Gorka Elejabarrieta

«D egunik» gabeko agenda

Diktaduraren bukaera eta gero, tupamaroek borroka klandestinoa, borroka armatua utzi eta borroka publiko, politiko eta elektoralaren aldeko apustua egin zutenean, Uruguaiko presidentea zen Julio Maria Sanguinettik esan zuen tupamaroek ez zutela sekula herriaren babesik jasoko, ez zegoela kezkatzeko arrazoirik. Denborak erakutsi du Sanguinettiren “orakulua” dezente okertuta zegoela. Britainiarrek uste zuten Ostiral Santuko Akordioaren sinadurarekin eta bake prozesuaren garapenarekin Sinn Fein alderdi marjinala bilakatuko zela Irlandan. Okertu egin ziren: Sinn Fein Irlandan gero eta babes handiagoa jasotzen ari da, iparrean zein hegoan. Agertokia astindu, aldatu eta egoera berrira moldatu beharra dago une oro. Izaki bizidunen eboluzioak, naturak, erakutsi digun bezala, aldaketetara moldatzen dakiten espezieak dira bizirautea lortzen duten bakarrak.

Uruguai eta Irlandan gertaturikoa ez da determinismoaren ondorio, ez dago hori horrela izan behar zenik esaten zuen/duen legerik. Askapen mugimendu horien akats eta erabaki zuzenen ondorio da, besterik gabe. Eta Pepe Mujicak horrenbestetan esan duen bezala, bidea, prozesua dira gakoa, ez baitago egoera perfekturik, ezta egongo ere, eta, ondorioz, borroka amaigabea da, amaiezina. Gaur lorturikoak bihar desager litezke, eta gaur ezinezkoa dirudiena lor dezakezu bihar. Asko dago egiteke Irlandan, asko dago egiteko Uruguain, baita munduko gainontzeko herri guztietan ere, baina norabidea eta bidea bera dira balantza alde batera edo bestera kokatzen dutenak.

Kolonbian, Kurdistanen, Filipinetan, Birmanian eta beste hainbat lekutan, bizi dituzten gatazka politikoen transformazioa lortzeko prozesuek aurrera darraite. Kasu batzuetan hobeto, eta, besteetan, txarrago. Gatazken transformazioa diot, erabateko soluzioa lortzea ezinezkoa delako, gatazkak beti existituko baitira, bai behintzat interes eta pentsamolde ezberdinak dauden heinean. Gatazka normala da, beharrezkoa; gatazkarik gabeko gizarterik, herririk ez dago. Gatazka eta interes kontrajarri horiek nola kudeatu da gakoa. Arau berriak adostu behar dira, eta, behin arauak adosturik, norberaren eta bestearen arteko proiektuen talkan bakoitzak erakusten duen abileziak baldintzatutako du nork egiten duen aurrera bere proiektuan eta nork ez. Horrek esan nahi du ez dela izango “D egunik”, ez dela izango arazo guztiei konponbidea emateko moduko akordio magikorik, bidean aurrera egin beharra dagoela etengabe, pixkanaka baina norabide zuzenean beti. Horrek esan nahi du ere beharrezkoa dela bide hori egiteko arau berriek arerioen arteko berdintasuna bermatzea, garaipena ziurtatu ez baina posible egiteko baldintzak sortzen direlako. Eta egoera berri horretan zure esku dituzun lanabes guztiak erabili beharra daukazu, modu eraginkorrenean. Zentzu horretan, elektorala borroka molde bakarra ez dela esan beharra dago, baina garrantzi izugarria duela ere ezin da ukatu. Munduan zehar borrokan ari diren nazio askapen mugimenduen historia, esperientzia eta lorpenak dira horren adibiderik hoberenak.

Hausnarketa eguna da gaurkoa Hego Euskal Herrian, oraindik oroitzen dut, duela lau urte, hamar urteko ilegalizazioaren ondoren, Bildu hauteskundeetara aurkez zitekeela erabaki zuen epaia; herriaren ospakizuna eta ondoren optimistenen aurreikuspenak hobetuz lortutako emaitza onak ere gogoan ditut. Lau urte asko da, baina, aldi berean, lau urte oso denbora gutxi da, gutxiegi. Iparrorratza zehaztu zen orduan, eta norabide hori jarraituz aurrerapausoak ematen jarraitu beharra dago, atzoko eta gaurko egoera hobetuz norberaren helburuak pixkanaka eraikiz. Izan dadila biharkoa ospakizun eguna Euskal Herriarentzat. •