Mikel Zubimendi
KONTABLEARI KONTU ESKE

Auschwitzeko kontablearen epaiketa: justizia, antzerkia eta bietarik poxi bat

Asteon hasi da, agian, soldadu nazi baten kontrako azken epaiketa izan daitekeena. 93 urteko Oskar Groening esertzen da akusatuen aulkian, inoiz ezkutatu ez den eta Holokaustoaren negazionismoaren kontra ozen hitz egin duen SSko boluntario izandakoa. Justizia eta antzerkia nahasten dituen epaiketa honek hautsak harrotu ditu.

Oskar Groening, Waffen SSko kide eta Auschwitz-Birkenau exterminio-esparruan kontulari izandakoaren aurkako epaiketak arreta informatibo handia bereganatu du. Izan ere, sobietarren armada gorriak juduen heriotza industrial mekanizatuaren sinbolo unibertsal bihurturiko Auschwitz askatu zuenetik 70 urtera egiten ari den epaiketa honek berezitasun azpimarragarri batzuk ditu. Hasteko, «300.000 heriotzen konplize» den akusatuaren adina dela medio (93 urte eta osasunez pattal samar), bizirik dirauen nazi ohi baten aurkako azken epaiketa izan daiteke. Bestetik, Groeningek publikoan beti hitz egin du argi, bere lanaren inguruko xehetasunak emanez eta bere «ardura morala» aitortuz; ez du bere burua inoiz ezkutatu eta «Holokaustoaren negazionismoaren aurkako» borrokan nabarmendu da. Eta azkenik, bere kasuarekin gerraosteko justizia alemaniarraren nagiek eragindako hondamen judizialaren aurrean «azken mezu» bat pasarazi nahi da; justiziaren neurri bat, Alemaniarako ez ezik, mundu osorakoa, iraganeko genozidentzat bezala, gaurkoentzat eta biharkoentzat ere balioko duena.

Groening izan daiteke justiziaren aurrean erantzungo duen III. Reicheko azken soldadua. Baina berea, milaka eta milaka adinkideren eta herrikideren historia da, historia alemaniar bat, sedukzioz eta fanatismoz josirikoa; bizitza oso bat errudun sentituz bizitzera kondenaturikoena.

Egun zahartuta eta ezgaituta dagoenak, betaurreko finak eta aurpegi tristea zituen 19 urteko gaztea zela, «uniformearen dotoreziak liluratuta», Waffen SSetan izena eman zuen boluntario. SSetako soldadu guztiak legez, odol taldea ezker besoan tatuatu, eta, armekin baino zenbakiekin trebeago zelako postu administratibo bat emanda, Auschwitzen destinatu zuten. Exterminio-esparruan «zaplasteko bat bera ere» eman ez zuela adierazi, eta beti aitortu du han egon zela, eta dena ikusi zuela. Bere eginkizuna exterminioaren azken geltoki hartara iristen ziren zorigaitzeko bidaiarien ondasunak hartu, koadernotan apuntatu, eta bilatzen zituen diruak, bitxiak eta dibisak –Poloniako zlotyak, Greziako drachmak, Herbeheretako florinak, Italiako lirak, etab.– edota txekeak bildu, eta nazien gerra ahalegina sostengatzeko Berlinera igortzen zituen.

Makinaria handiaren pieza txiki

Soldadu gaztea zela exterminioaren aldekoa zen, «gerra bitarteko aurreratuekin egiteko tresna» zelakoan. Milioi eta ehun mila pertsona (juduak, baina baita ijitoak, komunistak, homosexualak eta beste ere) hil zituzten Auschwitzen, erraustuta gehienak. Groeningek dioenez, hiltzen ikusi arren –Auschwitzera iritsitako deportatuen «hautaketaren» lekuko izan zen, zuzenean likidatu beharrekoak ala lanerako gai ziren erabakitzen zeneko prozesuarena, alegia–, berak ez zuen inor hil, bere ardura makinaria handi bateko pieza txiki bati zegokiona zenez. «Horri erruduntasuna deitzen badiozue, orduan erruduna naiz. Baina juridikoki hitz eginez, errugabea naiz».

Inoiz ez du bere osasun pattalaz justiziaren aurrean ez aurkezteko aitzakia egin eta oraingo epaiketaren aurrean esan zuenez, «bizirik banago, hitz engingo dut». Hala egin du. Shoahren biktima guztiei barkamena eskatu eta «moralki errudun» dela aitortu du, baina erantzukizun penalik ez duela gaineratuz.

