esaldi hori ez da formalismo hutsa, erabat literala da.

Kazetaria, bidaiaria, idazlea. Juxtu Kopenhagera joan aurretik «Beruna patrikan» zure liburuaren euskarazko bertsioa aurkezten ari zinen. Mila aurpegi dituen kazetaria zara.

Finean niri idaztea gustatzen zait, eta istorio erakargarriak topatzea. Ez naiz gehiegi espezializatu, interesatzen zaizkidan istorioak idazten ditut. Txirrindularitza nire pasioa da, iruditzen zait idazteko lehengai ona dela eta Tourrak joko handia ematen duela. Bestelako gai serioagoak ere interesatzen zaizkit... tonu oso desberdinetan aritzen naiz idazten.

Ez dakit, ez dut asko pentsatu horretaz, baina agian tonu aldaketa horrek laguntzen dit burua freskoago mantentzen. Baina, auskalo, momentuan bidean agertzen denari eusten diot eta kito.

Nola aukeratzen dituzu istorioak eta zure hurrengo bidaiaren helmuga?

Aspaldi autonomoa naiz –horrek desabantaila argiak eduki ditzakeen arren–. Nik nire borondatez erabaki dut nire kasara lan egitea eta horretarako arrazoi nagusia da askatasunez, kapritxoz eta interes hutsez aukeratzen ditudala istorioak. Batzuetan han edo hemen irakurri dudalako, beste batzuetan proposatu didatelako, baina normalean nik erabaki ahal izaten dut zein gai hautatu eta zenbat denbora eskaini, niretzat oso gauza garrantzitsua dena. Normalean ez dut nagusirik izaten noiz bueltatuko naizen edo lan bat noiz bukatuko dudan galdetuz. Niretzat pribilegio bat da gaiak aukeratu ahal izatea nire interesen, gustuen edota intuizioen arabera. Hori niretzat askatasun handia da eta hori da kazetari autonomo izateko nire arrazoi nagusia.

Baina gero erreportaje horiek saldu egin behar dira argia ikus dezaten.

Horrek energia asko eskatzen du eta batzuetan nekatuta sentitzen naiz lan horretan. Diru aldetik ere askotan ez duzu kobratzen hegazkina ordaintzeko ere. Baina, tira, bokazio handia daukat eta alde ekonomikoa edo profesionala bestela moldatzen dut. Nik argi daukat bestelako lanak egin behar ditudala, bestelako enkarguak, bizirauteko; gida turistiko bat idatzi, geologo baten lana editatu... horrelakoak egiten ditut. Ez dira kazetaritza lanak, baina gustura egiten ditut. Argi daukat hanka bat kazetaritzatik kanpo eduki behar dudala, lan horiek ematen didatelako dirua gero gustuko ditudan kazetaritza proiektuetan gastatzeko. Eta tarteka horrelako sari bat etortzen bada (10.000 euroko saria da), bada, moldatzen naiz. Finean sariak niretzako finantzaketa bide bat dira, hurrengo proiekturako finantzaketa. Sariketa askora aurkezten naiz horregatik, eta batzuk lortu ditut. Oraingo honetan ere bi lan aurkeztu ditut, bata Txernobyli buruzkoa eta, bestea, Kolonbiakoa.

Saria hurrengo proiekturako, bidaiarako izango da?

Batez ere sari horrekin denbora pixka bat erosi nahi nuke. Hilabete batzuetan lasai egon nahiko nuke, konpromisorik eta enkargurik hartu gabe, zintzilik ditudan gauza asko idazteko.

Bizimodu berezia da zurea. Bidaian hara eta hona, gustatzen zaizuna egiten... idealizatua al dago?

Nik gustatzen zaidalako egiten dut, baina badago idealizazio bat. Jendeak bidaia plazerarekin lotzen du. Niretzat bidaia plazera ere bada, baina batez ere lana da, eta lan gogorra, askotan etxean egiten dudana baina exijenteagoa. Egia da aukera dudanean turistarena ere egiten dudala, niri ere gustatzen zaidalako hori. Baina, tira, gustuko nekeak direnez, pozik nago.

Hala ere, normalean ez zara istiluak puri-purian dauden tokietara joaten, ezta?

Ez, istilu gordinetan ez naiz inoiz ibili, ez dut izan bokaziorik edo adorerik horietara joateko. Gainera, niri istorio mantsoagoak gustatzen zaizkit, ez eguneroko albisteak. Beste kazetaritza mota bat dela esango nuke, gauzak gertatu eta handik denbora batera ematen dena. Txernobylgoa, adibidez, niretzako oso lan polita izan zen; pentsa, duela 30 urte gertatutako gertaera baten harira jendea nola bizi den ikustea. Horrek ez dauka egun batetik besterako presarik, baina istorio horiek ere hor daude. Eta ni erosoago sentitzen naiz istorio horietan.

Internetek eta sare sozialek ematen dituzten aukerak baliatzea gustatzen zaizu. Zure istorio patxadatsuek ba al dute tarterik sare sozial bizi horietan?

Sare sozialak istorio luzeak zabaltzeko oso tresna baliagarriak dira. Batzuetan esaten da; ‘140 karakteretan zer kontatu daiteke?’. Tira, 140 karakteretan hamar orrialdeko erreportaje baterako lotura jarri daiteke. Ez du gehiengoak irakurriko, baina batzuek bai, eta hori beti izan da horrela. Esperientzia pertsonaletik badakit komunikabide digitaletan erreportaje luzeak argitaratzen ditudanean badela jendea irakurri, komentatu eta partekatzen dituena. Nik uste dut ez dela bateraezina eta tresna horiek ondo erabiltzen jakin behar dela. Tontakerietarako ere balio dute, baina lanak zabaltzeko eta ezagutzera emateko oso tresna baliagarriak iruditzen zaizkit.

Irakurketa sakona eta patxadatsua aldarrikatu beharra dago.

Horren aldekoa naiz ni. Baina ez naiz batere ezkorra zentzu horretan, badira ekimen berriak irakurketa eta kazetaritza mota hori sustatzen dutenak. Esaterako, nik harreman estua daukat ‘Libros del K.O.’ argitaletxearekin (www.librosdelko.com), hor argitaratzen ditut nik liburuak, eta kazetaritzako liburuak dira. Kazetaritza lan bat argitaratu dezakezu 200 orrialdeko liburu batean, eta interesgarria da. Ni baikorra naiz, norberaren eskuetan dago aukeraketa eta sare sozialak tresna eraginkorrak dira. Tresna horiek nola erabiltzen diren da gakoa. Baina gure buruari ezin diogu tranpa egin eta esan ‘ez, gaur egun ez da irakurtzen Twitterren erruz’.