Xabier Mikel Errekodo

#EskerrikAskoIdoiaMendia

Eskerrik asko Mendia andrea, ezin argiago erakusteagatik euskarak norantz egin behar duen. Sanoa da euskarari buruz hitz egitea. Hobea, euskaraz egitea. Beharrezkoa. Euskararen egoera dagoenean uztea litzateke okerrena; alegia, minbizia. Hain dago egoera diglosikoan, ezen, bere horretan utziz gero, euskararen lurgunea txikiagotu egingo baita, edo, beste modu batera esanda, erdarak guztiz irentsi dezakeela.

Gure hizkuntza maitea etengabe ari da jasaten erasoak eta irainak. Espainiar gobernuarenak bereziki, Urkixo eta Alba ordezkarien eskutik. Harridura sortu dutenak, baina, Idoia Mendiaren adierazpenak izan dira. Bata bestearen atzetik, ez du perlatxorik ere utzi txistukatu gabekorik. Halako lasaitua hartu arren, nolatan ez ote zaio aurpegia konpondu… Nago hau ere gustura legokeela euskara «animaliekin hitz egiteko» baino erabiliko ez balitz.

#EskerrikAskoIdoiaMendia #EskerrikAskoJabierDeAndres, euskararen alde jarrera epela izaten ohituta daudenak ere sutan jartzeagatik. Eragileen leloen eta ekimenen gorputza eta bihotza agerian uzteagatik, folkloriko hutsa izateko arriskutik urrun, «euskaraz bizi nahi dut», «euskahaldun»… Esandakoa, ordea, egungo egoera diglosikoari eustea, hondoa jotzeko bide egokia litzateke. Aitzinera egitea beste irtenbiderik ez dugu, eta, horretarako, hizkuntza politika publikoan diskriminazio positiboa beharrezkoa da. Horrenbestez, Jaurlaritzak politika epelak alboratu eta harago joan behar du, egiazko herri euskaldun eleanitza eraiki arte. Izan ere, Nafarroan aitzinera egiteko aukera irekitzear den unean, Jaurlaritzaren politikek ez ote garamatzate gibelerantz? Ez ote da epelkeria, baita txepelkeria ere, euskal hedabideak itotzen uztea? Edo, ETB1en erdara sartzea eta ETB2n euskara kanpo uztea?

#EskerrikAskoIdoiaMendia, gai hau gela ilunean izoztuta edukitzeko zenbaitek egiten dituzten ahaleginen gainetik, agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeagatik. Epelenak ere sutan jartzeagatik. Ez bedi izan hauteskunde bezperako sukarra. Biharamunean ere jarrai beza beroaldiak. Beroa eta alaia, euskarak etorkizunik izango badu. #ap25aNAHItasuna.