Ramon Sola

Nafarroa eta Gipuzkoa, atzoko eta biharko lehia

Badatoz, bai, euskal kazetarioi buruhauste gehien ematen dizkiguten hauteskundeak. Lau herrialde, lau hiriburu eta beste 500 udalerritik gora jokoan, bakoitza bere berezitasunekin; ezin esan bere txikitasunean Hego Euskal Herriak konplexutasunik ez duenik. Hauteskunde mapa osoa egoki enfokatzea ariketa zaila da, are gehiago sigla berriak agertu eta ezagutzen genuen guztiaren azpitik nolabaiteko lur mugimendu nahasia antzematen den honetan. Biziki interesgarriak dira, duda barik, azken urteotan Araban sumatzen diren haize berriak, boto-emaile berrien eskutik heldutako bultzadak. Gure metropoli bakarra izateagatik, Bilbo beraren bilakaerak ere arreta merezi du. Baina horiek gutxietsi gabe, bi bataila nagusiak Nafarroan eta Gipuzkoan jokatuko direla antzeman daiteke. Bi lehia ezberdin, egun berean erabakiagatik politikoki une historiko ezberdinetakoak diruditenak.

Maiatzaren 24ko gaueko lehendabiziko begirada Nafarroako emaitzen gainean pausatu beharko dela dirudi. Pentsaezina zena gertatu baita bertan, lau urte eskasetan. Gogora dezagun 2011ko maiatzean NaBai eta Bilduren artean legebiltzarkideen %30 eskuratu izana urrats historikotzat jo zela, eta izan bazen. Baina oroi dezagun ere UPNk eta PSNk erosotasun osoz osatu zutela koalizio gobernua, eta bazirudien horrekin erregimenaren zutabeak ia beste belaunaldi baterako tinko berrezarrita gelditzen zirela.

Uste ustela, zorionez. Gertuago zegoen ia mende oso batez esperotako irauliaren aukera. Hortxe bertan da orain, eskura, inoiz baino egingarriago, bost asteren bueltan. Eta nolabaiteko deja vu sentsazioa aitortzen dute duela 35 urteko aukera hura bizi (eta galdu) zutenek. Bukle moduko bidea egin du UPNk: sortu, hazi, goia jo, ahuldu, eta, hondoratze bidean akaso? Beste hitz batzuekin, agian, baina orduko erronka guztiak (erabakitzeko esparrua, Euskal Herriaren gainerako lurraldeekiko harremana, euskara, ikurrak, eskubide zibilak, aberastasuna versus pobrezia...) mahai gainean dira berriz. Nafarroa demokratizatzeko aukera, ez besterik: frankismoa behingoz atzera utzi, elite aberats atzerakoiei boterea kendu, nafar guztien arteko berdintasuna bermatu, benetako historia agerrarazi... Gauza zinez sinpleak baina oraindik lortu gabeak. Hortaz, XX. mendeko usaina du bataila honek, hamarkada luzez atzeratu ostean bueltan datorrena, oraingoan, bai, irabazteko esperantzarekin. UPNren hizkerak berak islatzen du hori; beste garai batekoak diren arerioen kontrako irainekin eta boto-emaileei txertatu nahi dizkien izuekin egiten ari da kanpaina.

Gipuzkoakoa, aldiz, XXI. mendeko norgehiagoka da, 2011ko urriaz geroztiko denbora berriarena, politikagintza «modernoa» oinarri duena... Horregatik da etorkizunari begirako laborategi aparta. Hauteskundeok ez dira jokatzen Nafarroako zelai berean, ez eta tresna berdinekin ere. Hutsuneak hutsune, demokraziak oinarri sendoagoak ditu Gipuzkoan, bizikidetzan aurrerago egin dela dirudi, alderdien arteko eztabaidetan iraganak baino etorkizunak hartu du pisua, ezker-eskuin dikotomia nabariagoa da... Gutxiengo eskubideak ditugu hizpide oraindik Nafarroan; herritarren ongizateaz hasi gara hizketan behingoz Gipuzkoan. Eta esparru horretan, asko dira hautestontziek argituko dituzten zalantzak: ondasuna nola banatu nahi den, diru publikoa nola erabili behar den, ustelkeria zantzuen aurrean gipuzkoarren tolerantzia maila zenbatekoa den, Gipuzkoa Garaile bezalako lobby-ek eta ‘‘El Diario Vasco’’&flexSpace;gisako botere faktikoek norainoko eragina duten, benetako eraldaketak lortzeko EH Bilduk nondik eta nola bultzatu behar duen...

Kinka honetatik Nafarroa Garaian gehiengo politiko berri bat sortzen bada, behingoz iraganeko orria pasa ahal izango da, etorkizunari bide emanez, segur aski atzeraezin bilakatu den prozesu batean. Hortik aurrera ezer ez da berdina izango. Baina biharko Euskal Herri hori nolakoa izango den aurreikusteko, hobe M24an ipar-mendebaldera begiratzea, Gipuzkoa aldera. •