Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

LANDER EGAñA

Bilboko Txurdinaga auzoan sortu zen Lander Egaña, orain 26 urte, baina flamenkoak Jerezera eraman zuen orain dela lau. Musika estilo horrek «harramazka» egin zion barrenean eta harrapatu egin zuen, ihes egiteko aukerarik gabe. Aurreiritziak alde batera utzita, lanaren fruituak, eta ugari, jasotzen ari da «Maizenita». Hala du izena oholtza gainean.

B arrenean, sentimenduak, sentipenak eta arima nahasten diren horretan, zerbaitek harramazka egin zion Lander Egaña (Bilbo, 1989) kantariari flamenkoa lehen aldiz entzun zuenean. Hain da sakona sentiarazten diona, ezin duela hitz zehatzekin azaldu. Eta hori da sentitzen duenaz galdetuta, lortzen duen deskribapenik fidelena.

Ez ditu bere sustraiak ahaztu, aitzitik, izugarri maite ditu eta elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan egiten dio erreferentzia bere Bilbo kutunari. Duela lau urte, ordea, Jerez de la Fronterara (Cadiz) joan zen bizitzera gurasoekin batera, huraxe baita, azaltzen duenez, flamenkoaren sehaska. Eta ekindako bizitza berri horretan, ibilbide profesional horretan, Maizenita izen artistikoa bereganatu zuen.

Flamenkoa deskubritzeko moduaz galdetuta, Txurdinaga auzoko «lagunak, kuadrilla eta ijitotxoak» aipatzen ditu. Musika etxean jaio zenetik entzun du. Bere aita, Iñaki Egaña, Imán Califato Independiente, Los Brincos edo Los Bravos bezelako talde ezagunetan aritu baitzen urte luzez baxu-jotzaile gisa. «Hain zuzen, horrexegatik beragatik, denetatik entzun dut etxean: rocka, popa… Baina flamenkoarekin ezberdina izan zen», dio. «Lagunak kantuan aritzen ginen beti, eta, festara edo dantzalekuetara joan beharrean, parkera joaten ginen, gitarra eta kutxarekin, abestera».

Sorterria atzean, aurrera egiteko

Benetako apustua Jerezera joatea izan zen, zalantzarik ez du. Aurreiritziak alde batera utzita –«bilbotar bat Andaluzian, zer eta flamenkoa egitera!» pentsa dezake batek baino gehiagok–, erabaki garrantzitsua hartu zuen Maizenitak. «Inoiz ez nuen argi izan zer izan nahi nuen nagusitzerakoan –onartu du–. Goi mailako gradu bat egiten jarri nintzen, baina ez bereziki gustuko nuelako». Horregatik, musika deskubritu zuenean, argi ikusi zuen edo «orain zela edo ez zela, eta saiatu nahi nuen». Bere amak ikasketak gainditzea eskatu zion lehenik, hura zen baldintza. Gainditu zituenean, maletak egin eta hegoaldera abiatu zen familia erdia, izan ere, ahizpa zaharrena eta beste bi bizki Bilbon gelditu dira. Hori izan da esperientziaren aurpegi garratza. «Etxetik joatea, sorterria uztea, lagunak, familia, mingarria izan da, noski, baina lan honetan ez dago soldata finkorik, borroka etengabea da», dio.

Azken lau urteotan dena oso azkar gertatu dela onartzen du, baina ez du ikararik. Momentuz, ikasten ari den guztiaz gozatzen, eta gertatzen ari zaionaz disfrutatzen ari da. “Tierra nueva” deitutako diskoa azaroan kaleratu du, eta horrekin dabil promozioan, besteak beste. Horrekin batera, kontzertuak eta kolaborazioak egiten ari da. Fruitu horien guztien atzean lana eta esfortzua daudela kontatzen du. «Gauzak egiten ari garen modua, pixkanaka, espero ez genituen emaitzak ari zaizkigu ematen», dio, pozarren. Eta horixe da aurrerantzean jarraituko duen bidea, «urrats txikiak ematen, presarik gabe baina atsedenik gabe».

Estatuan zehar hamaika emanaldi eman ditu, Madrilen «sekulako arrakasta» lortuta ikusle nahiz kritikoen artean, Sevillan, Jerezen, Badajozen, Huelvan, Kordoban… eta kontzertu bakoitza bihotzean gordetzen duela dio. Emanaldi berezien artean, ordea, etxean, Bilboko Arriaga antzoki ederrean emandako bi kontzertuak aipatzen ditu. Maizenitaren kasuan ezin da esan bere herrian, etxean, profeta izan ez denik. Hunkitu egiten da saio haiek aipatzean. «Sinesgaitza izan zen, izugarria, baina izututa sentitu nintzen aldi berean, Arriaga Arriaga da –justifikatzen du–. Gogo handiz baina beldur horrekin, ardura horrekin, aritu nintzen». Lehen kontzertuak halako harrera izan zuen bigarren emanaldi baterako hitzordua jarri zutela. «Sekulakoa izan zen, lagunak, familia, zure etxeko jendearekin, sorterrian…», gogoratu du.

