Mikel Zubimendi

Hauteskundeen arbelean fisikaren bi legez mintzo

Zortea botata dago. Biharko hauteskundeetan gertatu beharrekoa atzeraezina eta aldagaitza da. Arriskua eta erronka, gazitik eta gozotik izango du biharamunak. Agertoki mugituak, eskapatzen utzi ezin diren aukerak, zorroztuta diren labanak, lokartutako eztabaiden birpiztea... saltsa egongo da, bai. Kinielak asmatzea ez da ariketa erraza, inkestetan ageri ez diren hainbat joerek arrastoa utziko baitute eta, bai, politikaren liturgia bere ponpa eta kearekin, udako oporretaraino behintzat, itolarri sentituko da.

Patxada pixka batekin hartu behar da guztia, arnas luzean, lasaitasunez. Egin beharreko azterketak egin beharko dira, ospatu beharrekoak ospatu eta kezkarako motibo direnei begietara begiratu. Hartara, ezinbestekoa iruditzen zait politikan oso erabilgarriak diren fisikaren lege batzuk gogoraraztea. Politikaren ulermena errazteko eta lasaitasuna gordetzeko lagungarri direlako oso.

Aurrena, estatubatuarrek political momentum deitutako kontzeptua aztertuko dut; fisikako momentuaren kontzeptuaren, hots, masa eta abiaduraren biderkatzearen, itzulpen politikoa. Ezaguna da objektua zenbat eta azkarrago mugitu gelditzen zailagoa dela. Bada, politikan, zenbat eta hobeto egin gauzak, orduan eta masa gehiago irabazten da, eta, hortaz, hori egiteko behar beste azkar ibiltzen bada, abiadura irabazten da. Estatubatuarrek diotenez, ez dago kanpaina bat irabazterik political momentum-a eskuratzeke. Ausarta izan, hauteskundeetatik harago pentsatu eta boto-emaileak behin eta berriz entzutera ohituta dauden mezu politikoei alternatiba kitzikagarririk emateke. Momentu horrek eramaten du garaipenera, eta, horren absentziak, porrotera. Izan al da kanpainan momentum-a irabazteko plan serioren bat? Politikaren ezinbesteko osagai hori eraikitzeko zerbitzuan jarri al dira tresna eta estrategiak? Berria izan den kontakizun, ideia edo irudirik egon al da, norberaren mezuaz hitz egin, hautagaiak bat-batean identifikatu eta oinarrian diren ekintzaileak mezu hori azkar eta ondo transmititzeko motibatu dituenak?

Fisikan mugimendu kantitatea dena, politikan bultzada da, txanpa, indarra. Eta abiadurarekin estuki lotuta dago. Izan ere, zein azkar doan dena! Adibidez, duela bizpahiru hilabete Podemos-Ahal Dugu alderdiak momentum-a irabazita zuen. Bazirudien elur-jausi erraldoi baten legez denak eramango zituela aurretik, marka guztiak txikituko zituela. Bai azkar galdu ere momentum-a! Ziztu bizian, konturatzerako beste plano batean kokatu da, eta, haientzat, itzuliko ez dena ez da itzuliko. Itsasoak hondarreratzen dituen olatu guztiak berdinak ez direlako, olatu ona hartzea zein garrantzitsua den! Nafarroa da horren adibide bikaina. Duela hilabete pare bat aldaketa politikoa –«erregimena» botoen bitartez kanporatzea– hatz puntekin ukitzen zen zerbait zela esaten eta irakurtzen zen, edo orain egin edo inoiz ez zela egingo; xanpain eta ardo hoberenak freskatzen jartzen hasiak ziren batzuk... Oraintxe bertan, berriz, inposiblea ez baina saihestezina dela ez du inork esaten. Momentua –fisikan bezala politikan ere inertziarekin nahastu behar ez dena–, umorea eta animoa bezala, oso kutsakorra baita. Kutsakor bezain iheskorra.

Bigarrenik, grabitatearekin lotutako beste lege fisiko bat daukagu: igotzen den oro jaisten da. Politikan ere isla ikusten diot nik neuk lege horri, nahiz eta prozesua ez den zertan bat-batean edo lau urteko epean eman behar. Muztio bilakatzen diren zuritoekin gertatzen den bezala, politikan ere aparrak jaitsi eta txinpartak desagertu egiten dira; boto eta konfiantzak utzi bai baina eman ez dira sekula jabetzan ematen. Gorabehera da politikaren oinarrizko forma, haragia igotzean arraina jaisten delako, ez dagoelako esaterik hau betiko galdu denik edo hura ez dela sekula irabaziko. Zenbat eta non igoko den ezkerreko boto abertzalea, galerak norainokoak izango diren ez dago esaterik, baina emaitza politak espero daitezke. Poz pixka bat eta hausnarketa kritikorako aukera. •