Gaizka Amondarain
Irakaslea

Kamikazearena

Udan beti apur bat kamikazeago sentitzen naiz. Errazago ematen ditut pausoak eta errazago sartzen dut hanka, errazago erori eta errazago altxa, errazago gogoratu gauzak eta azkarrago ahaztu, bizitzak gutxiago pisatuko balit bezala. Bigarren Mundu Gerran, meta-anfetaminaz ipurtzuloraino, yankien kontra beraien hegazkinak lehertzen zituzten pilotu japoniarren ausardia bera sentitzen dut lantzean behin. Hain da laburra gure eguzkialdea bestela, ze galtzontzilo gabe ibiltzera ohitu orduko, artilezko galtzerdiak jantzi behar izaten ditudan etxean egoteko. Horregatik egiten zait hain erraza erabakiak hartzea eta erabakiak hartzeari uztea uda partean. Finean, bizitza abiadura bizian pasatzen den tren bat dela onartzeak ez didalako horrenbesteko kezkarik sortzen, gaur tropikal eta etzi siberiar esnatuko den hiri honetan. Gauero oheratzen naizelako pentsatuz; bihar ere horituko du eguzkiak han nonbaitetik. Edo Samuraien beste esaera zahar hura gogoratuz bestela: “Zergatik kezkatzen ditu beraien orrazkerak, burua moztuko badiete?”.

«Kamikaze» hitzak, jatorriari erreparatzen badiogu, «haize jainkotiarra» esan nahi du japonieraz. 1247an Kublai Khan enperadore mongoliarrak Txina osoa konkistatu eta bere ontziteria irla inbaditzera bidali zuenean, japoniarrak mongoliarren erasoalditik salbatu zituen tifoiari jarritako izena da, zehazki. Gerora, Mendebaldean, Bigarren Mundu Gerraz geroztik, beste modu batera itzuli eta ulertu izan bada ere. Historia nork kontatu; batzuentzat heroi nazionalak direnak gaurdaino, behin gerra galdurik bere buruaz beste egitera behartu zituzten gizagaixoak dira beste askoren akorduan. Etsaiaren nagusitasuna ikusirik edonola ere hiltzera kondenatuta zeuden eta egin zezaketen onena egin zuten pilotutzat ondratzen dira leku batzuetan, eta herrialdearekiko gehiegizko debozio irrazional baten emaitza tamalgarritzat jotzen dira beste batzuetan. Emaitza, egia esan behar bada, ez zen belarriekin txaloak jotzeko modukoa izan. Eguzkiari nondik begiratzen diozun, hemen ere. Ohore eta obedientzia erakustaldi gaindiezina, erokeria hutsaren aurrean. Arrazoia eta irrazoia. Uda eta negua. Enperadorea edo pilotua. Aurrera egin ala geratu.

2011ko irailaren 11n, Japoniako uretan izandako lurrikara eta tsunami baten ondorioz, Fukushiman gertatutako istripu nuklearraren ondorioak “konpontzera” bidalitako ingeniari, soldadu, suhiltzaile eta gainontzeko 800 brigadista haiek ere heroi nazionalak dira gaur uharteko biztanle askorentzat. Beste batzuen kakak garbitzera joandako kamikaze errukiorrak beste pila batentzat. Azken finean, eta hori da balio duena, alfonbrapean ezkutatzen den zikinkeria ikusi nahi ez izateko joerak elkartzen gaitu denok. Horrek, eta gure hezurrak gordeko dituen 2x1eko lurpeko zuloak. Hemen ez delako inor libratzen. Denok egin izan dugu noizbait bekaturen bat edo beste. Baina lasai egon zaitezkete aurrerantzean, zorionez; norbere puzkerrak usaintzea, azken ikerketek diotenez, ona omen da minbiziaren kontra. Beraz, badakizue, alolo egin aurretik, burua izarapean gorde eta ekin kamikazearena egiteari egunean behin gutxienez.

Esanak esan, eta gertatuak gertatu, Fukushimako zentral nuklearra berriro martxan jarriko dute hemendik gutxira, eta gu berdin berdin hartuko gaitu loak iparraldera begira jarritako ohe biskoelastikoan. Ez dun deus ikusi Hiroshiman. Ohore atomoaren heroiei, erreaktorea menderatua izan da. Txernobyl, Fukushima, Garoña eta munduan zehar barreiaturiko beste 440 lapikotzar horiek. Balentria handien lekuak denak.

Pentsatu gabe ikastea alferrikakoa zela zioen Konfuzio filosofo txinatarrak, eta ikasi gabe pentsatzea, arriskutsua. Japoniarren beste esaera zahar batek, gezurra badirudi ere, garaipenetik ezer gutxi eta porrotetik asko ikasten dela gogorarazten digu. Nik, gaur-gaurkoz, eguzkia gehiegi urrundu aurretik eta aukeratzen utziko balidate, Fukushimako erreaktorea itzaltzeko lanetan ibilitako ingeniariak guztiz horditurik Tokioko taberna bateko komunetan idatzita utzitako haiku hura nahiago nuke harri batean zizelkatzeko: “Azken orrira ailegatzen zarenean, itxi liburua”. Eta bitartean, kamikaze maiteok, gozatu udaraz geratzen dena. •