Mikel IBARGOIEN
infraganti

RAKEL MATEO

2001. urtean lanean ari zela 100 kiloko karga erorita ezker hanka ezgaitua geratu zitzaion Rakel Mateori. Halere, 2010ean bizikleta batera igotzea erabaki zuen, nahiz eta ordura arte kirolarekin apenas izan loturarik. Eskuin hankarekin lehen pedalkada haiek eman zituenetik hesiak eraitsiz joan da apurka-apurka, eta, orain, paratriathloian goi-mailan diharduela, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoak ditu begiz jota.

Bizitzak etengabe jarri du ataka zailen aurrean Rakel Mateo (Mungia, 1975), baina adore, kemen eta esfortzu handiarekin ataka horiek guztiak gainditzea lortu du. 12 urterekin anorexia diagnostikatu zioten eta 10 urte luzez pairatu behar izan zuen gaixotasun hori. Etapa hartan oso momentu gogor eta zailak bizitu zituen: «Hasieran ez zara jabetzen gertatzen zaizunaz eta asko kostatzen da egoera onartzea. Dena dela, pauso hori ematea ezinbestekoa da gaitzari konponbidea jartzeko. Behin hori eginda, nire kasuan behintzat, okerrena familia eta nire inguruko jendea sufritzen ikustea izan zen». Zorionez, familiaren babesarekin, medikuen laguntzarekin eta lan handiarekin gaixotasuna gainditzea lortu zuen, eta bizimodu berri bati ekiteko aukera izan zuen. Haatik, zoria ez zuen lagun izan eta bere bizitzan lehen eguzki printzak agertu orduko, ekaitza gailendu zen ostera. Izan ere, 2001ean zorigaiztoko istripu batek ezker hanka ezgaitu zion Mateori. Lanean ari zela 100 kiloko karga erori zitzaion gainera eta hasieran hankaren mugikortasuna berreskuratzeko esperantza bazuen arren, hara eta hona mediku batetik bestera ibili ostean, aurreikuspenik ezkorrenak baieztatu ziren azkenean. «Bizitza erabat aldatu zitzaidan. Ni oso neska mugitua nintzen eta bat-batean erabat mugatuta geratu nintzen. Buruari buelta asko eman nizkion eta behin eta berriro galdetzen nuen ea zergatik tokatu zitzaidan niri halakorik» kontatu du.

Pixkanaka baina errealitatea onartu eta aurrera egitea lortu zuen. Horretarako, kirolean topatu zuen ihesbide nagusia. Izan ere, istripua izan zuenetik gertuko lekuetara oinez mantso-mantso joateko gai zen arren, urrunago zeuden lekuetara joateko kotxean eraman behar izaten zuten ezinbestean. Gauzak horrela, egoera horrekin apurtzeko helburuz, bizikleta gainera igotzea erabaki zuen. Hala, bere anaiaren bizikleta zaharra denda batera eraman eta ezker hankeko pedala kentzeko eta bere hanka ezinduarentzat euskarri bat jartzeko eskatu zuen. Halere, lehen pedalkada haiek ez ziren oso gozoak izan: «Hasieran dena puskatzen nuen eta nire gorputzeko giharrek asko sufritzen zuten». Pixkanaka, ordea, bizikletari egokitzapenak eginda gero eta erosoago sentizen hasi zen bi gurpilen gainean. «Gogoan dut bizikletarekin herritik haratago joan nintzen lehenengo eguna. Tontakeria bat dirudi baina bizikletan ibiltzen nindoan bitartean txoriak kantari entzutea ikaragarria izan zen niretzat. Kotxez eramaten nindutenean ezin nituen gauza horiek sentitu eta txikikeria hark sorturiko ilusioak aurrera jarraitzeko indarra eman zidan», azaldu du.

