Maider Iantzi Goienetxe

Kexak kutsakorrak dira

Erredakzioko leiho ondoan itsatsita dugu Quinoren bineta bat. Hagitz ona da. Medikuak pazienteari aholkatzen dio bizitza lasai hartzeko, baina hori erraten dion bitartean gero eta urduriago eta sutuago jartzen da bera, kea ateratzen zaio belarrietatik eta paziente gaixoari lepotik helduta eta oihuka bukatzen du. Sarri bertzeengan ikusten ditugunak ez ditugu gugan ikusten, batez ere gaizki egiten ditugun gauzak.

Kexekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigula uste dut, ez garela konturatzen zenbat protestatzen dugun. Gainera, kexak kutsakorrak direlakoan nago. Berriki, arratsalde batean, kontent-kontent nindoan Antiguatik Donostiako zentrora, elkarrizketa bat nuen, denbora nuen, eguraldi ona, eta izozki bat jateko ilusioarekin joaki nintzen. Autobus urbanora igo eta gidaria kexa batean zihoan, esajeratu gabe, bide osoan maldizioka: trafiko nahasia zela, beroa zela... gurpildun aulkian zebra bidea gurutzatzen ari zen lagunari esperatzeko pazientziarik ere ez zuen! Ez nintzen nahi orduko jaitsi, eta lurra zapaldu bezain pronto madarikatzen hasi nintzen ni ere, dena gaizki atera zitzaidan: izozkia txarra zegoen, kaleetan ezin nintzen ibili turistekin txokatzen nintzelako, eta, gainera, halako batean, batek atxis egin eta blai egin ninduen!

Autobus gidari erretxin hark kutsatu ninduela pentsatu nuen. Egia izanen da kexak kexa erakartzen duela, baita gauzak gaizki ateratzeko aukerak handitu ere. Juanjo Lertxundi usurbildarrak, Donostiako Gausartu zentroko irakasleak, kexarik gabeko mundu bat amestu eta erronka bat bota du: pasatuko zenituzke 21 egun kexatu gabe? Proiektuaren inguruko informazioa, Gausartuzentroa.com atarian. •