Iratxe Esnaola
Informatika ingeniaria

Enpresa teknologikoen «lobby»-ak

Consumer Watchdog webgunean argitaratu berri dira enpresa teknologiko nagusienek xahutzen duten diru kopuruaren gainekoak. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuko lobby-az ari da Consumer Watchdog, 2015eko bigarren seihilekoari dagozkion datuekin. Gardentasun prozedura baten baitan, enpresek kongresu estatubatuarrari bidali informazioan oinarritzen da eta, Consumer Whatchdog beraren arabera, Google, Amazon, Facebook eta Microsoft enpresak dira gehien gastatzen dutenak.

Egun, Google omen da, guztien artean, gobernuko lobby-ari aurrekontuko partida handiena eskaintzen diona, 4,69 milioi dolarrekin. 2014ko bigarren seihilekoan 5,29 milioi dolarrekoa zen, hortaz, jaitsi egin da eta Google da, Consumer Watchdog-en arabera, iaztik aurrekontua gehien jaitsi duena. Microsoft enpresak ere jaitsi egin du, 2015eko bigarren seihilekoan 2,24 milioi gastatuz, iaz baino %4 gutxiago. Ciscok ere %26 jaitsi du gastua, azken seihilekoan 530.000 dolar gastatuz. Kontrako norabidean, Amazon da gastua gehien igo duena, %103 igoz (bikoiztu egin du!). Guztira, 2,15 milioi dolar gastatu ditu 2015eko bigarren seihilekoan, iaz, garai berean, 1,06 milioi gastatu zituelarik. Apple berak ere igo egin du, %42 zehazki, 1,23 milioi dolarrera iritsiz. Facebook-ek, bere aldetik, 2,69 milioi dolar gastatu ditu, igoera txiki batekin, iaz 2,12 milioi dolar baitziren partida berean. IBM eta Intel enpresek ere igo egin dute gastua, 2015eko bigarren seihilekoan 1,81 (%7 igo) eta 1,29 milioi dolar (%66 igo) gastatuz, hurrenez hurren.

Apple etxean zentratuz, Steve Jobs zuzendari exekutibo ohia ez zen gobernuko lobby-en oso laguna, nahiz eta iTunes plataformarako Europa mailako prezioak adosteko funtzionario europarrekin biltzen zela esaten den. Egun Tim Cook da zuzendari exekutiboa, eta publikoki adierazi izan du Ameriketako Estatu Batuetako gobernuarekin elkarlan estuagoa nahi duela. Zentzu horretan, Claire Thwaites da Apple etxeko gobernuko kontuen zuzendaria. Baina Apple barnean benetako indarra Administrazio Kontseiluan dago. Hor dago, esaterako, 2003tik, Albert Al Gore, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariorde ohia. Gorek, 2014an soilik, 300.000 dolar baino gehiago jaso zituen Apple etxearen eskutik. Administrazio Kontseilu berean daude Robert A. Iger (Walt Disney Company), Ronald D. Sugar (Northrop Grumman Corporation) eta Susan L. Wagner (Blackrock).

Apple gehien kezkatzen duten gaiak ekonomia digitalarekin, jabetza intelektualaren eskubideekin eta pribatutasunarekin lotuta daude. Ez da gutxiagorako: Mac-a diseinatu zuen, munduko ordenagailu pertsonal onena kontsideratzen dena; iPod-arekin musika digitalaren merkatua irauli du; iPhone eta App Store-rekin gailu mugikorrak berrasmatu ditu; eta iPad-arekin ordenagailu eta gailu mugikorren etorkizuna definitzen ariko balitz bezala da.

Apple eta Amazon dira diru partida gehien igo duten enpresak. Amazon berak bikoiztea erabaki du. Ez da broma. Beharbada erabaki politiko garrantzitsuak hartzeko garaiak datozelako. Beharbada lobby-ak funtzionatzen duela ikusi dutelako, eta partida hori igotzeak merezi duelako. Edota, Apple beraren kasuan bezala, produktu berrien merkaturatzearen eskutik dator igoera hori, Watch erlojuarekin gertatu berri den bezala. Lobby-ak ez baitira patenteen gaineko erabaki politikoetan eragiteko soilik. Lobby-ak marketina egiteko ere baitira. Lobby-en bitartez lortzen dute enpresok gobernuek produktu zehatz batzuk erostea, edota gobernuek, zeharka, produktu bat promozionatzea, esaterako, filmetan gobernuko erakundeak Apple etxeko produktuak erabiltzera eramanez. Are, Apple berak langile gehiago kontratatzea eskaini izan du, zergak jaistearen truk.

Finean, lobby lana egiteak presioa egitea inplikatzen du, pertsonak horretan modu esklusiboan jarduteko kontratatzea, gobernu batek hartuko dituen erabakiak enpresa (talde) baten onurarako izan daitezen, betiere legearen barruan. Eta aipatu zenbakiak kontuan hartzekoak dira, enpresa teknologiko nagusiak zenbaki horietan mugitzeak, lobby-ek benetan eragina dutela adierazten baitu. Antza, ideiak handiek baino, billete-zorro handiek agintzen dute. •