ENEEK

Udaberriko lanak ortu ekologikoan

Udaberria metamorfosi erraldoi bat da, oso denbora tarte laburrean gertatzen dena: landare-erreinuak eraberritze-prozesu osoa egiten du, ugaltze-aparatua prestatuz; animalia-erreinua, aldiz, zoramen hutsa da. Zurrunbilo horretan murgilduta, baratzezain aztoratuak ere lurrari eta zeruari begiratzen die, zalantzati, dagoeneko kalabazak landatzeko garaia den ala ez erabaki ezinda.

Ez genuke presarik izan beharko udarako landaketak egiteko orduan; hobe da pixka bat itxarotea, baldintzak egokiak izan arte (erraza da esatea, ezta?). Badago, edonola ere, zalantzarik gabe egin beharko dugun lan bat: belarrak kontrolatzea. Belarrek haziak egitea ekiditen badugu, datorren urterako lan asko aurreztuko dugu.

Lurraren aroak baimentzen badu, apiriletik aurrera udarako laboreek hartuko dituzten lursailak prestatzen hasi gaitezke. Egokiena azaleko estalki begetala kentzea litzateke, aitzurrarekin azaleko lana eginez. Hau da eraginkorrena, eta, horregatik ere, lan gehiago egin behar da. Belarra ahalik eta laburren moztea eta berau erretiratzea irtenbide ona izan daiteke, baina gerora belarren kontrolean arreta gehiago jarri beharko dugu. Hurrengo laborea, aukeran, lauhortz edota lorezaintzako pala batekin lurra askatzea izan beharko litzateke. Ondoren, zokor edo mokilak aitzurrarekin edo rotabatorearekin apurtzea letorke. Azkenik, ongarritzea egin beharko litzateke, gutxienez 6 hilabeteko simaur konpostatua erabilita (2-4 kg/m2-ko dosian). Berriz ere rotabatorea arinki pasatu, konposta eta lurra nahasteko, eta lursaila landaketarako prest genuke.

Ortu handia eta makineria eskura daukatenek, kultibadorea pasatzen dute aurrena, lurpea lantzeko makina ondoren, gero konposta zabaltzen dute, kultibadorea berriz ere pasatu, eta prest dute lursaila. Neguan zehar ongarri berdeak erein badira, orain da momentua berauek moztu, lehortzen utzi eta lurrari gehitzeko.

Udaberrian, zalantzarik gabe, bisitari izango ditu bareak. Kontu handia izan behar da molusku hauekin, gau bakarrean landaketa berriak desagerrarazi baititzakete. Horregatik, ezinbestekoa da ortuaren perimetro guztia garbi mantentzea, bareek non gorde izan ez dezaten. Errautsak bareak geldiarazten ditu, baina behin bustiz gero, eraginkortasun guztia galtzen du. Nekazaritza ekologikoaren araudiak moluskuen kontra onartzen duen sustantzia bakarra burdin fosfatoa da.

Eguzkiak jadanik indarra hartu du, onerako eta txarrerako. Lurra berotzen da, eta horrek ahalbidetzen du udarako laboreak behar den bezala garatu ahal izatea, eta fruituak ematea. Bestalde, eguzki indartsu batek lurra asko eta azkar lehortu dezake, landaketa berrien heriotza eraginez, hazitegietan kalte handiak sortuz edota lur gozoa zena harri gogor bihurtuz. Horregatik, landaketa egiterakoan ganoraz ureztatu behar da ortua, landareen inguruan beti hezetasuna egon dadin sustrai berriak garatu artean. Hobe da ugari eta lantzean behin ureztatzea, urri eta sarri baino. Landaretxo batek gehiegi sufritzen badu, bere garapena ez da egokia izango. Landaketa egiterakoan landaretxoei zainak pittin bat moztuz gero, sustrai berrien garapena sustatzen da. Ereintzak egiteko, hobe da goizez jardutea; landaketak egiteko, aldiz, hobea da arratsaldea.

Zalantzarik gabe agertuko den beste ezagun zahar bat zorria da. Zoritxarrez, bere etsai naturalak (mantangorriak, kasu) oraindik erabat esnatu gabe daude. Zorriak gogoko ditu kimu gazteak, zenbat eta nitrogenodunagoak, orduan eta hobe. Horregatik, komeni da simaur freskoaren erabilera ekiditea, honek nitrogeno asko baitauka. Beroa nabarmenago egiten denean, ilarretan zorriak eta gaixotasun kriptogamikoak (oidioa edo zurina, nabarmenki) agertzeko aukerak handitu egiten dira.

Uztari dagokionez, udaberria da, agian, aniztasun txikiena daukan urtaroa: neguko landaketako azken porruak geratu daitezke, baita zerbak, espinakak, azak edota azaloreak ere, baina litekeena da dagoeneko guztiak igota egotea. Orburua eta zainzuria, aldiz, sasoi betean daude udaberrian. Apirila bukaeran-maiatzean, baba beltza eta ilarra ere etorriko dira.

Apirila

Apirilean neguak oraindik ere azkeneko kolpeak eman ditzake. Horrela izanda ere, lurra pixkanaka berotuz doa. Lasai, oraindik denbora soberan dago.