Distantzia luzeko lasterketa

Artistikoki eredu dituen kantariez galdetzean, bakarra ez duela dio, izan ere, «jendeak pentsa dezakeenaren kontrara», flamenkoarena oso mundu zabala dela dio. «Erraldoia da, eta hamaika artista daude, zein baino zen hobea». Bere ustez, gaur egun ikasten ari diren gazteak kantu mota bakoitzeko artista bati erreparatzen diote, autore bakoitzak hobeto kantatzen duelako adar bat edo beste. Horregatik eredu bakarra ez duela dio: «Guztietatik edaten dut, bakoitzetik onena hartuz».

Hain zuzen, mundu berean ari diren beste gazteez galdegiten diogu. Mundu basatia eta zaila, musikariena. Gainera, gaur egun kulturak pairatzen duen egoerak eta erakundeetatik jasotzen duen babes kaskarrak are zailagoa egiten duela uste du. «Zaila dago kultura eta musika, eta flamenkoa zehazki, baina ez Jerezen bakarrik», salatu du. Maizenita gaztea da, bai, 26 urte ditu, baina are gazteagoak daude ate joka, eta «gauzak dauden moduan egonda»… dio. Hala ere, oso baikorra da, eta borroka egin behar dela argi du. «Ez dadila gogo eta ilusio faltagatik izan», uste du.

Bere esperientzia beste gazte batzuentzat eredu izan daitekeen galdetuta –alegia, ametsa jarraitu, eta lan eta lan egin ostean eskura daitekeen adibide gisa–, Egañak «mundu guztia» saiatzera animatzen du. «Ez nuen uste hau lortuko nuenik, baina argi dago ez bazara saiatzen ez duzula lortuko. Benetan sentitzen baduzu, barren-barrenean, jendea animatzen dut, saia dadila behintzat, hobe baita horretaz damutzea kontrakoaz baino», aholkatzen du.

Egun lortu duen horretan, asko lagundu diote Jerezen ezagutu dituen lagunek. Dagoeneko familia gisa tratatzen dute elkar. «Nire ibilbidea oso naturala izan da, eta banekien mesfidantza egon zitekeela ni bilbotarra izanda, baina moduan asmatu dugu, eta, nola ez, hemengo jendeak ere izugarri lagundu nau, familia bezala dira guretzat».

Flamenkoan aditua den jendeak ikusi zuenean Txurdinagako gazte hark bazekiela «zertan zebilen», beso zabalik hartu zuten. «Flamenkoa bazara, kantatzera dedikatu behar duzu, eta horretara mugatu; kantatzeko duzun moduagatik epaitu behar zaitu jendeak, ez zure sorterriaren arabera. Ondo egiten baduzu –iritzi du–, berdin du gainontzekoak. Eta horrek ez du esan nahi jendea harritzen ez zenik, baina gaur egun jada bat gehiago naiz».

Epe laburrera dituen erronkez eta ametsez galdetuta, ez du gauza handirik eskatzen. «Orain arte bezala jarraitu, lanean, eta kontzertuak eskaintzen». Ekainean eta uztailean behintzat hamaika emanaldi itxita ditu dagoeneko. Ikasi ere asko ikasten jarraitu nahi du, artista onaren oinarria hori dela uste baitu Lander Egañak.

Diotenez, flamenkoan 30 urte baino gehiago dituen artista oraindik ere gaztea da, haiena distantzia luzeko lasterketa baita. «Oso luzea, ez zaio sekula ikasteari uzten», dio. «Flamenkoan –azaltzen du–, gerta daiteke 40 urteko kantari bati gaztea esatea, eskarmentua oso aintzat hartzen baita mundu honetan, eta, eskarmentua, ibilerak egiteaz gain, urteek ematen dute. Kantaria egina dagoenean, nortasuna osatuta duenean, orduan bai hartzen da kantari osatu bezala».

Garai hori heltzen zaion bitartean –asko gelditzen dela badaki–, han eta hemengo agertokietan barrenak urratuko ditu Maizenitak. Grina, maitasun bortitza, hitzez ez, kantaz soilik azaldu ei daitekeena. Eta entzuleak belarriaz gozatuko duena.