Koldo Sagasti

Beldurra

Beldurra izango zen, seguruenik, 4.000 haurren gurasoak euren kumeak “Habana” itsasontzian bidaltzera bultzatu zituena. 1937. urtea zen eta, gerraren ikaraz, milaka euskaldunek umeak Santurtzitik Britania Handira ontziratzeko erabaki latza hartu behar izan zuten, bertan aterpea bilatuko zutelakoan. Eta Gobernuarena ez, baina gizarte britainiarraren babesa bai, jaso zuten. 1948an gudaroste sionistek Deir Yasin herrian egindako sarraski ankerra akuilu izan zen ia milioi bat palestinarrek erbestera alde egiteko, beldurraren beldurrez.

Miseria, gosetea eta gerratearen beldurrez saiatzen dira milaka lagun Melillako hesi zorrotzak zeharkatzen. Eta Mendebaldeko estatuen esku-hartzeak Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako zenbait herrialdetan eragindako gerra egoeraren beldurrez egiten dute ihes milaka eta milaka lagunek lasterketa etsi eta zoro batean.

Bestalde, Mendebaldeko agintariek eta hedabide hegemonikoek ere errefuxiatuen aurkako beldurra elikatzen dute. Lana lapurtzera eta gure gizarte zerbitzuen kontura bizitzera datozela diote, asmo txarrez, gure gizarte eredua kolokan jartzera nonbait. Eta beldurraren diskurtsoak etekinak eman ditu. Ikusi besterik ez dago Javier Maroto edo Xavier Garcia Albiol bezalako pertsonaiek arrazakeriaren mamua astinduz euren ibilbide profesionaletan izandako gorakada.

Beldurra oparitzen digute, eskubide zibil eta politikoetan ezarriko dizkiguten murrizketak errazago irents ditzagun. Baina beldurraren estrategia porrotera kondenatuta dago, izan ere, ezin dira alderatu pribilegioak arriskuan ikusten dituztenen beldurra eta heriotzatik ihesian datozenena. Bizirauteko grina beti gailenduko zaio pribilegiatuen ezinegonari. Horregatik, alferrik ari dira landari hesiak jartzen. Izan gaitezen zentzudun. Garai batean “Habana” ontziko haurrek jaso zuten abegikortasuna ematea guri dagokigu orain. Izan gaitezen haientzako aterpe. •