Landaketak: Tipula eta tipulina landatzeko sasoia da. Aire libreko lehenengo letxugak ere landatu daitezke, baita borraja ere. Negutegian tokia izanez gero, tomatea, piperra, alberjinia… landatu daitezke, uztailean fruitua ematen hasiko direnak. Marrubien landaketa-sasoiaren mugan gaude.

Ereintzak: Ilargiaren arabera, kalabaza, kalabazina eta pepinoa erein daitezke babespean. Maiatzean prest egongo dira ortura eramateko. Aire librean zein negutegian, lehenengo lekak, azenarioak, borraja, errukula eta erremolatxak erein daitezke ere. Aldiro-aldiro, letxuga mota ezberdinak eta errefautxoak ereitea komeni da, etengabe hornituta egon gaitezen. Patata ereiteko sasoia da oraindik.

Maiatza

Patata ereiteko garaiz gabiltza. Maiatzaren erditik aurrera, printzipioz, aire libreko landaketa guztiak egiteko moduan gaude, nahiz eta zenbait ortugilek nahiago izan tomatea eta piperra landatzeko apur bat gehiago itxaron. Izan ere, gerta daiteke maiatza trakets samarra izatea, eta egindako landaketak behar den moduan ez garatzea. Ekainean, oraindik, landaketak egiteko denbora dago.

Landaketak: Bigarren hamabostalditik aurrera, tomatea, piperra, alberjinia, kalabaza, kalabazina, pepinoa, meloia. Hilabete hasieratik, letxuga, kukulua, zerba, borraja…

Ereintzak: Azenarioa, errefautxoa, borraja, erremolatxa, leka, artoa, indaba, patata, letxuga, kukulua, azak, errukula.

Ekaina

Esan bezala, oraindik ere sasoiz gabiltza tomate eta piper preziatu horiek landatzeko, nahiz eta ia udazkenera arte itxaron beharko dugun uzta jasotzen hasteko. Bigarren hamabostalditik aurrera, udazken-neguko porruak landatzen hasi gaitezke. Berdina esan genezake azez eta azaloreez. Lonbardak eta brusela-azak landatzea ere komeni da, bi labore hauek oso ziklo luzea baitaukate. Kalabazari eta kalabazinei nolabaiteko akoltxatua jartzea komeni da, lurraren hezetasunari eusteko. Lastoa, konposta, egur xehatua edota plastikoa erabili daiteke, baina kontua izan beharko dugu bareekin, oso gustura egoten baitira akoltxatu azpian. Ekainetik aurrera, letxugak ez dira ondo moldatzen negutegian.

Landaketak: Tomatea, piperra, alberjinia, kalabaza, kalabazina, pepinoa, porrua, aza, azalorea, brusela-aza, lonbarda, letxuga, kukulua, zerba, borraja…

Ereintzak: Azenarioa, errefautxoa, erremolatxa, borraja, leka, letxuga, azakiak

Landare estraktuak

Landare askok frogatu dute ortuko izurrien eta gaixotasunen aurkako ahalmena, edota laboreak indartzeko gaitasuna. Asuna eta azeri buztana dira horien artean ezagunenetariko bi. Udaberrian, bi landare hauek berriz ere agertzen dira. Hortaz, orain dugu momentu egokia horiek batu eta oso lagungarri izango zaizkigun “saldak” prestatzeko. Landare bakoitzaren estraktua aparte prestatu behar da.

Asuna onddoen prebentzio modura: asun kilo bat 10 litro uretan beratzen utziko dugu 4 egunez, egunean behin, behintzat, irabiatuz (euri ura erabiltzen bada, askoz hobe; kloratutako urarekin ari bagara, komenigarria da gau batez beratzen uztea, kloroa lurrundu dadin). Ondoren, asun guztiak erretiratu eta salda iragazi behar da. Toki fresko eta lehorrean gorde ezazue, ahal dela hermetikoki itxita. 1:10eko diluzioan erabili ureztapenean, hostoetara zuzendua. Goizez aplikatu behar da, eguzkiak indarra hartu baino lehen. Oharra: asuna 10-15 egunez beratzen utziz gero, saldak landarea indartzeko balio du.

Azeri buztana onddoen prebentzio modura: 1 kg azeri buztan egosi, ordu erdiz, 10 ur litrotan. 1:10eko diluzioan erabili.

Nola babestu gure baratzak ekologikoki?

ENEEK-ak, Biolur Gipuzkoa elkarteak eta Iparraldeko Biharko Lurraren Elkarteak (BLE), Bio d’Aquitaine-rekin batera, Euskal Herriko baratzeetako izurri eta gaixotasun ohikoenei buruzko liburuxka praktikoa argitaratu dute “Nola babestu gure baratzak ekologikoki?” izenburupean. Laborari ekologikoen esperientzia fitxatan atondu da, arazoen jatorria, ondorioak eta sendabideak azalduz. Arazoa era errazean identifikatzeko taulak eta aurkibidea ere badauzka, laboreka sailkatuta. Paper plastifikatuan argitaratu dute, tamaina egokiarekin, eta baratzera gurekin eramateko moduko material hau ENEEK-an zein Biolurren eskuratu dezakezue.