Ezustean lehiara

Bizikletaren gainera igotzea erabaki zuenean, uneoro besteen mende egon gabe bere kabuz moldatzen hastea besterik ez zuen buruan. Halaber, pauso hori emanda sortu zitzaion bestelako kezkarik. Izan ere, eskuin hankarekin soilik ibiltzen zenez, ez zen erabat seguru sentitzen, eta arduratu egiten zuen bere erruz istripuren bat sortzeak, eta, badaezpada, bizikletan ibiltzeko lizentzien eta seguruen gaineko informazioa eskuratzeko erabakia hartu zuen. Galdezka hasita, konturatu zen Bizkaian kirol egokitua praktikatzen zutenentzat laguntzak zeudela eta Saiatuz fundazioarekin harremanetan jarri zen. Fundazioko kideek ikusi zuten bizikletan hanka barrarekin ibiliagatik oso ondo moldatzen zela, eta lehiaketa batean parte hartzeko proposamena luzatu zioten: «Hiru etapako proba bat zen eta ezinezkoa ikusten nuen hura amaitzea. Halere, erronkazalea naizenez baiezkoa eman nuen eta nire ezustekorako dena egiteko kapaz izan nintzen». Egun hartan erakutsitako gaitasuna mugarri izan zen eta ordudanik aurrerapausoak emanez eta gero eta erronka zailagoak gaindituz joan da Mateo. Txirrindularitzan ez ezik, duathloian eta triathloian ere badihardu egun, eta goi-mailan gainera. Horren adierazle da bere garaipen zerrenda luzea: 2014an, duathloiko eta triathloiko Espainiako Txapelketak, eta Madrilen jokaturiko Serie Mundialetan urrezko domina eskuratu zituen triatloian, besteak beste. Munduko rankingeko 6. postuan amaitu zuen urtea.

Aurtengo denboraldia ere gorputzaldi ezin hobearekin hasi du. Martxoaren 1ean urrezko domina eskuratu zuen Hegoafrikan jokaturiko triathloian eta 12 egun beranduago 2. geratu zen, Australian jokaturiko lasterketan: «Nahiz eta garaipena lortu ez, Australiakoa da momentuz korritu dudan lasterketarik bereziena. Munduko rankingeko lehen sailkatu Hailey Danisewicz baino ez zen izan ni baino gehiago. Gainera 3 minutu besterik ez zidan atera eta horrek erakusten dit onenekin lehian aritzeko kapaz naizela». Azken bi emaitza horiekin, halaber, koxka bat gora egin du Mateok eta munduko bosgarrena da orain.

Suitzan eta Chicagon, hurrenez hurren, jokatuko diren Europako eta Munduko Txapelketak ditu helburu denboraldi honetarako, baina etorkizunari begira, 2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpikoekin egiten du amets. Horretarako, munduko rankingeko lehen hamarretan egotea derrigorrezko baldintza da eta momentuz behintzat gauzak primeran doazkio, nahiz eta oraindik asko geratu, eta, ondorioz, lanean jarraitu behar duen.

Bere garaipenak, denen garaipenak

Goi mailan ibili nahi duen kirolari ororen moduan, gogor entrenatu behar izaten du Rakel Mateok. Duela urtebetera arte, lan hori guztia bere kabuz egiten zuen baina, orain, prestaketa lanetan laguntzen dion jende mordoa du inguruan. Joseba Cercas da igeriketan gidatzen duena eta lasterkako eta bizikletako alorrak berriz, Milos Maillolekin lantzen ditu. Bizikletan sentitzen da erosoen eta bertan lortzen ditu denborarik onenak. Igeriketan ere garapen ikaragarria izan du, nahiz eta hastapenean zailtasun handiak izan zituen: «Neoprenoarekin igeri egiten dudadenan hanka txarrak flotatu egiten du, baina neoprenorik gabe zertxobait hondoratu egiten da, eta bero handia egiten duenean desabantaila handia da neoprenoa eramatea. Beraz, postura berezi batzuk landu behar izan ditut neoprenorik gabe hanka bere lekuan mantentzen ikasteko». Zailtasun handienak, ordea, lasterka egiterakoan ditu. Izan ere, muletak erabili behar izaten ditu eta «hankekin baino eskuekin egiten dut lasterka» kontatu du barrez. Bera da modu horretan lehiatzen den partaide bakarra. Gainontzekoek hanka kendua dutenez, protesia dute eta, hortaz, bi hankak baliatzen dituzte.

Rakelen ezaugarriak bereziak direnez, lehian erabiltzen duen bizikletak bere ezaugarrietara egokituta egon behar du, eta horretaz arduratzen da Tomas Perezagua kataluniarra. Tomasek Rakelen istoriaren berri izan zuen eta laguntzea erabaki zuen trukean ezer eskatu gabe: «Niretzat zerutik agertu den aingeru baten modukoa da. Ez dugu elkar ezagutzen, telefonoz bakarrik hitz egin dugu gure artean eta beti dago laguntzeko prest. Gaur egun entzuten diren gauzekin gezurra badirudi ere, jende on asko dago munduan. Ez dakit nola eskertuko diodan nigatik egiten duen guztia». Elkar ez ezagutzea zailtasun gehigarri bat da lan egiteko orduan. Izan ere, Tomasek argazkien eta Rakelek ematen dizkion datuen arabera egiten ditu egokitzapenak, eta, argi dago, lana ez dela batere samurra. Dena den, «artista bat da eta beti asmatzen du». Muletak berriz, normalak dira. Heldulekuetan zinta batzuk jarrita ditu eskuak ez zartatzeko baina horretaz aparte ez dute bestelako berezitasunik.

