Xabier Mikel Errekondo

Uda giro goria naziogintzan

Estatu espainoleko botereek nazio bat eta bakarra dute aitortzen, espainiarra. Hori ukatzen dutenak asko direla ezagutzea Madrilerako bidaietako sorpresatako bat izan da, oldarraldietatik nazio zanpatuak artifizialki josiaz sortua omen eta. Bada, naziogintzaz gure mugetatik hegoaldera pedagogiaren beharra badago ere, benetako afera Estatuko agintariekin dugu. Sua darion uda honetan jarriak ditugu begi bana Madrilera eta Kataluniara. Irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeetara zerrenda bateratua aurkeztu berri dute besteak beste herritar ezagun hainbatek; Pep Guardiola tarteko. Bejondeiela! Berehalakoa izan da ordea espainiar gobernukideen okada mindua. Pep Espainiako selekzioaren ospeaz baliatzen ari dela. Independentista izanik, jainko bakarra duela, «diruaren jainkoa», Barne ministroaren arabera. Kantzilerrak, aldiz, «Mas es menos»… Eta uste genuen Gobernuak ez zuela irudimenik... Hau maila! Madrileko kide katalanek dioten moduan, hauek bai independentista ekoizleak! Baina, Felipe Borboikoak argi ezarri du zelai jokoa: Espainia batua eta Konstituzioa. Gainera, Estatuaren euskarri nagusi diren bi alderdiek Segurtasun Nazionaleko Legea aldatu dute, Madrilek dekretu soil batez erkidego bateko gobernuaren agintea lapurtu ahal izateko.

Independentziarentzat ez dago inolako aldebiko akordiorako aukerarik. Mezu argia eta irmoa. Beste aukerarik ez eta aldebakarreko erabakiz aitzinera ekin diote Katalunian. Eta, klik batez bederen, begi biak jarri zaizkit ene herrira begira. Egoera ezberdinak omen, baina helburu berera iristeko ba ote beste biderik? Beste helmuga bat ote du buruan EAJk? Akaso, berriro ere, EAEn eta, orain baita, Nafarroan kudeaketa hutsaren pagotxa? •