Iñaki Soto

Sinpletasuna, Clarice, ez errazkeria, arren

Mundua zoroa da. Betidanik geopolitikan interesa izan arren, azkenaldian, hainbat gertaerek zeharo harritu naute, ez soilik espero ez nituelako, baizik eta espero zitekeen ondoriorik ez dutelako eragin. Mundua konplexua ere bada, baina pixka bat ulertzeko asmoz, gertaera horien ausazko zerrenda soila egin dut, balorazio handitan sartu gabe. Zerrenda buruz egin dut eta ez da, inondik inora, behin betikoa.

Duela bost urte inork, Europaren erdian, hein batean AEBen eta Errusiaren, alegia, munduko indarren arteko gerra tradizionalaren erreprodukzio posmodernoan, lurretik jaurtitako misil batek 298 bidaiari zibil zihoazen hegazkin komertzial bat botako zuela esan izan baligu, III. Mundu Gerra orduantxe hasiko zela esango genuke, zalantzarik gabe. Ez da honelako ezer geratu, ordea. Areago, informazioaren aroan, ia urtebete geroago ez dakigu Ukrainian gertatu zenaz izpirik. Ez dut han gertatutakoaz espekulatu nahi, daturik ez dudalako. Baina egia dakitenen erreakzioa, alde batekoena zein bestekoena, harrigarria iruditzen zait. Zer esanik ez biktima gehien izan zituen Holandaren erreakzio eza.

Guda testuingurutik aparte, baina hein batean bere ondorioz, Andreas Lubitzek bidaiari guztiekin lurrera bota zuen hegazkinaren kasua ere aipagarria da. «Terrorismoaren aurkako gudan» hartu ziren neurriek atentaturik saihestu duten zalantzagarria da, baina horien ondorioz 150 pertsona hil ziren Alpeetan orain gutxi. Zoroa Lubitz edo zoroa mundua?

«Random» erako heriotza tragiko horiez gain, azkenaldian geoestrategiarekin zerikusia duten exekuzioak eta heriotza bitxiak jazo dira. Boris Nemtsov politikari errusiarraren kasua edo Alberto Nisman fiskal argentinarraren heriotza arduragarria aipa daitezke hemen. Baita, beste maila batean bada ere, ISISek publiko egin dituen exekuzioak ere, nagusiki Muaz Kasasbeh pilotu jordaniarraren erreketa krudela, eta “Charlie Hebdo”-ko erredakzioko kideen tiroketa eta atentatugileen heriotza. Atzerago joanda, Bin Ladenen ehizaldia edo Parisen exekutatutako Sakine Cansiz, Fidan Rojbin Dogan eta Leyla Saylemez kurduak daude. Heriotza horien artean ez dago inolako lotura zuzenik. Batzuek gerra hotzaren oroipenak dirudite eta gainerakoek bake beroaren edo guda posmodernoen formula berriak izan daitezke.

Alor horretan, hilketa selektiboen antza izan nahi duten baina zitalki kontingenteak diren dronak aipatu behar ditugu. Ziur asko, AEBetan Obama aipatutako Bin Laden akabatzeagatik gogoratuko dute, baita azkenaldian atzerrian estatubatuar soldadu gutxien galdu dituen Administrazioa gidatzeagatik ere. Baina gerran dronen erabilera hedatu zuen presidentea ere bada. Honezkero horien ondorioz zenbat zibil hil diren esatea zaila da, baina www.livingunderdrones.org taldearen ikerketek milaka direla baieztatzen dute.

Aldi berean, Obamak AEBen eta Kubaren arteko harremanak «normalizatu» eta Iranekin energia nuklearrari buruzko akordioak ere egin ditu. Sirian, hein batean AEBek bultzatu zuten ISISen aurka, Al Assadekin akordiorik erdietsiko ote duen ikusteko dago. Oraingoz, Mendebaldeak han kurduekin egin dituen aliantza puntualak ezohiko gertaera gisa ulertu behar dira.

Hori guztia, munduak II. Mundu Gerratik jasan duen krisi humanitariorik larriena bizi duenean. Aita Santuek ere dimititu dezaketen mundu xelebrean bizi gara.

Hannibal Lecterrek zoro baten jokabidea ulertzeko sinpletasuna eskatzen zion Clariceri, gertaeren soiltasunari eta giza izaeraren konplexutasunari erreparatzeko. Zenbaitetan mundu zoro hau ulertzen saiatzeko sinpletasuna lagungarria da, baina askok horren ordez errazkeria darabilte. Konspirazioek, beren barrokismoan, errazkeria bilatzen dute, fenomeno konplexuen azalpen soila. Zerrenda hau ikusita mundua ulertzea erraza dela dioenaz ez naiz fido. Geopolitikan, hobe da mundua zoroa dela onartzea, alternatiba zoroen munduan bizitzea baita. •