Hitler garaituta gerra bukatu zenean, alemaniar arrunt gisa itzuli zen etxera, Auschwitzeko 6.500 zaindari gehienak bezala –34 kondenatu dira–, identifikatua eta zigortua izateke. Familia osatu eta filateliarekin grinatu zen. 1985 urtean, bere filatelia klubeko kide batek liburu negazionista bat eman, eta ohar batekin –«han izan nintzen, dena egia da»– bueltatu omen zion. Gero, bere familiak irakurtzeko 87 orrialdeko testamentu moduko bat idatzi zuen eta 2003 urtean BBCren dokumental batean publiko egin zuen bere historia.

Tantaka Historiari kontu eginez

Alemanian 70 urte daramatzate bere historiari kontu egiten, oso poliki, ttanttaka-edo. 2011 urtera arte, soilik nazien krimenetan parte-hartze frogatu eta zuzena izandakoak epaitu zitezkeen. Urte horretatik aurrera, baina, Sobibor exterminio-esparruko zaindari John Demjanjuken (epaiketa bukatu baino lehen hil zen) zigorrarekin –27.900 heriotzen konplize izateagatik– berrogeita hamar soldadu nazi epaitzeko bidea ireki zen. Horien artean zegoen Oskar Groening. Gizateriaren kontako krimenetan, zuzeneko parte-hartze beharrezkorik gabe ez dago zigorrik. Demjanjuk kasuak ezarritako jurisprudentzia hastapenetik ontzat emanez gero, hamarnaka mila soldadu nazi akusatuen aulkian eseri behar izango lirateke.

Ez da hori, baina, Alemanian nagusitu den bidea. Poliki, eta kasu oso bakanen bidez, baina bere iragana biluztu du, hein batean, eta erregimen naziaren horrorearen biktimei eman die ahotsa. Ziur aski, oraindik bizi diren biktima gutxi horiek eta hildako milioien ondorengoek nahiko luketeena baino beranduago, baina tarteka ixten ditu nazien kontrako ikerketak, eta epaiketara eraman. Bada zerbait.

Espainiak, adibidez, ezin dezake berdina esan. Bere gobernuak ez ditu bakarrik hobi komun eta areketan lurperatutako milaka biktimen bilaketa lanak eta frankismoaren krimenen ikerketak eragotzi, justizia unibertsala bera mespretxatu baitu, Servini epaile argentinarraren extradizio eskariei muzin eginez, kasu. Utrera Molina eta Martin Villa ministro kriminalek edo “Billy el Niño” eta Jesus Muñecas polizia torturatzaile zitalek zigorgabetasuna bermatuta duten «aitona erretiratu errespetagarriak» dira oraindik orain.

Edonola ere, nazien aurkako azken epaiketetan gertatu den bezala, bistan da Groeningen aurkakoan ere justizia bezainbat antzerki egongo dela. Biktimen mina arindu eta munduan barrena genoziden zigorgabetasunaren kontrako aldarria barreiatuko du. Pagotxa industria mediatikoarentzat, probetxu aterako dionez: ongi saldu daitekeen historia bat, Alemaniako iritzi publikoa zatitzen duen telebistako tertulietarako gaia, drama eta errukiaren trafikorako gidoia edo konparazio kuriosoen iturri –adibidez, zergatik epaitu Groening eta, aldiz, gaztetan nazi izandako aita santu ohi Ratzinger ez?–.

Kuriosoa da, guztiz lotsagarria, Groening baino ardura handiagoa izan zuten zientzialari eta ingeniari nazi pila bati nortasun berria eman, eta Ameriketako Estatu Batuetara eraman zituztela lanera. Badira, makina bat direnez, gerraosteko Alemanian Groening bezalako auziak epaitegietara ez iristeko gogor lan egin duten politikari eta jujeak. Horiek ez dira sekula epaituko? Groening baino «arrain handiagoak» ziren nazien zigorgabetasuna bultzatu zuen stablishment horrek ez al du «erru moralik»? Hipokresia lepo, bai.

Auschwitzetik bizirik atera zen 81 urteko Eva Kor andreak epaitegi kanpoan zeuden kazetariei esan zienez, «Groening milaka nazi bezala itzalpean ezkutatu zitekeen, eta gutxik izan du berak adina adore pausu bat aurrera emateko». Adreilu gorriz eraiki zen Holokaustoaren sinbolora eraman, eta bizirik irten zen gutxietako bat da. Eta argi du bere mezua: «Ezin daiteke iragana aldatu, baina bai erantzukizuna onartu».