Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Demokraziarena omen den festa aseptiko eta inpertsonala

Pentsatzen dudana naizela esan didazu gutun-azala ixten ikusi nauzunean. Eta ezpainak ere gutun-azala bezala itxi zaizkit, zer pentsatzen dudan eta zein naizen erantzutea paper bat hautatzea bezain erraza ez delako. Nik ere nahiko nuke hori: egunero hauteskundeak izatea, egunero paper bat aukeratzea “hau naiz” dioena, nire baitako izen guztien zerrenda zure begien aurrean jartzeko. Baina nik ere ez dakit zenbat ahots daramatzadan barruan. Beti agertzen da berriren bat eta zaharrik ez da desagertzen. Gizon helduaren ahotsa jartzen genuen umetan, eztarria nahita lakartuta eta hitz zatarren bat ere bai tartean, helduek egiten zuten bezala. Edo ahots txintxarri fin hura, ikastolako kristalak ia apurtzen zituena. Edo kantatzeko jartzen genuen ahots azukrezko hori. Edo bertsotarako ahots ziur, ahots sendo hura. Ahots guztiak dauzkat nire baitan. Akaso horregatik izango gara pertsonak hain zailak ezagutzeko: ahotsak garelako, barruan dauzkagun ahots guztiak garelako, baina batek hitz egiteko besteek isilik geratu behar dutelako.

Nik ere nahiko nuke, bai, zerrenda bakarra aukeratzea. Erraza litzateke, ezta? Hona etorri, gortina atzean ezkutatu eta hormako apaletan dauden paperen artean arakatu, zurea aukeratu arte. Eta papera gutun-azalean sartu, listuarekin gutun-azaleko kola zabaldu eta itxi. Auzotarrekin hitz egin, sekula ez politikaz, eguraldiaz asko jota, edo futbolaz –hitz egiten dugunero isiltzen dugu zerbait, eta, zer isildu, erabaki politikoa da batzuetan–. Mahaira joan, presidentea agurtu, «bai, gaur mendira joateko asmoa neukan baina hona etorri naizenean ez da ez presidenterik ez ordezkorik agertu eta bertan geratu naiz. Hurrena eguerditik aurrera etorriko naiz boza ematera», eta gutun-azala kutxan sartu eta begiratu barrura; ehunka gutun-azal, denak kolore bereko, denak tamaina bereko, demokraziarena omen den festa aseptiko, festa inpertsonal honetan.

Ez, nire baitan ez dago demokraziarik, hausnarketa egunak besterik ez. Eta kontraesanak. Etengabe nabil zer esango eta zer isilduko, ze ahotsi obedituko, ze ahotsen kontra errebelatuko. Nik ere badauzkat nire gehiengo sinple eta gutxiengo konplikatuak; kanpainatik kanpo ere politikoa naiz –kanpainatik kanpo bereziki politikoa naiz –, nire burua konbentzitzen dut, nire ziurtasunak apurtzen ditut eta ahots berriak sartzen zaizkit inkestek ziotena kolokan jartzera. Nor naizen galdetzen didazu eta hauxe naiz; ahotsez betetako gorputz hau, naizena eta ez naizena –ez naizen hori apur bat gehiago akaso–; beti borrokan, beti eraikitzen, hitzek zerbait esan dezaten eta nire ahotsak ahotsak baino gehiago izan daitezen. Ez dut elkarrizketarik kudeatu nahi, nire pausua gidatuko duten ahotsak bilatzen ditut nire baitan, baina gero eta ziurtasun gutxiago aurkitzen dut. Eta nik ere agindu nahi dut, nire gorputzarengan bederen, baina ni ere harrapatzen nau merkatuaren esku ikusezinak edo Troikak edo auskalo zerk, eta nireak zirenik ez nekien ahotsen mitinak entzuten ditut nire baitako plazetan; esaten ez ditudanak pentsatzen ditut nire baitako aldirietan eta pentsatzen ez ditudanak esaten ditu nire gutun-azal zabalduak; nire buruaren kontrako estatu kolpeak ematen dizkit gorputzak; eta manifestariak bidaltzen ditut ahots horiek uxatzera; barrikadak eraikitzen dituzte abandonatutako hitzei su emanda, baina, tarteka, esan ez dudana egiten ere badakit, nire gutxiengo zapalduak ikusezin bilakatzen dira eta ez ditut aurkitzen, bila ibili arren ez ditut aurkitzen, eta orain dauzkadan begi ikaratu hauekin begiratzen dizut, hitzekoa baino gehiago bainaiz ahotsez egina, eta, munduan nork agintzea nahi dudan jakin arren, ez dakit nire baitan nork agintzen duen. •