Isidro Esnaola

Hasi da dantza

Txina dantzan hasi da, eta gainontzeko estatuak laster hasiko direla ematen du. Kontua da musika aspaldi entzuten zela mundu mailako merkatuan, baina inork ez diola jaramonik egin nahi izan. Analistek Txinako ekonomian eta bertako gobernuak egin duen kudeaketan jartzen dute begirada. Arrazoi puntu bat izango dute. Dena den, azken egunetako mugimenduen iturburu bakarra zehaztea arriskutsua da. Eragin askok eta ezberdinek elikatu dute gaur egungo egoera; beste faktore batzuk gutxietsi gabe, garrantzitsua izan daiteke mundu mailan izan dugun musikaren erritmoan erreparatzea. Eta erritmoa diru jaulkitzeak jarri du.

Orain dela zazpi bat urte, Ameriketako Estatu Batuetan finantza krisia lehertu zenean –ondoren Europan jazo zen gauza bera–, dirua jaulkitzea izan zen krisiari aurre egiteko hartutako erabakia. Diruaren prezioa jaitsiz, hau da, interes tasak zeroraino eramanez, dirua erruz zabaldu zuten. Dolar berri eta merke horiek munduko ekonomiaren baitan erosahalmena handitzea ekarri zuten. Eta dolar horiek munduan zehar barreiatu ziren, mugarik gabe, denetarik erosten; ondare higiezinetatik hasi eta lehengaiak, merkantziak, burtsako baloreetaraino, dena erosten zuten. Erosahalmen gehitu horrek ekarri zuen prezioen igoera; ez bakarrik petrolioaren prezioarena, lehengaien prezioek ere izugarrizko igoerak izan zituzten. Hainbeste igo ziren garai hartan elikagaien prezioak nazioarteko erakundeek munduan zehar gosea zabaltzearen arriskuaz ohartarazi behar izan zutela.

Erosketa horiek guztiak tokiko monetarekin egin ziren, hau da, dolarrak tokiko monetetan trukatu ziren. Ondorioz, tokiko moneta horien gaineko eskaera igo zen, baita kotizazioa ere. Horrek tokiko erritmoari bere ekarpena egin zion: bertako moneta baliotsuagoa bihurtzen denean, merkantzia gehiago erosteko aukera zabaltzen da bertako herritarrentzat eta enpresentzat. Eta merkantzien munduko ekoizle nagusia Txina den neurrian, zeharka bada ere, erosteko ahalmen gehitu horrek bere hazkundea bultzatu zuen. Maila apalago batean, erosle horiek Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako merkantziak ere erosi zituzten. Diru jaulkitze hori egiteko helburua finantza sistemari likidezia ematea zela adierazi zuten orduan, hau da, «musikaren jarioa» bermatzea. Baina zeharka, mundu osoko ekonomiaren pizgarri izan da; nahi edo nahi gabe, beharrik izan ala ez.

Orain buelta dator. Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak dio interes tasak igotzeko tenorean dagoela, bertako ekonomiak eskatzen duelako. Aurten hasiko omen da interesak igotzen. Hori gertatzean, dolarraren kotizazioa igo egingo da eta, gainera, dirua bertan inbertituz, interesak igo egingo dira. Egoera horren aurrean, munduan zehar barreiatuta dauden dolarrak etxerako bidea hartzen hasi dira. Horrek dolarraren igoera eragin du, baita munduko moneta gehienek kontrako bidea hartzea ere. Bere garaian igoerak izan zituzten aktiboak, petrolioa eta lehengaiak esaterako, merkatzen hasi dira. Bataren zein bestearen eskaera gutxitu egin da, eta hori, batez ere eta lehenengo kolpean, munduko fabrikan nabaritu da.

Txinako ekonomiari beste arazo bat gehitu zaio: bere monetaren kotizazioa dolarri lotuta egon izan da. Azken horrek gora egitean, Txinako monetak ere gora egin ohi du. Txinako renminbi-ak, ordea, dolarraren kontrako norabidea hartu du, Txinako kanpoko salmentak are eta gehiago zailduz. Horregatik, hilabete honetan renminbi-aren kotizazioa finkatzeko sistema aldatu du Txinako Gobernuak, dolarrarekiko lotura ahulduz.

Munduko ekonomiaren erritmoa aldatzen ari da –begi-bistakoa da–, orkestrako zuzendariak hala erabaki duelako. Kapitalen mugimenduak askatasun osoa izateak ahalbideratzen du, aldebakarreko erabakien arabera, munduko estatuak dantzan jartzea. Txinako Gobernua saiatu da muga batzuk jartzen, baina begi-bistakoa da ez direla eragin kaltegarriak oztopatzeko nahikoa izan. Betiko lez, munduko pobreenek pairatuko dituzte ondorioak. •