Saioa Iraola

Txarrantxa hesia

Urte osoko jardunean atseden hartuz oporretara etorri gara Iberiar penintsulako hegoaldera. Hondartzara iritsi naiz. Eskuoihala, hamaiketakoa eta eguzkitako aterkia lekutu, eta, Atlantikoaren beste aldera, itsaso urrunera begira nago; Maroko (Afrika) gertu bezain urrun ikusi eta sentitzen dut. Itsasoaren zabaltasuna, irekitasuna estutzen da Gibraltarko lur muturrean, inbutu bilakatuz.

Hemezortzi ontzi eta 3.000 migrante artatu dituzte Libiatik gertu Italiako kostazainek, Ceutara ehunka hegoaldeko saharar iritsi dira itsasontzi batean; haurrak eta haurdun dauden emakumeak dira horietatik asko... Gisa horietako albisteak etengabe irakurtzen eta entzuten ditugu komunikabideetan. Entzungor egiten dut maiz, inpotentziaz bizi ditudan giza eskubideen urraketa horiek “urrun” gertatzen direla sinetsaraziz eta guztiz inpertsonalizatuz. Baina egun hauetan inoiz baino gertuago sentitzen ditut.

Itsaso zabala alde batean; txarrantxa hesia, goma pilotak, negar gasa, kanporaketak eta polizia bestean. Bizibeharra eta nahiaren aldeko bidaia batean, eta, bestean, mugen militarizazioa sustatuz, Europako herrialdeek dituzten interes ekonomiko eta demografikoen araberako migrazio politika ez bateratu hiltzaileak.

Herrialdeetako mugak hilerri eta gotorleku itolarri bilakatzen ari dira Europan herritar askorentzat. Izan Mediterraneoko mugetan edo izan Europa hegoaldetik iparraldeko lurraldeetara iristeko asmoz, aste honetan bertan Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan ikusi bezala.

Elita Edehi emakume nigeriarra ere muga politikek bahitua dute Hendaian, Nigeriatik ihesi, lesbiana izateagatik hamalau urteko espetxe zigorrera kondenatu dutelako. Sorterritik AEBetara, bertatik kanporatua Frantziara eta, orain, asilo politikoa ukatu eta Estrasburgoko epaiaren zain daukate erretentzio zentro batean. Bizitzaren eta askatasunaren bideko ataka itxiarazi diote.

XXI. mendea, globalizazioaren aroa: informazioaren zein merkantziaren mugikortasun askeak ezaugarritzen duten aro honetan, herritar batzuek muga-hesiak irekita ditugun bitartean beste batzuek ez dute oporrik, ez mugimendu askerako aukerarik ere. Txarrantxa hesien gatibu dira. •