Mikel Zubimendi

Azterketa seriorako kasua: nikefobia gure politikan

Garaipenaren jainkosa grekoa zen Nike. Ziztu bizian korrika eta hegan egiten zuen konpetizio denak irabaziz. Phil Knight enpresaria jainkosa horretan inspiratu zen Nike kirol arropa etxea sortzeko. Munduan aski ezaguna den enpresaren logotipoa, Nike jainkosaren hegoetatik sortu zuen. Kirol marka horren propaganda egitea ez da, ordea, lerro hauen funtsa. Nikefobia interesatzen zait niri, kirol psikologian “irabazteari beldurra” adierazteko ikertu den fenomenoa. Freud handiak esango zukeen bezala, “garaipenarekin porrot egiten dutenez” hitz egingo dut; izan ere, prozesu inkontziente bezala nikefobia euskal independentismoaren politikan errotuta ote dagoen susmoa dut.

Garaipenak beldurra ematen al du? Plaza publikora atera eta irabazteko anbizioarekin jokatzen dela esan ohi da. Euskal independentismoak egoera oso zailetan eusteko eta baldintza polit askoak sortzeko gaitasun izugarria erakutsi du. Baina, partida di-da batean itxi egin behar denean, estresari eta tentsioari eutsi behar zaionean, ez ote gara, behin baino gehiagotan, hankak dardarka hasi eta jokaldia ezin errematatuta geratzen? Edo beste hitz batzuetan esanda, erosoago al gaude norbera bere txiki-munduetan, “Purutasunaren Urrezko Baloiarekin”, gaizki ulertutako koherentzia erlijioso bati otoitz egiten eta konfort betean lo seko? Udara honetan ez dira faltan izan nikefobia sintomak. Zezenketen kontrako borroka kontu bat da, baina, Nafarroako ez dakit zein herritan bigantxa batek hil duen mutil gazteari gertatua “izorrai!” batekin kalifikatzea oso bestelako zerbait da. Athleticen garaipenak zoriontasun eztanda frenetiko betea sortzen duenean, justu orduan, futbola herriaren opioa dela eztabaida nekosoetan hastea ere nikefobia sintoma da. Donbassen Putinen defendatzaile izan behar da; antisionista eta antipetromonarkiko garenez, Sirian Assad beraren zale; eta, jakina, Tsipras “traidore” bat da. Ederrak patatiek! Feminismoan ala presoen aldeko ustezko zenbait dinamiketan ere ikusi dira sintomak. Nikefobiarenak?

Aberria nikefobiak jota ote dugun eztabaidatzeko, hori bai, aberriaz zer ulertzen dugun ere aztertu beharko genuke lehendabizi agian. Izan ere, txoritegi linguistiko betean dago “aberria” hitza, “askatasuna” edo “demokrazia” hitzak bezala. Ez dute esanahi unibokoa: esanahia eman egin behar zaie. Nire aberrian doinu ezberdinekin hitz egiten duten herritar naturalez lepo daude kaleak, adin ezberdinetakoak dira, barre egiten dute eta ondokoekin adiskidetu egiten dira, energia positiboa zabaltzen dute, kontuan hartuak izatea eskertzen dute. Badute orain eta hemen, munduko toki honetan, eta ez inon, ez beste inon, egoteak duen balorearen kontzientzia. Badakit nire aberriaren ideia ez dela denetan onena, ez dela posible den bakarra, baina sartu nahi duen oro batzeko gai den heinean, onena iruditzen zait. Herritarra delako, jendea duelako abiapuntu eta helburu, pertsonaren neurrian bizi delako, bizi-bizi eta biziki.

Zentzu horretan, nire aberriarentzat onena nahi dut, arrakasta, garaipena. Eta aukera denetan hoberena, independentziarena dela konbentzituta nago. Hartara, irabaztera ausartu eta garaipenari beldurra galdu behar zaiola uste dut. Zer da, baina, garaipenari beldurra galtzea? Errealitatea den bezala onartu eta errealitate horri aurre egitea da, ez gustatuko litzaigukeen errealitatea irudikatu eta bertan gozo egotea; argudio propioen purutasuna mantenduz, porrotetik porrotera noizbait irabaziko delakoan gauean lasai lo ez egitea da; oraingoan irabazten ez bada, hurrengo batean, datozen belaunaldiek irabaziko dutela ez onartzea da.

Errealitatera atxiki eta lagunarte justuago batetarantz urratsak eman behar ditugu. Jaso dugun herentziatik abiatuta, hura errentabilizatuz. Bide bazterrean inor uzteke. Nekatuta edo desilusionatuta geratu direnak erreskatatuz, zainduz eta goxatuz. Kontraesan printzipal eta sekundarioen inguruko eskola zaharreko irakaspenak zainduz, sektorialak diren kontu orotatik printzipioak egiteke. Egiturak berregitea da, gehiengo bilakatzeko borondatea duten akordioak lantzea, indar erlazio berriak behartzea, maniobrarako espazioak sortzea, zentzuz jokatzea. •