Maider EIZMENDI

TXONDORGINTZA, IRAGANAREN KEA HAUSPOTZEN DUEN LANBIDEA

Garai batean Lana ibarreko herritarrek bizirauteko zuten modu bakarra zen ia txondorgintza. Gaur egun Bilorian baino ez da mantentzen txondorrak egiteko ohitura. Uda iristean hainbat biztanlek jartzen dituzten ketan txondorrak eta herritarren oroimenak.

Egun eguzkitsu eta beroa dugu Bilorian. Herriko sarrera iragartzen duen karteltxoa gurutzatu baino lehen sumatzen da ia txokoak gordetzen duen sekretuaren usaina. Etxe artean gordeta dagoen plazatik bertatik ikusten da ehun metro eskasera eraikita dauden txondorretako kea eta giroan arnasten da haien arrastoa. Sarkorra izanagatik, soilik kanpotik bertaratutakoek sumatzen dute ia kedar usain hori, «herrian ohituta» daude-eta jada. Lana ibarrean mendeak daramatzate txondorrak egiteko usadioari lotuta. Garai batean, bertako herri guztietan zeuden ikazkinak; egun Bilorian baino ez dira mantentzen ofizio honen arrastoak.

Aurten lauzpabost herritarrek heldu diote eskarmentua eta, batez ere, pazientzia handia eskatzen duen beharrari. Horietako bat da Salba Remiro biloriarra. Las Eras izenez ezaguna den eremuan makina bat ordu eman ditu azken denboran. «Goizean goiz etorri izan bazineten, txondorretatik ke mordoa irteten ikusiko zenuten; eguna berotzen hasten denean ez dute apenas kerik botatzen», azaldu du, bere gisa txondorra zaintzen ari den bizilagun bat agurtzen duen bitartean. Itzaletan eserita dago hura, lo zorroan ia, baina zaintzen hala ere.

Bere txokora iritsita, Remirok azken orduetan egin duen lana erakusten du. Bezperan hustu du txondorra eta eguerdi parterako ia amaitu du bi egun barru pizteko asmoa duen egitura. «Su emateko prest dago jada», dio, txondorraren tximinia ikusteko gonbita egiten duen bitartean. Airoso igo da bera, gainerakoei gehiago kostatu zaigu. «Ohitura kontua da», saiatu da lasaitzen. Haurra zela ikasi zituen txondorgintzaren sekretuak: «Nire aita ez zen txondorgintzan aritu, lurra zuen eta nekazaritzan aritzen zen, baina nire osabak bai eta txikitatik ikasi genuen ia txondorrak egiten», aipatu du.

Herrian ia familia guztien bizibidea zen ikazkintza, izan ere, ereiteko lur gutxi zegoen, eta, aldean, berriz, artadi handiak. Remiro bera 14-15 urterekin hasi zen langintza horretan. «Hori izan zen ikasi genuen gauza bakarrenetarikoa», kontatu du. Orduan ez ziren egun dauden garraiorako tresnak eta egurra zegoen tokira joaten ziren, mendira beraz. «Sasoi hartan oso gogorra zen jarduna; mendian eman behar izaten genituen denboraldi luzeak, etxera inguratu ere egin gabe. Astean behin taldeko norbait baino ez zen jaisten asterako ogia erosteko», gogora ekarri du. Orduko kalamitateek egungo lan eskerga arintzen dute: «Orain egurra herrira jaisten dugu eta txondorra gertu izanda etxean egin dezakegu lo. Txondorrak daraman erritmoaren arabera, gauean behin edo bitan jaikita nahikoa da».

Ez dio txondorrak egiteri inoiz utzi, baina urteak eman ditu herritik kanpo: «Anaiek egiten zuten lehen eta udan etorritakoan haiei laguntzen aritzen nintzen». Erretiroa hartu eta denbora libre gehiago izatean erabaki zuen txondorgintzari gogorrago eustea, orain zortzi urte, udan beti: «Euriak ez digu mesede egiten, egur gehiago kontsumitzen delako; horregatik saiatzen gara udan egiten». Udaberri sasoia, lehengaia biltzeko sasoia da eurentzat.

Egur loteak

Herriko mendietatik ekartzen dute egurra. Baso handiak ditu Biloriak eta herritar bakoitzari egur sorta bat eskaintzen zaio, bai etxean sua pizteko bai txondorrak egiteko. «Ikatza egin nahi duenak egur hori erabiltzen du», aipatu du. Artea erabiltzen dute eurek, «ikatza egiteko hoberena» delako. «Gutxi pisatzen du eta zailtasun handirik gabe erretzen da; haritzak txispa handiak eragiten ditu, aldiz. Hemen jendeak artearen ikatza nahi izaten du».

Egurra tamaina desberdinetako zatietan ebakitzen dute. Zatirik handienak txondorraren barneko aldean kokatzen dituzte –erdian tximinia moduko zulo bat utzita–, eta, behin haiekin egitura sendoa osatuta, tamaina txikiagoko egur zatiekin inguratzen dute kono itxura emanez. «Ondoren egituraren inguruan harriak jartzen ditugu ikatza egosten ari den bitartean txondorra ez erortzeko; harrien gainean adartxoak jartzen ditugu, eta, azkenik, egitura guztia lastoz estaltzen da lurra zuloetatik barrena sar ez dadin», azaldu du pausoz pauso txondorraren barneko egitura deskribatuz. Kanpoko aldea begi bistan geratzen da, eta txondor guztia lurrez estaltzen da. «Lurrez ondo estaltzea guztiz beharrezkoa da, gainerakoan egurra erre egiten da egosi beharrean».

