Iker Barandiaran

Gipuzkoarren kritikotasuna

Gaur egun bestelako lanak egiten baditut ere, neure burua kazetaritzat daukat, eta ez zait lanbide hutsala iruditzen, kontrakoa. Baina gizartean aspaldian lanbide hau gutxietsita dago, eta askok ihes egiten diote beraien lanbidea hala definitzeari. Sare sozialen erabilera masiboak ere eragin du horretan; eta zer esanik ez, jakina, hedabide askok –interes jakinengatik edo kosta ahala kosta gehiago saltzearren– jokatzen duten paper zikinak ere. Horiei gehitu behar zaie, sare sozialetan aritzen diren batzuen itxurakeria eta tontakeria. Ez da modernoa eta ezta enrollatua kazetaria zarela esatea. Puf! «Hori edozeinek egiten du», esaten dute. Bai, hala da, funtsean informazioa jaso, interpretatu eta idatziz edo beste euskarri batean ulergarri eta argigarri helaraztean datza. Baina teknologia ondo menderatu arren, egin daiteke ongi edo gaizki. Teknologiak lagundu dezake gehiago zabaltzen edo eragiten, baina muina ez da –hala sinetsarazi diguten eta batzuk erabat sinetsita dauden arren– hedadura eta zabalkundea, edukia baizik. Eta hori ez badago, modernitate horrek ez du askorik aportatuko. Lainoan galduko da.

Negargarria da askotan fede txar zein onez kazetariok egiten dugun mina. Eta txanponaren beste aldean ikaragarria da egin dezakegun mesedea; uste baino eragin handiagoa daukagu, ahaztu ezin duguna. Horren haritik, inguru hurbilera erreparatuta, Gipuzkoan esaera unibertsal bat benetakoa dela egiaztatu ahal izan dut behin eta berriro: zuri buruzko konturen bat fede txarrez aldrebestu duelako hedabide horrekin haserre bazaude ere, “Diario Vasco” erosten jarraituko duzu. Egunkari honen eta bere jabe den Vocento enpresaren amarillismoaren estilo puruenean gertuan aspaldi bizi izan nuen adibide bat ekarriko dut hona: pertsona anonimo bat istripuan hil zen eta haren bikotekideak biak bizitako herrian lurperatu nahi zuen; gurasoek, aldiz, gorpua jaioterrira eraman nahi zuten. Bada, oihartzun publikorik gabeko familia baten kontu pertsonala zena egunkariko orrialde osoko erreportaje bihurtu zuten, «El muerto se queda aquí» izenburupean. Hori da Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariaren lerro editoriala.

Eta zoritxarrez, egunkari horren salmenta emaitzak ikusita, joera horiek kutsatu egiten dira, ezbehar pertsonalei buruz ahalik eta detaile gehien ematearena, alajaina. Baita ere, albisteak, iturri eta kontrasteei bizkarra emanda, bai ala bai argitaratzen lehena izatearren, oinarrizko zentzua eta kazetaritzaren kode deontologikoa –lotuta joan ohi dira– albo batera jaurtitzeko ohitura. Albistea edo dena delakoa argitaratzen lehena izate horrek ere nahikoa gogaitzen nau; eta lasterketa horretan gero eta hedabide gehiagok hartzen dute parte, batzuetan iparra ere galduta. Adibide sinpatiko bi ekarri ditut hona: «Aurten ere Olentzero xxxx izango da»; eta «Aurtengo Maritxu Kajoiko miraria honako hau izango da…». Hauek ez dira urrundik ere “Diario Vasco”-n irakurritakoa bezain ofentsiboak, intimitatearen kontrakoak, ezta gustu txarrekoak ere, ez dezala inork hori pentsa, baina erakusten dute ez dela derrigorrez jakin izanagatik guztia argitaratu behar; eta are gehiago, primizia hori ematearren mirari, sorpresa edo dena delakoa prestatzearen lana bertan behera botatzen dutela.

Gipuzkoako hedabideen dekanoa denak, Francoren aurretiko eta aldekoak, garaietara egokituta mozorrotu badu ere, ez du inoiz lerro editoriala aldatu. Eta argi du noren alde, edo hobeto esanda, noren kontra egin nahi duen; hala jarduten du. Baina hori horrela izanda ere, berorren erosleetako asko sinetsita daude berau irakurri eta erostea ekintza erabat apolitikoa –apartidista ere gehituko nuke nik– dela. Eta, aldiz, “Deia” –ba ote dago inor hor?– edo “Gara” erosteak erakusten duela jarrera aktibo partidista bat. Donostiako kazetari handi bati behin entzun nion esaten Vocentokoa zela «El periódico que cuenta que aquí no pasa nada» eta erabat asmatu zuela uste dut. Horregatik, beste egunkari batzuk erostearen hautua egiten dugunoi jarrera kritikoa izatea leporatu dakigukeela uste dut. Kritikotasuna, kazetaritzak, bai eta pertsonok ere izan beharko genukeen dohain garrantzitsuenetako bat. •