Halaber, Saiatu fundazioak, Mungiako udaletxeak, Abendaño & Bilbao Abogados, Osatu fisoterapiak, David Herrerok eta Lantegi Batuak-ek ere egiten dute haien ekarpena. Lantegi Batuak da, hain zuzen, Mateoren lantokia eta eskuzabaltasun handiz jokatzen ari da. Otsailera arte goizeko 4:30etan jaiki eta 6:00etatik 14:00etara 8 orduko lanaldia burutzen zuen egunero. Lasterketetara joateko berriz, bere jai egunak baliatu behar izaten zituen. Orain, aldiz, kirol arloan lorturiko emaitzak ikusita, eta Joko Olinpikoak bistan izanda, enpresak Rakel babestea erabaki du eta, bere lehiaketen arabera malgutasunez molda daitekeen egutegi bat ahalbidetzeaz gain, eguneroko lanaldia 5 ordura murriztu dio, hobeto entrenatu dezan eta atsedenerako tarte handiagoa izan dezan.

Gauza horiek guztiak aintzat hartuta, Mateoren esanetan, bere garaipenak ez dira bereak soilik, bere inguruan dauden eta laguntzen duten pertsona guztienak baizik: «Egia da lasterketak nik egin eta irabazten ditudala, baina Cercosen eta Millolen entrenamendurik gabe, ez nukeen eman dudan aurrerapausoa emango; Tomasen egokitzapenik gabe bizikletan ezingo nuke behar bezala lehiatu; ematen dizkidaten masajeak ere ezinbestekoak dira ondo errekuperatzeko, eta zer esanik ez diru laguntzez eta lantokian ematen dizkidaten erraztasunez. Beraz, horregatik diot nire garaipenak nire ondoan dagoen talde osoarenak direla. Haiek gabe ez nukeelako ezer lortuko».

Mateok jasotzen dituen laguntza gehienak bolondreski laguntzen duten pertsona anonimo eta babesle pribatuenak dira. Espainiako Triathloi Federaziotik jasotzen duen babesa, aldiz, oso bestelakoa da. Munduko edo Europako txapelketako bidaiak soilik ordaintzen dizkiote eta gainerako txapelketa guztiak bere poltsikotik ordaindu behar izaten ditu. Eta kontu jakina da, Munduko edo Europako Txapelketarako txartela lortzeko ezinbesteko baldintza dela gainerako lehiaketetan emaitza onak lortzea eta beharrezko puntuak batzea. Alegia, ezinezkoa da bi txapelketa nagusietan izatea aurretik lan on bat egin gabe, eta horretarako egin behar diren bidaietarako dirua behar da. «Estatu Batuetako eta Japoniako triathletek bidaia guztiak ordainduta dituzte eta laguntzaileekin joaten dira, eta lehiatzeaz baino ez dira aduratzen. Nik berriz, dena nire kabuz egin behar izaten dut».

Beharrezko laguntza ekonomikoa lortzea da orain Mateoren buruhauste nagusia. Izan ere, kirol arloan gauzak primeran joanagatik, bidaiak ordaintzeko bekarik edo babeslerik topatu ezean, ezinezkoa izango du nazioarte mailako txapelketetan lehiatzea, eta, ondorioz, ezingo du Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako txartela lortu. Zentzu horretan Bat, Basque Teameko bekaren esperoan dago. Eskaria egina du eta erantzunaren zain dago. Lortuz gero, bidaiak ordaintzeko gastuen arazoa erabat konponduko ez litzatekeen arren, kirolean burubelarri jarduteko aukera izango luke ziurrenik.

Momentu honetan bere kirol garapena bere esku ez dauden baldintzen menpe egonagatik, baikor da Mateo eta esperantzaz begiratzen dio etorkizunari. Izan ere, une malkartsuak atzean utzita orain ari da benetan bizitzaz gozatzen kirolari esker, eta bere hitzei ilusioa darie: «Istripua izan aurretik nire bizitza ez zen normala. Betidanik izan ditut arazo pila bat eta kirolari esker bizitzak beste aukera bat eman dit. Orain zoriontsua naiz eta egungo bizimodua ez nuke ezerengatik aldatuko. Ea denak bere bidetik jarraitzen duen eta Joko Olinpikoetan izateko aukera dudan. Ikaragarria litzateke niretzat, hori dut amets». •