Kattalin Miner

Memoriaren hiruki laranja

Memoria, izan kolektiboa, izan pertsonala, ez da esan ohi diguten bezala gauza neutrala. Ez da, are gutxiago, idatzita dagoen historian topatzen dena, ezta ere, gogoratu behar dela esaten digutena. Memoria zerbait bada, gorpuzten dugun hori da, gurutzatzen gaituena, eta, gurean, tamalez, sarri gorpu bat besterik ez da.

Urteak daramatzagu –historia oso bat ez bada – memoria inposatu baten zama bizkar gainean arrastaka, zer gogoratu behar dugun eta nola erabaki gabe. Edo horren kontra borrokan, geurea asmatu, sortu eta ahaztu ez dadin.

Alemaniaren garai ilun haietan, familia eredu naziarentzat amenazua ziren emakumeak, hiruki beltzekin markatzen zituzten. Besteak beste, lesbiana eta sexu-langileak ziren amenazu horren aurrean isilarazi eta zigortu nahi izan zituzten gorputzak, baina historiak judutarrak kontatu dizkigu biktima betiereko gisa. Inork ez digu kontatzen, zein ziren eta zenbat. Zer zuten aldarri, zer zuten min, zer irabazi (irabazi baitzuten asko).

Aste honetan, orratzez hiruki beltza paratu dut nire azalean, gogoratzen ditudalako nire historia diren emakume horiek, nire memoria diren arbaso guztiak, eta azalean barrena dantzan dabiltzan istorio isilduak. Erabaki dut, behin umiliagarria izan zen hura, gaur aldarri dela, eta eraman nahi dudala, oso nire, oso gure.

Aste honetan baita ere, beste gorputz batzuk ikusi ditugu. Herri harresi baten bueltan, odolean, tripetan edo azken biloaren puntan dugun historia zapalduak egin du planto beste behin. Harrotu da herri isilarazia, bestela ezin zitekeen moduan, etsitu gabe, lehen lerrora gorputzak eramanez.

Gure herrian gorputz askok dute memoria. Gorputz askok dituzte batek daki zer koloreko hirukiak tatuatuta. Markatu dituzte azalak, azazkalak, mila modutan. Badira kuartel ilunetako egunak ahaztu ezin dituzten memoria gorpuztuak, milaka kilometro astero egitean akituta dauden gorputzak, itzuli ez direnak eta itzultzeko daudenak, ziega grisak koloreztatzen dituztenak; eta hori guztia egunero gogoratzen dizkieten arrastoak dituzte haiek denak; zauriak, ondorioak.

Baina andreon ahoa estali ezin daitekeen gisan, ezin daiteke ahazten ez duen herri baten gorputza gelditu, eta ez diogu beldurrik gure memoria guk nola gorpuztu nahi dugun erabakitzeari. Ez dugu gehiago gogoratu nahi inposatutako arrasto mingarriekin, guk erabaki nahi dugu gure gorputzak oroituko duena, eta horregatik paratzen ditugu aurrez aurre, tinko, eta erabakita.

Ez dugu beste masaila jartzen, guk gure matrailak estutu, irribarre egin eta kartografia berriak marraztu nahi ditugu gure gorputz kolektiboen mapetan. Horregatik harritzen dira agian, uste baitzuten gure jabe zirela, uste baitute, oraindik inskribatu dezaketela haien bortxa eta inposizioa gure lurralde kolonizatuetan; eta ez dutelako ulertzen gai garela guk geuk erabakitzeko nola gogoratu nahi dugun, nola gogoratuak izan nahi dugun.

Ubelduak, minak eta apurtzeak utzi zituen astelehenak, baina behingoagatik (eta beste behin), harrotasun, indar eta maitasunak gailentzen zituen kolpeak izan dira, eta memorian, min horri irabaziko diotela badakigu.

Aspaldi ikasi genuen ez dugula denborarik behar arrazoia izateko. Arrazoia bilatu eta sortu dugula aspaldi, historia eta memoria eraikitzen darraigun artean, inoiz gehiago ez daiguten erauzi.

Gorputza plaza batean jartzen duen herria da herri askea. Inposiziozko hiruki grisak, ubeldura kolorekoak, ezarri nahi dituzte gugan, eta guk ozen diogu, zerbait paratzekotan, gaurkoan gure hiruki laranjaz busti garela goitik behera, ez daigun berriz ezer ahaztu, baina batez ere, ahaztuko ez dugula gogora dezaten. •