Tirriki-tarraka etengabe aritzen da lanean: «Honetan ere beste gauzetan gertatzen dena pasatzen da; beti dago egiteko zerbait».

Su eman ostean, egurra ikatz bilakatzeko prozesuak, oro har, hamar-hamabi bat egun irauten ditu: «Zulo asko egiten badiozu azkarrago erretzen da, baina neurria hartu behar zaio guztiz erre ez dadin». Behin txondorra piztuta, zaintza lana da ikazkinak egin behar duena, begiratu eta jaten eman: «Iluntzean egurra bota behar izaten diogu, gu bezala ‘gosetu’ egiten da-eta», dio barrez. Horretarako goiko txapela kendu, tximinian “betagarria” bota eta berriz ere estaltzen du. Txondorraren gainean jarritako eskaileran gora eta behera ematen du eguna, beraz, Remirok, erreparo handirik erakutsi gabe. «Hanka sartzen baduzu, gehienera ere galdarraztatu egiten zaitu», kontatu du, barrez, egituran gora egiten duen bitartean.

Lurrari eta keari tamaina hartu

Segituan atzematen da, Remiroren esanetan, noiz dagoen egur-ikatza guztiz egosita. «Lurrari eta keari atzematen zaio noiz dagoen prest». Eskarmentu kontua ere izango da.

Lanaren fruitua jasotzearen gozoa garratz xamarra da, Remiroren ustez. «Inolako zalantzarik gabe, txondorra hustu eta ikatza zakuetan sartzea da gogorrena. Azkar atera behar izaten da, baina erre ez dadin kontu handia izanda», azaldu du. «Normalean ez da halakorik gertatzen», zehaztu du, «baina ikatzak su hartzen badu ura bota behar zaio». Hori da, Remiroren ustez, herrigunean aritzearen beste abantailetako bat. «Lehen mendian ez genuen urik izaten eta asteetan egindako lana guztiz zapuztu ez zedin, sugarrak sortzean lurra bota eta bota aritu behar izaten genuen».

Osatu berri duen txondorraren bueltan kokatuta daude bezperan ateratako ikatz zakuak. Ez da arau matematikoa, baina biloriarraren esanetan, txondorrean jartzen den lau kilo egurreko kilo bat ikatz lortzen da gutxi gorabehera, kasu honetan, 1.500 kilo inguru.

Garai batean, mendian egiten zuten egur-ikatzak industria erabilpena zuen; «fundizioetan baliatzen zuten». Gaur egun, baina, jana egiteko erabiltzen da batez ere: kanpinetan, erretegietan eta sagardotegietan. «Kontua da ikatz gutxi egiten dela egun eta kanpotik ekarri behar izaten dela, Argentinatik, ekialdeko herrietatik... Hemengoa nahiago izaten dute baina askok, besteak beste txinparta gutxiago sortzen duela diotelako», dio.

Gazteak eta ohitura

Batera edo bestera, Bilorian ekoizten duten ikatza saltzeko arazorik ez dute. Ez du noski bizitzeko ematen, «lan handia eta etekin gutxiko zaletasuna» baita. Eskualdeari horren lotua dagoen usadioa mantentzeak ere ilusioa egiten dio Remirori: «Egia esan ez da lan erakargarri edo gomendagarria, baina gazteek testigua hartzen ez badute, ohitura honek ez du jarraituko, ez behintzat ikatza ateratzeko helburuarekin». Gaur egun, izan ere, txondorrak erakustaldi gisa osatzen dira batez ere. Remirok ere parte hartu du behin baino gehiagotan erakustaldietan. «Saran egin genuen bat eta ikastoletako gazteak etorri zitzaizkigun hura ikusi eta gure azalpenak entzutera», gogoratu du. Ez du baina Remirok irakasle sen handirik eta «egun guztian behin eta berriz azalpen berdinak ematen» aritu beharra ez zitzaiola asko gustatu aipatu du irribarretsu, ez behintzat beste gonbite batzuei heltzeko adina. Bere kasa ibiltzea gustatzen zaio gehiago, baina udan usadio honek tentatuta herrira bertaratzen diren kanpotarrei ere eman behar izan dizkie azalpen eta irakaspenak, baita jardun honen kontakizuna egitera joandako kazetarioi ere. Azalpenak amaituta, berriz ere txondorretara bertaratzeko prest agertu da, tirriki-tarraka lanean jarraitzeko.

Remiro eta txondorrak atzen utzi eta herritik ateratzean ohartu gara batez ere usainaren sarkorraz, etxerako buelta guztian sumatu baitugu Biloriako «usain berezi» hori arropan. Remirok ondo abisatua zigun elkartu bezain pronto: «Usaina etxeraino eramango duzue, ikusiko duzue». Usaina eta kontakizuna, biak ekarri ditugu.