Laura Mintegi

Pertsonak helburu ala itu?

Lakuaren leloa entzutea eta, aldi berean, gizarte arloan egiten duen politika ikustea urtikaria sorrarazteko modukoa da. Gaixotzeko modukoa da entzutea “pertsonak helburu” eta gero gobernuaren “anti-pertsona” politika ikustea. Adibide gutxi batzuk. Jeltzaleek ez diete buelta eman diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko sozialistek ezarri zituzten baldintza estuei; hezkuntzan edo osasunean murrizketak egiten segitu dute; Gipuzkoan zerga politikan emandako aurrerapauso txikiak atzera bueltatu nahi dituzte Aldundira heldu eta berehala; aurreko lau urteetan Donostia hirian desjabetze bakarra burutu ez bada ere, jeltzaleak Udalera heldu eta hamar egunera burutu da lehenengo desjabetzea. Pertsonak helburu. Bai zera. Helburua da kapital lizun eta aseezinaren gose-egarria gogobetetzea. Pertsonak, bost.

Politikagintzan dagoen aire berria, ordea, pertsonon alde dator. Gero eta zailagoa da baretzea herritarren justizia nahia eta lau alderdiri uztea erabakimena. Kontsultak, galdeketak, erreferendumak eta partaidetzarako guneak erreklamatzen dituzte herritarrek, eta parte hartzera doaz modu masiboan. Aurreko belaunaldietako pasibitatea jada ez dago ondo ikusita. Etsipena (ez dago ezer aldatzerik) aukera bihurtu da (gauzak beste modu batera egin daitezke). Eta, batez ere, jende gehiagok partekatzen du aspaldiko aldarrikapena: politika serioegia da politikarien eskuetan uzteko.

Fisika kuantikoaren arabera, ez dago objekturik subjekturik gabe; edo, beste modu batera esateko, objektua banaezina da subjektutik, subjektuak eragin zuzena duelako objektuan.

Modu poetikoagoan esan daiteke, Nadine Gordimer idazleak zioen erara: ideiak ez dira bizi pertsonengandik kanpo. Hau da, munduan den edozerk, fisikoa edo mentala izan, ez du existentziarik ez bada norbaitek (pertsonek) pentsatu eta gauzatu egiten duelako. Nor gabe, ez dago zer.

Politikan (eta hainbat arlotan ere) ikusi izan dugu “zer” jarri nahi izan dela “nor” elementuaren gainetik, eta zeharo baztertu direla “norekin” eta “norentzat”, jakina. Nouveau roman mugimenduak aurreratu zuen fenomenoa: Alain Robbe-Grilleten “Les gommes” (1953) nobelan pertsonak diluitu egiten dira, ez dago istorioa kontatzen duen inor, pertsonaiek apenas ez dute lur-eremu egonkorrik oinazpian, eta objektuak nagusi dira nobelan zehar. Neutroi bonbaren sindromea (1958) deitzen diot joera horri: N bonba jaurtikitzen denean ez da ezer apurtzen (H bonbarekin ez bezala), ez dago ohiko suntsiketarik. Pertsona guztiak hiltzen dira ioizko erradiazioaren erruz, baina bonba bota eta 48 ordura segitu ahal duzu jaten hildakoak utzitako platerean.

Gure garaia ez da ideia handiko garaia. Egungo garaiak pertsonon garaia behar luke izan; hala dio, behinik behin, Rubert de Ventos filosofo eta politikariak.

Hitz batean esateko, politika subjektibizatu behar dugu. Ideiek utzi behar diote elementu etereoa izateari; gorpuztu, haragitu egin behar ditugu ideiak, pertsonon iragazkitik pasarazi. Pertsonok izan behar dugu politikaren neurria, eta ez moldatu gizakiak estrategia makroekonomikoetara. Ezen borroka desigoal horretan pertsonak desegingo baititugu ekonomiaren engranajean. Grezia da horren paradigma europarra. Paradigma gehiago dira munduan zehar.

Agintariek, bitartean, ikusleak nahiago dituzte ekintzaileak baino, politika espektakulu bihurtu dute, eta espektadoreak behar dituzte, behatzaile hutsak. Arazoa da, baina, agintariek hartzen dituzten erabaki politikoek eragin zuzen eta bortitza dutela herritarrengan. Objektu izatetik subjektu izatera pasatzeko garaia da, eta horrek esan nahi du, batetik, nork bere burua gai ikusten duela erabakiak hartzeko, eta, bestetik, errealitatea aldarazteko gaitasuna duela begirada subjektiboa aplikatuta, fisika kuantikoan bezala. •